Irrati kontrol bidezko kamioiak eta bestelako ibilgailuen maketak egin eta gidatzen maisu dira hainbat goierritar.
«Pentsa norainokoa den gure zaletasuna kamioi batetik jaitsi bezain pronto beste bat gidatzeari ekiten diogula», dio Angel Gagok (Zumarraga, 1972). Eitzaga auzokoa bera, kamioi gidaria da ofizioz. Kamioiak eta bestelako obra ibilgailuak gidatzen ditu. Lana amaitu eta bere zaletasun handiena kamioi horien miniaturak irrati kontrol bidez gidatzea da. Goierrin badago afizionatu bat baino gehiago. Larunbatero, eguraldi ona lagun, Ezkioko zubipean elkartzen dira eta Abiadura Handiko Trenaren lanen ondoan beren lanak egiten dituzte, miniaturan baina.
Txomin Caballero (Zumarraga, 1980) beste afizionatuetako bat da. Eitzaga auzokoa da bera ere, eta Gagorekin elkartu zen afizioa partekatzeko. Irrati kontrol bitartez gidatutako ibilgailuei lotzen dien zaletasuna zertan datzan azaldu du: «Gure maketek benetako kamioien eta lanak egiteko makineriaren antza ikaragarria daukate. Irrati kontrolak modalitate ezberdinak hartzen ditu; abiaduraren, eskalaren nahiz errealismoaren arabera». Mekanika aldetik nahiko sinpleak dira, baina elektronika aldetik oso sofistikatuak.
Gago kamioi gidaria da eta miniatura hauekin topo egin zuenean ezin izan zion tentazioari eutsi, «itzela da zeuk gidatu duzun hondeamakina miniaturan irrati kontrol bidez gidatzea. Txikia handia baino errazago gidatzen dela pentsa daiteke, baina handiarekin bira egitea txikiarekin biratzea baino askoz samurragoa da maniobra gutxiago egin behar dituzulako».
Caballerori txikitatik gustatu zaizkio kamioiak. Abiadura handiko irrati kontrolekin hasi zen, orain, kamioien geldotasuna eta maniobrak ongi egiteko behar den maisutasuna gogoko ditu, abiadurari muzin egiten ez dion arren. «Gasolina bidez ibiltzen ziren autoekin hasi nintzen Zelai Ariztin eta beranduago La Sallen; oraindik joaten naiz noizean behin. Auto horiek ehun kilometro orduko abiadura hartu dezakete bi segundoan. Orain, elektrikoak erabiltzen ditugu, gaitasun berberak dituzte eta garbiagoak dira»
Hondeamakina da Gagok duen altxorrik preziatuena. Makina horrekin hainbat lan egin dituzte jada Ezkioko zubipean; esate baterako, ubide bat. «Gureari Euskal S-a deitzen diogu, Y-aren alboan gaudelako eta gureak bihurgune dezente duelako», dio Gagok barre artean.
Lur orotariko ibilgailuekin ere aritzen dira, hala 4×4 nola 6×6 ibilgailuekin. Horiekin mendira joaten dira, eta euria zein lokatza bidelagun badituzte are hobeto. Kamioi zein ibilgailu mota hauen guztien xarma ez da abiadura, nahi duten hori hartzeko, kokatzeko edo mugitzeko egin beharreko maniobra guztiak nahi bezala egitea baizik. «Gure helburua da jardunaldia ibilgailuan ezer izorratu gabe igarotzea», dio Gagok. Izan ere, ibilgailuok apurkorrak dira; mugimendu erratu bategatik atzerako ispilu biak puskatzen badira, akatsaren kostua 50 bat eurokoa izango da.
Ez dira jostailuak
Kamioien batez besteko prezioa merkatuan 600 euro ingurukoa da; hondeamakina hidrauliko batena, 2.000 eurotik gorakoa. Interneten pieza guztiak daude, ibilgailuak hobetzeko zein edertzeko piezak. Interneten, baita ere, zaletuak elkartzen dituzten foroak daude. Topaketa bat baino gehiago ere egiten dute.
Gagok ibilgailu hauek ez direla jostailuak errepikatu du behin eta berriro, eta Caballero bat dator. «Erabiltzen jakin behar da. Ibilgailu bati, benetakoei ere, edozeinek eman diezaieke sekulako abiadura. Aitzitik, benetan gidatzen dakienak jakingo du sortzen diren arazoei aterabidea ematen», esan du Gagok. Ezkioko zubipean goierritarrak ez ezik, Gipuzkoatik, Bizkaitik nahiz Arabatik ere iristen dira zaleak. Izan ere, lanak egiteko ibilgailuen miniaturekin dabiltzan bakarrenetakoak dira goierritar hauek.
Zailagoa da airean dronak gidatzea irrati kontrol bidez
Angel Gago zumarragarra dron bat gidatzen aitzindaria izan zen. Gago hasi zenean legeak ezer gutxi zioen hirutik zortzi motorreraino izan ditzakeen multikoptero hauei buruz. Airetik doaz eta berak erabilera txarrik ikusi ez zion arren, orain badaki Gabonetako Errege desfilea grabatzeko balio duten bezalaxe balio dezaketela leiho batetik granada bat sartzeko.
Intxortako batailari buruzko dokumentala grabatzen lagundu zuen bere dronak, Zumarragako Udalarentzat pare bat lan egin zituen eta Urretxuko Euskal Jaiko karrozak ere grabatu zituen airetik. Drona bistatik galtzen zuen arren, bazekien nola gidatu haren mugimenduak. Gerora saldu egin zuen lege berriak egin zituztelako pribatutasunarekin eta segurtasunarekin lotuta. Orain edozein tokitan erosi daitezkeela dio, «baina trebezia behar da erabiltzeko».