Ia hogei urte daramatza Etor Mendiak prestatzaile fisiko lanetan, eta kirolari andana pasa da jada bere kontsultatik.
Prestatzaile fisikoa da Etor Mendia lazkaotarra. Entrenatzen dituen kirolarien emaitza onek eraginda izen ona lortu du berak ere azken urteetan. Horren erakusle da, esaterako, duela bi urte Asegarceko pilotariak prestatzeko jasotako deia. Mendiaren lana, ordea, aspalditik dator.
Lazkaotarrak 1996an jarri zuen martxan Kemen zentroa, kirolarien errendimendua hobetzeko helburuarekin. Lema garbia zuen garai haietan Mendiak: «Prestaketa fisikoa bai, baina osasuna zainduz». Pentsaera horri jarraituz ireki zuen zentroa. «Bakoitzaren ezaugarriei egokitutako prestaketa fisikoa eskaintzea zen gure helburua». Gaur egun ere bide beretik jarraitzen dute.
Hasiera «zaila» izan zela gogoratzen du Mendiak. «Goierrin kirolari asko egon da beti, baina 90eko urteetan prestatzaile fisikoaren irudia ez zen ohikoa». Hala, harresi hura botatzea izan zen hasierako erronka. Ate asko jo behar izan zituzten, eta saiakera berezia egin zuten kirola era osasuntsuan egitearen beharraz ohartarazteko.
Gaur egungo egoera oso desberdina da, ordea. Mendiaren esanetan, gero eta jende gehiagok egiten du kirola prestatzaile fisikoaren laguntzarekin. Hori bai, konpetentzia ere sortu zaio inguruan. Banakako kiroletan eta iraupen luzeko probetan aritzen diren kirolariek jotzen dute, gehienbat, Kemen zentrora: korrikalariak, txirrindulariak, herri kiroletan aritzen direnak…
Maratoiak prestatzera
Dena den, boladak izaten direla azaldu du Mendiak. «Nik entrenatzen dudan norbaitek errendimendu altua lortzen badu, kirol modalitate horretako jende asko etortzen zait».
Asegarceko prestatzaile fisikoa denetik, esaterako, pilotari asko joaten zaizkiola argitu du. Bestalde, proba jakin batzuetarako ere jende ugarik bilatzen du prestatzaile fisikoaren laguntza. Donostiako maratoia, Zegamakoa eta Ehunmiliak proba dira horietako batzuk, baita Quebrantahuesos txirrindulari lasterketa ere. Bakoitzaren helburuei eta ezaugarriei egokitutako entrenamendua antolatzen die Mendiak berarengana jotzen dutenei. Kemen zentroko medikuak bezeroen osasuna aztertzen du, eta medikuak pasatako informazioaren arabera, bezeroaren helburuak betetzeko bide «egokiena» erabakitzen du Mendiak. «Kontuan hartzen ditut bezeroaren adina, osasuna, zein den egunero egiten duen lana, entrenatzeko duen denbora… eta horren arabera prestatzen dut entrenamendua».
Helburu «handiegiak»
Bezeroei errealitatea erakustea ere egokitzen zaio lazkaotarrari sarri, helburu «handiegiak» jartzen baidizkie askok euren buruari. «Norbaitek lasterketa bat halako denboratan egin zuela, eta haiek ere hori lortu nahi dutela esanez etortzen dira batzuk, beren baldintzak kontuan hartu gabe». Azken orduan mirari eske etortzen direnak ere badira Mendiaren esanetan. «Maratoi bat, esaterako, ezin da lau astean prestatu».
Mendiaren hitzetan garrantzitsua da norberaren mugak ezagutzea eta errespetatzea. «Kirola ona eta osasuntsua da, baina neurrian egin behar da, dena bezala», adierazi du. Belauneko lesioa duenari, esaterako, ez zaio maratoian parte hartzea komeni.
Bezeroak bakoitzaren mugez ohartaraztea izaten da lazkaotarraren borroka nagusia, egin nahi duten hori ez zaiela komeni sinestaraztea.
Bestalde, kirolak norberaren bizitzan hartzen duen tartea ere faktore garrantzitsua da. Izan ere, osasun fisikoa bakarrik ez, osasun psikologikoa hobetzeko ere tresna egokia da kirola Mendiaren ustez, estresari aurre egiteko eta eguneroko arazoak apur batean albo batera uzteko balio baitu. «Kirola egin beharrak gure egunerokoa are estresagarriagoa bihurtzen badu, ordea, helburuak egokiak ez diren seinale da». Kasu horietan helburu baxuagoak jarri behar direla uste du.
Internet sareari dagokionez, berriz, Interneteko informazioari kasu gehiegi ez egiteko gomendatzen du Mendiak. «Interneten informazio asko dago, baina orokorra; sarean agertzen diren planek ez dute denentzat balio». Hain justu, hori da Kemen zentroan saihestu nahi dutena: entrenamendu orokorrak aplikatzea edonori. Bakoitzak bere baldintzen araberako entrenamendua egin beharko lukeela sinesten dute, osasunagatik.
Asegarceko pilotariak prestatzen ditu
Duela bi urte jaso zuen Etor Mendiak Asegarceko pilotarien prestatzaile fisikoa izateko gonbidapena. Gaitasun fisikoak garatzea eta lesioak saihesteko prebentzio lana egitea dira lazkaotarraren eginbeharrak. «Pilota kirol esplosiboa da, eta garrantzitsua da indarra, erresistentzia eta abiadura garatzeaz gain, ahal den neurrian lesioak saihestea».
Tolosako Berazubi futbol zelaian eta bertako gimnasioan lan egiten du Mendiak pilotariekin, astean bitan. Entrenamenduen plangintza, berriz, ia asteka egiten dute, pilotariek ez baitute aurrez jakiten zenbat partidu jokatu beharko dituzten eta noiz.
«Gustura» dabil Mendia pilotariekin. «Mutilek lanerako prestutasuna eta gogoa dituzte, eta sasoia ere bai». Esaterako, Jon Ander Albisu ataundarra dago Mendiak prestatzen dituen pilotarien artean.