Pello Joxe Aranburuk ‘Jaxinto, ikastolen lemazain’ liburua kaleratu du Hiazinto Fernandorena Setienen omenez. «Euskaltzalea, ikastolen sortzailea, igarlea, aurrerakoia izan da». Hilaren 12an aurkeztuko dute liburua Lazkaon.
Jaxinto edo Hiazinto Fernandorena Setien (Urnieta, 1930) ez da goierritarra, baina Lazkaon eta Goierrin arrasto handiak utzitakoa da. «Arrrasto handiak eta sakonak», dio Pello Joxe Aranburu Jaxinto, ikastolen lemazain liburuaren egileak eta Jaxintoren lagunak. 2011n iktusak eman zion, eta ondorioz, ezin du hitz egin.
Bere lagunek omenaldia egin nahi izan diote liburuarekin. «Gizon isila izan da beti Jaxinto, sekula ez da plazagizona izan. Kosta egin zaio berak egindako lana onartzea, gurasoen eta irakasleen meritua izan zela esan izan du, ez berea, baina azkenean onartu du eta omenaldi bat baino gehiago egin zaio. Azkenean komentzitu da, bizitzan gauza garrantzitsuak egin dituela». 2014an, Santa Ageda bezperan Andoainen egindako omenalditik atera zen Jaxintoren bizitzari buruzko liburua idazteko ideia. Dagoeneko kalean da.
Lazkaon, 1959-1985
19 urtean sartu zen apaiz ikasketak egitera Seminariora. Lazkaoko San Migel parrokiara 1959an iritsi zen, apaiz eta 1985era arte egon zen bertan. Jaxintoren bizitzaren ardatza euskara izan da eta Lazkaoko euskararen herri mugimenduarekin bat egin zuen berehala, beneditarren ildotik. Adibidez, 1962an, 07:30ean euskara klaseak ematen zituzten eta Jaxinto bertan izaten zen. Euskara Batuaren defendatzaile sutsua izan da beti eta 1964an, Baionako Biltzarrean izan zen.
Lazkaoko bost lazkaotarrek euskara batuaren zina eta mezua sinatu zuten: Markos Amundarainek, J. M. Begiristainek, M. Karmen Aranburuk, Joxe Mari Aranburuk eta Jaxinto F. Setienek. «Euskara Batua ofizialki Arantzazun hasi zela esaten da baina aurretik pauso batzuk eman ziren eta Jaxinto han zegoen. Baionan adibidez, 1964an. Txillardegi euskara batuaren ardatz nagusietako bat izan zen eta bera kanpoan zegoelako Baionan egin zen batzarra. Baionako Batasunaren Batzarrean zegoen Jaxinto beste taldetxo batekin», dio Aranburuk. 1966rako Euskaltzaindian zegoen Jaxinto.
1966an Ampo kooperatiban hasi zen lanean. Urte hartan orduko gizartearen eta elizaren papera aztertu ondoren, Goierriko apaiz talde batek lantokietan lanean hastea erabaki zuelako. «Denbora gutxi egin zuen Ampon, baina han ere arrastoa utzi zuen, urtero deitzen baitzioten Ampoko Joxe Joakin Lasak eta Juan Lasak batzarretan parte hartzera».
Ikastolen sorrera
Euskara eta hezkuntza uztartzeko urratsak ematen berehala hasi zen; lehenengo Lazkaon eta gero Goierrin. Batez ere ikastolen sorreran nabarmendu zen Jaxinto. Liburuaren izenburuak ondo definitzen du Jaxintoren lana, ikastolen lemazaina. «Euskaltzalea zen eta gorputz eta arima eskaini zitzaion ikastolen proiektuari». Berehala inplikatu zituen Lazkaoko hainbat guraso: Aitor Muruamendiaraz, Jose Mari Soroa, Jose Mari Arkarazo edo Jose Mari Bujanda.
Izan ere, Aranburuk dioenez, jendea komentzitzeko abilezia zen Jaxintoren ezaugarrietako bat. «Ikaragarria zen. Liburuan badago Maixabel Aldasoro lehenengo andereñoaren elkarrizketa, Joxe Mari Apaolazakegindakoa, eta bertan nabarmen esaten du: Jaxintoren lorpen handiena da bere hitzak sinesgarri gertatzen zitzaizkigula. Bazuen bere ingurukoak komentzitzeko halako erraztasun bat, erakargarritasun bat». Aranburuk gaineratu duenez, «Jaxintok mundu guztia komentzitzen zuela eta horretarako abilidade berezia zuen. Gainera, bazekien jendeari zer esan behar zitzaion eta zer ez zitzaion esan behar. Neurtzen ondo zekien».
Aurrerakoia, modernoa
Aurrerakoia izan da Jaxinto. «Hori nabarmen gelditu da liburuan. Askorekin egin ditugu elkarrizketak eta nabarmen gelditu da. Metodologia aurrerakoia txertatu zuen ikastoletan. «Freinet katalana ezagutzen zuen, Elbira Zipritia ere bai… modernoa zen».
Irakasleak formatzea eta ikasmateriala sortzea izan zen Jaxintoren beste erronketako bat. «Askok eta askok esan izan dute, diru aldeko beharrak handiak bazituztela ikastolek baina hori baino arazo larriagoak bazituen ikastolak: irakasleak formatzea, ikas materiala sortzea…Ikastolen metodologia aurrerakoia lortzeko materiala behar zen eta ez zegoen ezer ere. Euskaraz ez zegoen ezer ere. Erdarazko testuak kopiatzeak ere ez zuen balio. Sortu egin behar izan zen eta sortu egin zuen.
Igarlea, bidaiazalea
«Igarlea edo profeta izan da. Beste askok ikusten ez genituen zirrikituak ikusten zituen». Bidaizalea ere izan da Jaxinto eta bidaietatik ideiak ekarri zituen. Udalekuena adibidez, Frantziako Arcachondik.
Euskal Udalekuak sortu zituen udan arazo bati aurre egin nahirik: «Kaleko giroa oso erdalduna zen eta euskara motelduta itzultzen zen haur asko udako oporraldi luzearen ondoren».