Uzta ona jasotzeko esperantzan, Segurako zein inguruko herrietako nekazariak eta herritarrak Segurako Santa Engraziko ermitara gerturatzen dira urtero baratzean landatuko dituzten haziak bedeinkatzera.
Eliza txikia da Seguratik Mutiloara bidean dagoen Santa Engraziren omenezkoa, izen bera hartzen duen Segurako auzunean. Txikitasunak, ordea, ez du fedean eraginik, baserritar eta nekazari ugarik sinisten baitute harengan. Apirilaren 16aren hurrengo igandean festa egiten da bertan, eta batzuen fedeak eta askoren ohiturak bultzatuta nekazari ugari elkartzen da bertan urteko uzta onaren erreguan. Haziak eta ura bedeinkatzen dituzte, ondoren baratzeetan ereingo dituztenak. Aurten apirilaren 19a da festa eguna.
Antxon Agirre Sorondok eta Koldo Lizarralde Elberdinek idatzitako Gipuzkoako Ermitak liburuan jasotzen denez, 1985az gerozko ohitura da Santa Engraziko ospakizuna apirilaren 16aren hurrengo igandean egitea. Ordura arte, asteko eguna edozein izanda ere, santuaren egunean bertan egin ohi zen, hilaren 16an.
Ohiturak aldatu bai, baina bisitariak antzekoak izan ohi dira beti, eta gaur egun ere, Segurako zein inguruko herrietako jendea gerturatzen da Santa Engrazira urteko uzta ona izan dadin haziak bedeinkatzera: idiazabaldarrak, mutiloarrak, zeraindarrak…
Segurako herrigunetik ermitara bidean dagoen mahastiko iturriko ura ere bedeinkatu izan da, Emeterio Sorazuk idatzitako Segurako ermitak: erlijiotasun herritarraren adibide bat liburuan jasotzen denez. Etxekoek zein ganaduak edateko, edo lurrak bedeinkatzeko erabili ohi zen ur hori. Segurako herrigunetik ermitara bidean dago iturria, urte askoan auzotarren iturburu bakarra izan dena. Sasi artean ezkutatuta ere geratu zen, 1994an berritu zuten arte. Mahastiko urak ere badu sakratutitik, auzotarrentzat behinik behin, eta hala dago idatzita han bertan: Ura dagoen tokian bizia dago. Zaindu dezagun.
Garaiak aldatu ahala, festa ohiturak ere aldatu dira. Eta ez datari dagokionean bakarrik. Santa Engrazi ermitaren ondoko etxekoek izan dute tradizioz festa eguneko hamaiketakoa emateko ohitura, udalaren laguntzarekin, eta Ormazabaldarrak ederki saiatu izan dira beti.
Ohituraz, baina, sagarrek pisu berezia izan ohi zuten. Santa Engrazin bedeinkatu ondoren beti gordinik jaten ziren sagarrak, inoiz ez erreta edo egosita.
Lehenengotakoa
Aizkorri azpiko herrietako baserritar eta nekazari askorentzat egun garrantzitsua izaten da Santa Engrazin festa egiten denekoa; sinbolikoa beste askorentzat, eta tradizioari lotutakoa ere bai. Baina zalantzarik gabe, neurri batean edo bestean, pisuzko ospakizuna izaten da oraindik ere.
Ez esanahiari dagokionean bakarrik, liburuetan jasotzen denez, Segurako lehenengotako ermita izan baitaiteke. Herriaren izaeraren zati da han eta hemen Segurak banatuta dituen ermita kopurua, eta Santa Engrazikoa handienetakoa ez bada ere antza «jatorria XII-XIII. mendekoa dirudi», Sorazuk bere liburuan jaso duenez, «antza estilo erromanikoko ataria mantentzen duelako, arku-puntako ezpadaina-atea da sarrerakoa eta teilatuan angeluzuzen formako dorrea du, erdian kanpaiarekin».