Mikel Arriaran Ehunzango batukada taldeko kidea da. Mila lagunen danborrak gidatu berri ditu Urretxun.
Urretxu-Zumarragako Ikastolak batukada erraldoi batekin ospatu du aurten Euskararen Eguna. Eta, batukada horren zuzendaria Mikel Arriaran Iraeta (Zumarraga, 1985) izan da. Ehunzango batukada taldeko kidea da, baita Samba Dzanga taldekoa ere. Perkusionista da bera, bateria jotzailea. Talde gehiagotan ere ari da, esate baterako, Klakson taldean.
Ikastolak antolatutako batukadan mila bat danbor eta bestelako tresnen hotsak ordenatu zituen: «Jotzaileak taldeetan antolatu, eta bakoitzari argi utzi nion zein zen beren esaldia eta zer egin behar zuten». Danbor handiek abiadura ematen dute, kaxek danbor handiekin lotura estua dute eta oinarrizkoak dira abestiak aurrera egin dezan, «bestela esanda, danbor handitik txikirako bidean, handiak du garrantzia gehien; txikienak ez dira ezinbestekoak eta abestia janzteko erabiltzen dira. Benetako erritmoa handiek ezartzen dute».
Batukadaren jatorria Brasilen badago ere, sustraiak Afrikan daude. Honezkero batukadaren esanahia hutsaldu dela dio Arriaranek: «Ikusgarrienarekin geratzen gara, baina benetako batukada askoz gehiago da». Brasilen etxeetan egiten dira batukadak, Euskal Herrian kantuan egiten den bezala. Danborren, edo dena delakoen gainetik, kantatu egiten dute brasildarrek ere. Afrikan danborrak erritualekin lotuta daude, eta erritualetan dantzatu egiten dira eta abestu egiten dute.
Arriaranek, hemen egin ohi den batukadari buruz dio, «ez dugu abesten, danborren durundarekin geratzen gara».
Arriaranek Brasilen egiten den Sanbodromoa, sanba eskolen desfilea eta lehiaketa, ekarri du gogora. «Aberatsen eta eliteen testuingurura eraman dute sanba, baina erroak Brasilgo auzo txiroetan daude eta indarkeria gordetzen dute danbor hotsetan. Jotzeko garaian agerikoak dira indarkeria zantzu horiek, baita han berezkoa duten alaitasuna ere».
Ehunzango batukada
Orain hogei bat urte inguru, Bilbon (Bizkaia) bizi zen mutil bat Brasiletik bueltan ikastaro batek egin zuen Urretxu-Zumarragako Ikastolako orduko antzokian. Parte hartzaile gehienak legazpiarrak izan ziren eta Legazpin sortu zuten lehenengo batukada taldea, gerora Ehunzango izango zena. Arriaranek gogoratu duenez, «ez zuten jotzeko tresnarik, bateria zatiekin hasi ziren. Gogo itzela zuten eta ikastaro bakarrean ikasitakoa kalean jotzen hasi ziren».
Arriaran beranduago batu zitzaien, 18 bat urterekin. Inauteri sasoian Sekundino Esnaola musika eskolakoei ikasleekin batukada bat egitea otu zitzaien; Arriaranek parte hartu zuen. Ehunzangokoei atera zuten soinua gustatu, eta batukada taldera batzeko eskaera egin zieten. Urte asko dira ordutik eta honezkero kide asko etorri eta joan da taldetik. Orain, dozena lagun inguru aritzen dira astelehenero Urretxun duten egoitzan. Legazpiar kopurua jaitsi da, baina ordiziar eta beasaindar batzuk joaten dira astero batukada entseguetara.
Orain estilo aldaketa prozesuan daude, «Brasilen egiten denaren %10 baino ez dira sanba bizkorra eta reggae sanba. Askoz estilo gehiago dago eta guk berritzeko gogoa dugu». Esate baterako, maracatu estiloa lantzen ari dira, «Beste era batera jotzen ikasten ari gara, maracatu estiloa herriari lotuago dago. Hemendik gutxira funkie-a ere joko dugu». Erritmo zein estilo berrietara nola heltzen diren galdetuta, Internet aipatu du Arriaranek: «Egun dena dago sarean eta handik edaten dugu. Tutorialetatik, adibidez». Hala eta guztiz ere, era klasikoari eusten diote, hau da, musika jarri eta entzuten diotenari jarraitu.