Amak, haserre, zazpi urteko semeari: «Ume, ez dut gogoko zu inor jotzen hastea, baina jasotzen duena beti zeu izatea ere… Jotzen bazaituzte, itzuli kolpea, eta kito! Nahikoa da eta!». Ubelduak batean, hortz marka itsusiak hurrengoan, arrastadak nonahi noiznahi… Ama urduri izaten zen egunero, semeak zer-nolako itxura ekarriko zuen zain. Bazekien haurrak geldikorrak izaten direla berez, baina ez litzateke hainbeste kezkatuko semeari gertatzen ari zitzaiona arazo bihurtzeko bidean zegoela irudituko ez balitzaio.
«Umeen kontuak» entzuten zuen hitzetik hortzera jolastokian, semearen bila joan, eta oinazeren batekin agertzen zenean. Berari, ordea, «gizartearen kontuak» zirela iruditzen zitzaion. «Zer ari gara egiten gaizki?», pentsatzen zuen berekiko.
Luzeak izaten ziren semearekin izandako elkarrizketak. Sarri askotan, elkarrizketak baino gehiago, bakarrizketak zirenak. Mutikoak, berriz, bere kontua izango ez balitz bezala begiratzen zion amari, begi irtenekin. «Zurekin gertatzen dena ez da normala, seme! Zergatik ez zara kezkatzen? Egizu zerbait! Erreakzionatu, mesedez!», botatzen zion, bere onetik irtenda. Semearen erantzun hitzak urriak izaten ziren. Behin, Pedro gelakideak begia more-more zuela bidali zuen etxera. Amak ezin zuen sinetsi. «Baina, baina, baina… hau posible ote da? Eta zer esan du andereñoak? Eta zuk? Ez diozu erantzun? Mila bider esan dizut… eman bueltan!». Mutikoak, ordea, bere logikarekin erantzun zion, xalo: «Nola joko dut, ba, nire laguna da eta!». Hitzik gabe geratu zen ama.
Inoiz ez zuen jakin zergatik gertatzen ziren horrelakoak. Ez zekien guztiak bat ari ote ziren bere semearen aurka. Ez zekien zergatik ikastetxeak ez zuen irtenbideren bat bilatzen. Ez zuen ulertzen zergatik izan behar duten bizitza honetan jipoitzaileak eta jipoituak, eta beti pertsona berak rol berean. Ez zuen bere semeak sufritzerik nahi, besterik ez.
Egun batez, telefono dei bat jaso zuen. Gelako mutiko bat bigarren solairuko leihotik behera bota omen zuten. Ez zuen gehiago entzun nahi izan. Semearen azkena izan zitekeela ere pasa zitzaion burutik. «Oraingoan gehitxo izan da!», pentsatu zuen, hariaren beste aldetik hizketan ari zitzaion ahotsak zer zioen ia entzun ere egin gabe. «Ez, ez… esan zioten. Zure semea ondo dago. Beste bat da ospitalean larri dagoena. Zure semea… zure semea bultza egin diona izan da».
Semeak jipoitzaileei aurre egiten zien lehen aldian izugarri poztuko zela uste zuen. Bere hitz aspertuek azkenean euren ondorioa izan zutela-eta harro egongo zela. Baina ez zen hala. Semeari esandako guztiak etorri zitzaizkion gogora, gomendioak bainoago aginduak ziren hitzak. Semea ordura arte zinez sufritzen aritu ote zen pentsatzen ere jarri zen, aurrenekoz. Agian, bera zen sufritzen zuen bakarra, eta azken gertaera hori bere frustrazioaren emaitza baino ez zen. Ez zuen gogoko, jakina, semea ubelez josita ikustea. Baina hori al zen, benetan, lortu nahi zuena? Hori arazoaren irtenbidea? «Aizu… hor zaude?», galdetu zioten haritik. Emakumea hitzik gabe geratu zen bigarrengoz.