Adiskidetzea’ eta ‘Elkarbizitza’ txanponaren aldeona eta alderantzia bezala dira. Oraindik denbora asko ez dela, Juan Maria Uriarte gotzain emerituak eta Luis Haranburu Altunak artikulu bana plazaratu zuten. Uriarte gotzaina adiskidetzearen alde mintzatzen zen; Luis Haranburu, aldiz, bizikidetzaren alde. Baina benetako bizikidetza eraikitzeko ezinbestekoa da adiskidetzea. Horregatik, bi termino horiek banandu ezinak dira.
Ez nator bat Luis Haranbururekin; haren ustez, teologiaren eremuko terminoa da ‘adiskidetzea’. Ez da horrela. Apurtu zena berriro konpondu eta jostea esan nahi du adiskidetzeak, edozein eremutan dela ere. Adiskidetzerik gabeko bizikidetzan posible da elkar gorrotatuz bizitzea ere. Luis ez da, nonbait, horretaz ohartu.
Luisek, eta beste batzuek, esango dizute elkarrekin bizitzeko nahikoa dela errespetatzea. Horixe bai anbiguo geratzen dela! Zer da errespetatzea? Indiferentzia edo gaizki ulerturiko tolerantzia? Goizero okindegiko atean ikusi eta elkarri begiratu ere ez egitea? Hori ote da errespetatzea?
Ez dakik norengatik dioen Luis Haranburuk: «Biolentzia baten eta bestearen biktimak zeinezkorik gabe pilatu». Espresioa ez zait batere gustatzen, oso itsusia da. Beste hau esan beharko litzateke: «Biktima guztiek merezi dute egin zaien kaltea ordaintzea, guztiek!». Izango dira krudelkeria handiagoa edo txikiagoa nozitu dutenak, baina ez dira biktimak «kolore» politikoaren arabera.
Ondo berezi behar omen dira ‘etsaia’ eta ‘kontrario’ politikoa. Hori esan beharrik ere ez dago. Etsaiak norberak asmatzen ditu bere ekintzak justifikatzeko. Adiskidetzeak errotik konpontzen du problema hori, eta ez du deskartatzen aurrean dudana, denborarekin, ‘beste Ni bat’ bezala ikustea.
Bestalde, Luis beldur da erantzukizun politikoak ez ote diren diluiturik geratuko. Erantzukizun politikoak ez dira inoiz diluitzen: egin dituen ekintza guztien erantzule da bakoitza, betiko; horrek ez du, oztopatzen, ordea, adiskidetzea, sufrimendua sortu duen mekanismoa desagertu denean, eta bide hori betiko uzteko erabaki sendoa badago. Eta, aditu guztien arabera, hala dago.
Ahalmen handiak ikusten dizkiot nik adiskidetze-prozesuari: gogoeta errazten du, eta, ondorioz, bakeak egiteko posibilitatea ugaltzen. Bide exijentea da adiskidetze-prozesua. Egindako kaltea, erresistentziarik igabe, aitortzea eskatzen du. Baina erabat horra murriztu gabe egin behar dela ohartarazten gaitu. Beti da bat, noski, egin zuen hura baino gehiago.
Hain zuzen, adiskidetu gabe ez dago elkarbizitzarik. Alde horretatik, arrazoi ematen diot Juan Mari Uriarteri. Egia da demokrazia ezberdinen arteko bizikidetzan oinarritzen dela, baina adiskidetu ezean, elkarren ondoan bizizko gara; ez elkarrekin. Ez dago, jakina, kontrario politikoa besarkatzeko edo lagun moduan tratatzeko obligaziorik; behin ere ez da gaizki etorriko, ordea, erlazioak hobetzeko prest egotea.
Nire ustez, elkarbizitza lauzpabost gauza sinpleetan oinarritzen da: elkarri diosala egin, kortesiaz jokatu, bilera eta eztabaidetan maltzurkeriarik gabe erantzun elkarri, bestearen ideia politikoak errespetatu… Hori eginez gero, ipiniak daude oinarriak.