Ehun kazetaritik gora» izan zirela jakitera behartu zintuzten. Protagonistari lehen galdera egiteko aukera zeinek izan zuen, kazetari galdera egilea nola jantzita zebilen…
«Eguneko protagonista nagusienetakoa…» jarraitu zuen irrati-esatariak. Nagusienetakoa? Zenion zuk zeure baitan, ala bakarra? Real Sociedad futbol taldearen entrenatzaile berria aurkezteko egindako prentsaurrekoaz ari zitzaizkizun hizketan, entzungai duzun ohiko irratian. Ordura arte David Moyes jauna izenez ere ezagutzen ez bazenuen, handik aurrera bere biografia idazteko eseri eta jartzea besterik ez duzu. Beldurgarria izan zen (beldurtzekoa, zinez) gizon hau «gizarteratzeko» ahaleginean Donostian azaroaren 13an egindako antzezpena. Zinemaldiko aurkezpenen parekoa egin nahi izan omen zuten nonbait, prentsa-areto berezia eraikiz eta…
Ezinezkoa da David Moyesen ezaguerarik gabe bizitzea. Ez dizute utziko Espainiako futbol txapelketan Real Sociedadek duen egoerak zugan ere itolarria eragin gabe egun bat irauten. Inor ez gaude izurrite kronikoa den gaixotasun honetatik libre. Erlijio berriaren igurtzirik gabeko egun oso bat, fikzioa da. Ez da erreala. Ipuin baterako ondo legoke, baina eguneroko bizitzan, ezinezkoa da 24 ordu segidan Real Sociedaden «berririk» gabe bizitzea. Utopia. Gizakiok elkarrekin harremanean bizi gara, ez gaude bakarrik. Nekez gerta daiteke, beraz, egun baten joana, gure zilborra baino barneratuago dugun futbolaz jabetu gabe.
Inork neurtu al du hitz egiten, entzuten, irakurtzen, idazten, ikusten dugunetik, zenbateko lekua duen Real Sociedadek, futbolak, saskibaloiak, pilotak eta orokorrean, elitezko lehiazko kirolak? Kirol-informazioaren diktadurara ohitu egin gara/gaituzte.
Komunikabideek nahi dutena gara. Bat datoz, notiziak sailkatzeko dituzten irizpideak irizpide, bakoitzari eskaintzen dien denboraz: kirola da nagusi gainontzeko gertakizun guzti-guztien gainetik! Beraz, jakin dezakezu zure bizimodua hobetzeko ahaleginean lanean diharduten politikariak zertan dabiltzan, zure herrialdeko mugetatik kanpoko gerrateen berri, eta baita ere, noizbehinka, kirolaria ez den beste artistaren baten aipamena egingo dizute, oraindik «kultura» tartea mantentzen duenik baldin bada, behintzat. Baina, notizia horien ondoren dator muina: kirola. Denak bat datoz guri zer komeni zaigun erabakitzerakoan: kirola da erlijio berria. Besteek egiten dutena eta gizonezkoena, noski.
Eguneroko dotrinaz, arrosarioz eta astean behingo mezaren bidez Jaungoiko bakarraren existentziaz hezi gintuzten gure garaikoak. Oraingoek zailagoa dute! Zenbat jaungoiko miresteko! Eta, beraz, zenbat dotrina- eta arrosario-ordu egunero; zenbat ordutako ikus-entzunezkoak egunero, astean behingo gure meza nagusiaren ordubeteko haren aldean!
Aldatu ez den egoerarik ere bada. Garai batean, erlijiozalea ez zenak ez zeukan erraza hura gabe moldatzeko. Gauza bera da gaur egun, kirol-informazioaren diktadurarekin: saia zaitez orain, eguneroko dotrina, arrosario, sermoi eta mezarik gabe bizi izaten. Komunikabideak dira dotrina berria; oraingo kazetariak dira lehenagoko apaizak, izan irrati-pulpitutik ala egunkariak deitzen ditugun meza-liburuetatik.
Lehen ohiko esamoldea zena, «hori ulertuko duen kristaurik ez dago», ez dakit nola eguneratu genezakeen gaurko egoerara «hori ulertuko duen «…» ez dago», baina nik behintzat ez dut ulertzen nolatan duen kirolak halako presentzia komunikabideetan eta ez dakit nola egin ukazioa kirol-informazioaren erlijio-diktadurari. Apostasia egin nahi diot. Baina, ez dago nire esku.