Maiatzaren Lehenaren harira, ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariekin izan da GoiBerri. Sindikalgintzaren iraganaz, orainaz eta etorkizunaz hitz egiten dute, sindikatuak «inoiz baino beharrezkoago» direla sinetsita.
Sindikatuen agendan gorriz markatutako eguna izaten da Maiatzaren Lehena. Azken urteetako krisiaren eta erreforma laboralen ondorioz, ordea, ospakizunetarako baino gehiago, euskal sindikatuek orainaren eta geroaren inguruko gogoeta egin eta borroka eredu berriak martxan jartzeko baliatu nahi dute Langileen Nazioarteko Eguna.
Batasun sindikalaren garaiak atzean gelditu ziren, eta ELA eta LAB sindikatuak ez doaz eskutik, harremanak izan badituzten arren. Egoeraren diagnosia egiterako garaian, bat datoz, ordea. Egoitz Iturbe ELA sindikatuaren Goierriko arduradunak azaldu duenez, «krisia deitzen duten fenomeno hau 2008an etorri zen, langileekin zerikusirik ez duten arrazoiak direla medio. Ordaindu, ordea, gizarte osoak eta batez ere langileriak ordaindu» duela uste du. Gainera, «kapitalismoa krisia aprobetxatzen ari da, erreformak eta murrizketak egiteko».
LAB sindikatuko Adolfo Masiden ustez, «erasoaldia ikaragarria izan da; langabezia izugarri igo da, pentsioak zalantzan jartzen dira, jubilazioa lortzeko arazoak jartzen dituzte… Babes sozialaren galera ere izugarria da». Enpresetan ere nabaritu dute eragin hori. «Soldaten hobekuntza eta lanorduen murrizketa negoziatzetik, gure oinarrizko eskubide batzuk defendatzera pasatu gara; azken batean, biziraupen egoera batera».
Politikari askori krisia bukatzear dela entzuten badiote ere, argi dute sindikatuek: «Langileentzat krisia ez da bukatu». Haatik, langileen egoera ez dela egun batetik bestera hobetuko uste dute. LABeko Usoa Lasaren hitzetan «komunikabideetan entzuten da egoera hobetzen ari dela, lanpostuak sortzen ari direla… baina errealitatea da krisia sortu zenetik, agintarien partetik langileek jaso duten bakarra espedienteak eta erreformak izan direla; eta lanpostuak defendatu dituzten bakarrak langileak izan dira. Egoera horrek guztiak sortu du langile klase pobreago bat izatea». Uste berekoa da ELAko Xabier Olaizola ere: «Prekarietatea bultzatzeko erabiltzen ari dira krisia, eta krisitik ateratzen bagara ere, langileak oso baldintza eskasetan aterako dira».
Sindikalgintza ezbaian
Azken urteetan, asko izan dira sindikatuen lana eta beharra bera ere ezbaian jarri dutenak. Gizarteko zenbait sektoretan, atxikimendua galtzen ari direnaren sentsazioa ere badago. Horrek, «sindikalgintzaren eta borroka eredu berrien inguruko gogoeta» egitera eraman behar dituela uste du LABek. Hala, sindikatuaren 40. urtemuga oinarri hartuta, gogoeta prozesu bat martxan jarri dute, helburu 2017an egingo duten kongresua jarrita.
Jendeak sindikatuekiko atxikimendu gutxiago badu «hein handi batean problematika aldatu delako eta sektore bakoitzean arazo ezberdinak daudelako» izan dela uste du Lasak (LAB). Lan munduaren «errealitatea asko aldatu da. Lehen langile gehienek industrian lan egiten zuten, orain sektore gehiago daude, zerbitzuen sektorea ere igotzen ari da, langabetu asko daude… kolektibo ezberdinak sortu dira eta langileen espektroa askoz zabalagoa da orain». Horiei guztiei erantzun bat ematea da sindikatuen erronka.«Azkenean, eraberritze hau horretara bideratu nahi dugu, langile klasea berriro batu eta ekintza sindikalerako gaitasuna indartzera».
Iturbek (ELA) ere, sindikatuek «formula berriak» asmatu behar dituztela dio, izan ere, «une honetan sindikatuak inoiz baino beharrezkoagoak» direla uste du. «Kapitalak argi dauka bere helburua zein den, eta zein pauso eman behar dituen». Hala, enpresariek kolektibitatearen ordez «langilearen indibidualizazioa» bilatzen dutela uste du. Olaizolak (ELA) azaldu duenez, «enpresariak langileekin banaka negoziatzen saiatzen dira, beraien interesak aurrera ateratzeko. Horri aurre egiteko, beharrezkoa da langileak elkartu eta antolatzea». Zentzu horretan, «frogatuta dago, kolektiboki egiten diren negoziazioetan emaitza hobeak lortzen direla».
Masidek(LAB) ere, «langile antolakuntza eta sindikatuak behar-beharrezkoak» direla uste du, «Beharrezkoak izan badira lanorduak jaisteko edo soldata igoerak negoziatzeko, are beharrezkoagoak dira orain, eskubideak defendatu eta alternatiba bat bultzatzeko». Eskualdean, hala ere, atxikimendu hori ez da galdu, bere ustetan. «Goierrin nik esango nuke langileek ez dutela antolatzeko gaitasunik galdu, eta eskubideak defendatzeko borrokan jarraitzen dute».
Elkarlanerako tarteak
Goierriko bi sindikatu nagusien arteko harremana hoztuta dago aspaldian, nahiz eta zenbait forotan elkarlanerako tarteak bilatzen dituzten. ELA sindikatuko Egoitz Iturbek azaldu duenez, «diagnosi orokorrean bat egiten dugu, baina praktikan irizpide ezberdinak» dituzte bi erakundeek. LABeko Adolfo Masiden ustez, «sindikatu ezberdinak gara eta normala da estrategia sindikal ezberdinak izatea, baina langileria osoa elkartzen duten estrategia komunak ere egon behar dira. Eta hori bultzatu nahi dugu guk. Defendatzen ditugun helburuak lortzeko ezinbestekoa da langileak elkartuta joatea».
Usoa Lasaren arabera, «elkarlana egon badago, baina agian beste foro batzuetan ematen da. Adibidez, foro sozialean elkarrekin ari gara, beste eragile batzuekin batera. Beraz, harremana ez da erabat eten». Etorkizunean ere, elkarren beharra izango dutela uste dute bi sindikatuek. «Euskal Herrian aldaketa gehiengo sozial zabalak osatzetik etorriko da, eremu guztietan. Argi dago gizartean aldaketak eragin nahi baditugu, bide hori elkarrekin egin beharko dugula».
Aurrera begira
Testuinguru horretan, etorkizunari begira baikorrak dira sindikatuetako ordezkariak. «Euskal Herria eraldatuko duen subjektu aktibo eraginkor bat» bilatu nahi dutela dio Lasak. Horretarako «mobilizatzeko gaitasuna handitu behar dugu, hori izango delako langilegoari eta gizarte osoari aldaketa ekarriko diona». Masidek ere, «gizartea aktibatu» behar dela uste du eta «langileek beraien etorkizunaren alde» egin behar dutela.
Aurrera begira, bi sindikatuek azaldu dute bide horretan lanean jarraitzeko konpromisoa. Hala, «erantzukizunarekin jokatu» behar dela uste du Iturbek, eta «gure esku dagoen guztia egiteko erantzukizuna» hartzeko prest daudela. Langileek antolatu eta erantzun bateratu bat eman behar dutela dio, eta «sindikatua horretarako erreminta da; erabiltzeko dago».