Lehenengo urtea du Jon Ander Insausti (Mutiloa, 1992) txirrindulariak profesional mailan, Murias talde sortu berriarekin. Ziklo-krosean oso emaitza onak lortu ditu: Gipuzkoako txapeldun izan da, eta hirugarren geratu da Euskadiko txapelketan. Hilaren amaieran, berriz, errepideko denboraldia hasiko du.
Nondik datorkizu txirrindularitzarako zaletasuna?
Txiki-txikitatik dut zaletasuna, anaiak eta lehengusuak ere txirrinduan ibiltzen baitziren. Joko modura hasi zen: herri inguruan lasterketak egiten genituen, eta ni haien atzetik joaten nintzen, jarraitu nahian. Gutxika afizioa sortu zitzaidan, eta bide horretatik jarraitu dut. Zorionez, aurrera egiteko aukera izan dut.
Murias taldearekin hasi berri zara. Zer moduz?
Oso gustura. Hasi berria da taldea, aurtengoa izango da lehen denboraldia, eta gogotsu gaude. Aste honetan kontzentrazioa izan dugu Benidormen, errepideko denboraldia hasi aurretik.
Profesional mailan exigentzia maila altuagoa izango da, ala?
Bai, noski. Exigentzia maila totala da, eta dena eman beharra dago. Gogorra da, baina gure lana da, eta horri eutsi behar diogu. Edozein lan da gogorra.
Nolakoak dira zure entrenamenduak?
Normalean bakarrik entrenatzen dut, eta tarteka baita Lazkaoko Garikoitz Bravo taldekidearekin ere. Taldekide guztiak oso gutxitan elkartzen gara, hilean behin edo. Zaldibiako Xabier Murielek entrenatzen nau, eta berak prestatzen dit programa. Gehienez egunean bost edo sei orduz entrenatzen dut; egun lasaia tokatzen zaidanean, berriz, pare bat orduz.
Ziklo-krosean oso emaitza onak lortu dituzu.
Ez nuen espero, egia esan, eta gustura nago. Murias taldea errepidekoa den arren, beraiek eskatu zidaten ziklo-krosa ere egiteko. Azken finean maila ez denez hain altua, emaitza onak lortzeko aukera ematen du, eta hori taldea ezagutzera emateko modu bat da. Dena den, helburu nagusia errepidean ongi ibiltzea da, eta ziklo-kroseko entrenamendua ongi etortzen da errepiderako ere.
Errepidea ala ziklo-krosa duzu nahiago?
Errepidean gozatzen badut ere, ziklo-krosa da nire benetako pasioa. Entretenituagoa da, motzagoa eta intentsoagoa. Gehiago gozatzeko aukera ematen du. Errepidea askotan monotonoa izaten da, baina egia da bere xarma ere baduela, eta nik asko gozatzen dut.
Txirrindularitzan zein dira zure indarguneak?
Errepidean, erloju kontrako lasterketetan eta lautadetan ongi ibiltzen naiz. Aldapan gora ere ongi, baina nire neurrian. Orain, profesional mailan, zailagoa izango da aurrean ibiltzea, baina dena emango dut.
Zein da denboraldi honetarako duzun erronka?
Taldearen lehenengo urtea izanik, eta enpresak apustu serio bat egin duela ikusita, gustatuko litzaidake garaipenen bat lortzea. Arrazoi bat eman nahiko nioke taldeari gugatik egin duten apustua justifikatzeko, eta eskerrak emateko. Garaipenak lortzeko gaude hemen.
Orain arteko garaipenetatik, zein da gehien poztu zaituena?
Denak izaten dira bereziak, baina 2009an Espainiako ziklo-kros txapelketa irabazi nuenekoa dut gogoan. Inflexio puntu bat izan zen, gauzak ondo eginez gero ongi ibiltzeko aukera nuela ikusi nuen.
Noiz hasiko duzue errepideko denboraldia?
Urtarrilaren 28an izango dugu lehen lasterketa, Mallorcan. Han ez da bromarik izango, serio hasi beharko dugu.