Kontxi Simon ormaiztegiarrak gaztetatik izan du margotzeko zaletasuna. Sentimenduak azaleratzeko eta lasaitzeko erabiltzen du margoa, baita ihes egiteko ere. Donostian hasi zen ikasten, Goiart taldearekin ere margotu zuen urte batzuetan, eta hainbat urtetan etenaldia egin ondoren, duela lauzpabost urte ekin zion berriro gogoz margotzeari. Azken urteetan margotutako koadroekin Argi eta kolore ispilua erakusketa jarri du Beasaingo Aterpe tabernan, eta martxoaren 9ra arte izango da ikusgai.
Noiz hasi zinen margotzen?
Hamalau urterekin hasi nintzen ikasten, Donostian. Ikatz ziriarekin marrazten ikasi nuen han. Bertan zeuden irudiak margotzen genituen, baita bodegoiak ere, eta noizbehinka pertsonak. Ni neu ere jarri izan nintzen posatzen, eskolak merkeago kobratzen zizkidatelako horrela. Hemezortzi urtera arte edo egon nintzen han. Astean behin joaten nintzen.
Gerora Goiart taldean ere ibili zinen.
Ordizian taldetxo bat osatzen ari zirela esan zidaten, eta bertan hasi nintzen margotzen, bai. Erakusketak antolatzen genituen denon artean, eta giro polita genuen. 80ko urteen hasieran izan zen hori.
Geroztik beti margotu duzu?
Boladak izan ditut. Urte batzuetan utzita egon nintzen, haurdun geratu nintzenean, eta gerora ere bai, bizitzaren gorabeherak medio. Dena den, gauza puntualak beti egin izan ditut, familiarentzat eta ingurukoentzat.
Noiz ekin zenion berriz zaletasunari?
Duela lauzpabost urte hasi nintzen berriro. Itsasoko ostatuko Pepik animatu ninduen bertan erakusketa jartzera, eta orduan berriro hasi nintzen margotzen. Bultzada eman zidan.
Oraingoan Beasaingo Aterpe tabernan jarri duzu erakusketa. Zein ezaugarri ditu?
Inguruko mendietan beti aurki daitezke paisaia zoragarriak, dela erreka bat, dela elurra… baina hori nola islatu margoaren bidez? Paisaia den bezalakoa islatzekotan, egokiagoa iruditzen zait argazkia ateratzea. Margotzeak, berriz, gauzak nik sentitzen ditudan moduan irudikatzeko aukera ematen dit. Zergatik izan behar du zuhaitzak marroia, esaterako? Barruan sentitzen dudana ateratzeko erabiltzen dut margoa. Tripetatik margotzen dut, ikusten dudana baino, sentitzen dudana. Hori da nire margoaren ezaugarria. Koadro batzuk lehendik margotuta nituen, eta beste batzuk honako egin ditut propio.
Sentimenduak ateratzeko balio dizu, hortaz, margotzeak.
Bai, lasaitzeko eta ondo sentitzeko margotzen dut. Batzuetan negar egiteko gogoa dudanean ere, margotu egiten dut. Ihes egiteko modu bat da niretzat.
Zein elementu dira nagusiak zure lanetan?
Zuhaitzak eta hesiak, uste dut. Ni Itsason hazia naiz, eta baserri batetik bestera joateko beti hesiak eta langak zeharkatu behar izaten genituen. Nire haurtzaroan oso presente egon dira hesiak, eta uste dut horregatik margotzen ditudala hainbeste. Egia esan, ez dakit zehazki zergatik, baina asko gustatzen zaizkit. Psikologo batek, agian, beste arrazoiren bat aurkituko lioke nire joerari.
Elementu figuratiboak eta abstraktuak nahasten dituzu.
Figurak ez ditut askotan erabiltzen, baina figura hori adierazten duen zerbait bai. Adibidez, siluetak.
Argitasuna al da zure koadroen beste ezaugarri bat?
Hori esaten didate, eta horregatik jarri diot Argi eta kolore ispilua izenburua erakusketari. Lagunek eta senitartekoek nire lanen argia eta kolore biziak nabarmentzen dituzte.
Zein teknika erabiltzen duzu?
Gehienetan akrilikoa. Lehen oleoa erabiltzen nuen, baina etxean usain handia uzten du. Akrilikoa errazagoa da etxean margotzeko. Pastelak eta argizariak ere erabiltzen ditut.
Koadroak saltzean zer sentitzen duzu?
Poza, baina baita pena apur bat ere. Poza, badakidalako gustatu zaielako erosten dituztela, baina pena badoazelako.
Herriko egitasmoetan ere parte hartzen duzu artista gisa, ezta?
Ormaiztegin iaz zarzuela bat prestatu genuen abesbatzakook, El caserio, eta horrako baserri bat irudikatu nuen tela gainean, pastelekin. Hori izan da egin dudan lanik handienetakoa, lau metroko oihalean. Jaietan, berriz, eleganteen egunerako, pilotalekuan bainuetxe zaharra irudikatu nahi izan genuen, eta hamairu metroko marrazkiak egin behar izan nituen hormetarako. Orain 400. urteurrenerako antzerkia antolatzeko artisten taldean nago. Beti izaten da zerbait.