«Mundura atera, gure mugak apurtu, diskriminazio kontzeptuarekin amaitu eta gazteen ikuspegia aldatu; beste herrialde batzuetako gizartea eta kultura ezagutzen da, dauden ezberdintasunak eta berdintasunak, eta Europar tolerantzia lantzen da. Aniztasuna lantzeko eta garatzeko oso programa aberatsa da Erasmus+». Halaxe zehaztu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Erasmus+ programaren ardura duen Kaebnai elkarteko Alvaro Pelayok.
Europar Batasunak programa honetan bildu ditu orain arteko zazpi mugikortasun programa, eta Kaebnai elkartea arduratzen da programa horiei buruzko informazio emateaz. Besteak beste, hitzaldien bidez egiten dute hori, bihar Beasainen (Igartzako jauregian) egingo duten bezala.
Egun osoko jardunaldia izango da, bi txanda izango dituena: goizekoa eta arratsaldekoa. Goizeko saioa informatiboa izango da, gazteei eta euren gurasoei zuzenduta, eta arratsaldekoan proiektu ezberdinen inguruko azalpenak emango dituzte. Goizeko saioa 11:00etan hasiko da eta gazteek eskura dituzten ekintzen eta aukeren berri emango dute. Ordu eta erdiko saioa izango da eta atsedenaren ondoren Europar Bolondres Zerbitzua eta Gazte Trukaketak azalduko dituzte, 13:00etan.
Arratsaldeko saioa 16:00etan hasiko da eta Erasmus+ programaren aurkezpen orokorraren ondoren proiektuen sorkuntzan sakonduko dute ordu betez (16:30ean hasita). Jardunaldiaren amaierarako gorde dute parte hartze gehien sortu dezakeen zatia. Izan ere, 18:00etan hasi eta ordu betez, proiektu praktikoen inguruan hitz egingo dute. «Ideia edo proiektu bat garatu ahal izateko edo diseinatzeko zein aukera dituzten azalduko dugu eta lantegi txiki bat egingo da, jardunaldian parte hartuko dutenen artean ideia ezberdinak transmititzeko». Azken atal honetan Europa mailako «proiektuak eta errealitateak» ezagutzeko aukera izango dute gazteek.