Nire lagun den Enrique Zaldua zumarragarrak Mikro Irekia ekitaldia antolatu zuen otsailaren 13an, Urretxuko Santa Barbara aterpetxean. 21:00-etan hasi zen ekitaldia, jende gutxi hurbildu zen bertara, 15 bat pertsona, eta bertaratu nintzen hartan, nire jarduna labur izan bazen ere, esperientzia hau ikusteko, sentitzeko eta bizitzeko aukera izan nuen. Gauza da bertaratzen zen guztiari mikroa eskaintzen zitzaiola, abestu, errezitatu edo antzezteko egokiera emanez. Baina, tamalez, inor gutxik hartu zuen mikroa, Enriquek hartu zuen, gehienbat, eta neuk unetxo batean, eta hala osatu genuen hango saiakera.
Nik, hementxetik txalotu nahi dut Enrique, txalotu nahi dut berrikuntzaren keinua hemen eskaini izana, gure herrian, urraturiko bide berrian aitzindari eta bide-erakusle izanez, ondotxo baitakigu bideak irekitzea, aukera berritzaileak eta arnas guneak gizarteari eskaintzea zaila gertatzen denean, batez ere ohiko topikoetan erortzeko joera dugunean, gizartean, gehiengoak dionari kasu eginez, mozkorren gisan, zabuka eta edonora joz.
Beti miresten dut ekimena erakusten duen herritarra, bere bidean zerbait berria erakutsi nahian dabilena, honako pertsonek beti dute nire errespetua. Egun, sentiberatasunez aritzea, norberak maite duen disziplina lantzea eta jendeari ezer erakusteko bide asko daude, baina adorea behar da sorturikoa erakusteko eta ditugun konplexuak gainditzeko. Apala izatea beti goratu dudan bertutea da, sortze-prozesuan oso kontuan hartu behar baita, batez ere ikasten, harremanetan jartzen eta gure barrua besteei azaleratzen gabiltzan bakoitzean, baina sarri ezer besteei erakusteko okasioa izaten denean, hor agertzen da zalantza, izan ere, pertsona askok apaltasunez sortzen dutena gordetzen baitute, eta inoiz, etxeko inork animatuta, aurkezteko ilusioa piztu eta erakusteko hautua egin badute, lanaren inguruko komentario ziztrinik egiten duen inor agertuta, porru eginda bere etxera joan den asko ezagutu izan dut. Halakoak gara, tristea da esatea, baina ezjakinak gara, ahobero galantak, sortzen duen hartaz horrela aritzen garenean.
Mikro Irekia ez da, nire ustez, Ameriketan boro-boro egon eta hona inportatuta arrakasta izan dezakeen ekitaldia, baina niri zerbait erakutsi dit, Enriquek dion bezala, «Mikro Irekiak»-ek kaleko jendeari bere sormena erakusteko aukera ematen diola eta ahalegintze hutsa txalogarria dela, eta jakina, sortzaileek babesa merezi dutela. Noski, norbaitek ezer eskaintzen ari denari barre egiten dionean, egon ziur, ehuneko handi baten kasuan, sortzen ari dena egiteko ausardia ez duelako dela. Horrelakoa da gure barrua, askotan, eskasa. Eta barre egiten ari direnak zer egin ez jakin eta besteen lepo ondo barre egiten badabiltza, nola lortuko dugu jendea oholtzaratzea?
Mikro Irekia gure gizartearen metafora adierazgarria da, batetik, hezkuntzan eta gizarte honen baloreen heziketan aldaketak eskatzen ari den gizateriaren sinboloa, eta bestetik, predikatzen duguna ez bete eta bestelakoak egiten ari garen gizakion ikur antzua. Enriqueri irakurri diot tabernen eskaintza zabalagoa izatea gustatuko litzaiokela, jakina, eta gure elkarte gastronomikoena eta kulturalena, eta gazteak, haurrak eta gure aiton-amonak ere dauden guneena, izan ere, gure dohain eta talentuak elkarrekin partekatzeko aukerak ireki behar ditugula iruditzen baitzait, edonon gure lotsak eta beldurrak uxatzeko.
Gure gizartean egunero dugu bide bat urratzeko aukera, etengabe eskaintzen zaigu erabakiaren mikro irekia. Zinezko ikuspuntua ematea oso kostatzen zaigu eta biziak ematen dizkigun aukeratan, gardenki eta naturalki jokatzeko okasioari ezin diogu muzinik egin. Hargatik, bakoitzak bere eremuan norberaren benetako izana agertuz, Mikro Irekia-n balego bezala, ahotsa goratzen erakutsi behar du.
Beraz, hurrengoan, ezer erakusteko baduzu, ez huts egin zeure buruari, zatoz, beldurra garaitu eta mikroa hartu, hantxetik zerbait berria irekitzen entzungo duzu/dugu: zure bihotzaren ahotsa. Eskerrik asko.