Mutiloan txerria eta txerrikia izango dira protagonistak igandean, Mutiloako plazan, pilotalekuan eta bere inguruetan. Mutiloarren ezizena txerrigorria izanik, txerria ohoratzen dute azaroko lehenengo igandearekin batera. Zazpigarren edizioa da aurtengoa.
Azokaren irekiera 10:00etan egingo dute. Goiz osoan zehar, txerri erretzen ariko dira, jatorri desberdinetako ekoizleen txerrikiak salgai izango dira (jatorri desberdinetako ekoizleak, kultura bakoitzeko ohituretan oinarrituak), txerri erakusketak, odolki eta txorizo dastaketak, eta urdaiazpiko mozte erakusketa eta dastaketa izango dira besteak beste.
Umeak asto gainean ibiltzeko eta pastak egiteko aukera izango dute goizean zehar.
Erakustaldia, bazkaria
Eguerdi partean, 12:00etan, odolkiak egiteko erakustaldia ikusteko aukera izango da batetik, eta txerriaren pintxoak dastatzeko aukera bestetik. 14:30ean, herri bazkaria egingo dute.