Iritzi artikulu honek ez du izan nahi Nepali buruz idatzitako enegarren testua. Asmo hori beteko dudan, hori juzgatu zerorrek, orrialde honen bukaeran. Jakinaren gainean zaude. Ez duzu topatuko lurrikararen ondorioz hildako lagun kopuruaren inguruko azken orduko zifrarik. Ez espero triskantzaren tamaina azalduko duen azalpen burutsurik; ezta Kathmanduko bailaran galdutako ondareari buruzko arrangurarik edo hondamendiari ihes egin dion mendizalearen biziraupen esperientziarik. Horretarako nahikoa izango zenituen egunkari, telebista, irrati eta Internet bidez jasotako notiziak.
Nolanahi ere, informazio zaparradaren ondoren, Goiberriren azken ale hau zure eskuetara iristen denerako, atertua izango da Himalaya magaletik iritsitako berri lazgarrien erauntsia. Horregatik bakarrik baldin bada ere, Ghurka soldaduen, sherpen eta errododendro zuhaitzen —topiko batzuk aipatzearren— herrialdea gogoan dudala, gogoetatxo bat egiteko aprobetxatu nahiko nuke erakusleiho hau.
Sos apur batzuk Nepalera bidali ala ez pentsatzen ari naizen une honetan— nire kontzientzia lasaitzeaz gain, zer edo zertarako balioko duela pentsatu nahi dut—, nire buruari galdetzen diot zer egin dezakegun guk, hemen Goierrin bertan, neurri horretako txikizioa gertatu den lekutik ia 8.000 kilometrora. Eta, egia esatea nahi baduzu, gauza gutxi okurritzen zaizkit, gorago aipatutako ekintza solidario-automatikoa salbu. Ez gaizki ulertu. Ondo deritzot nepaldar herriarekiko sentitzen dugun elkartasuna laguntza humanitario bidez erakusteari, baina hitza eman dizut artikulu honetan ez zenuela ohiko informaziorik aurkituko.
Horregatik, lagun batek Monaren inguruan kontatutakoaz oroitu naiz. Orain dela egun batzuk ezagutu omen zuen. Nepalen jaioa zela kontatu zion. 2005eko lurrikararen ondoren, ordea, jaioterrian etorkizunik ikusi ez, eta senideei agur esan zien Europarainoko bidea egiteko. Goierrin aurkitu du aurrera egiteko modua. Adineko pertsonak zaintzen dihardu, nepaldarrek berezko duten laguntzeko prestutasuna, errespetua eta apaltasuna tarteko.
Eta Monarekin iritsi zait erantzuna. Askok sentipen bera izan genuelako Haitiri lurrak emandako astindu ikaragarriaren ondoren. Berdin Pazifikoko tsunamia eta Txileko lurrikara gertatu zenean ere, nahiz Ertamerikako herriek jasandako ekaitz handi horietako bat eta gero. Ezin ahaztu Afrikan eta Ekialde Hurbilean izandako gerrak. Guztietan, biktima kopuru izugarriak argitaratu zituzten komunikabideek. Baina zenbakiek ez dute aurpegirik eta «Nola lagundu?» galderari erantzutea zaila egiten da horrelakoetan.
Elkartasun hori gauzatzeko, gurutzatzen ditugun bizilagunen aurpegia gogoan hartzea proposatu nahiko nuke. Autobusean gure atzean eserita joan ohi den asiar itxurako Monaren aurpegia, akaso. Edo astean behin supermerkatuan ikusten duzun hego amerikar gazte horrena. Ez zait ariketa txarra iruditzen pentsatzea zergatik heldu diren pertsona horiek gure herrira. Batzuk katastrofe naturalen ondorioei ihesi, beste batzuk agian gerraren izugarrikeriei, beren herrialdeko erregimen politikoak bere ideiak onartzen ez dituelako edo jaioterrian lanik topatzeko esperantzarik ez duelako.
Horien guztien atzean bizitza-istorio bat, zirkunstantzia zail batzuk daude. Horretan gehiago erreparatu beharko genuke. Gure inguruan noizbehinka entzuten ditugun komentario xenofoboak baztertuta. Zifren gainetik, ondokoaren egoerari erreparatzen badiogu, pertsonak daudelako. Bizilagun horiek eskubide osoko herritar bezala hartzea, baita ere, sufritzen ari diren herriei elkartasuna erakusteko modu bat delako.