Isuo Sasiia musikariak bere bigarren diskoa aurkeztuko du maiatzaren 17an Urretxuko kultur etxe ondoko parkean. Isuo Sasiia (Zarautz, 1987) zarauztarra da, baina Urretxu eta Zumarragako gaztetxean lagun asko egin ditu eta Zumarragara etorri da bizitzera.
Nondik dator zure izena?
Izen artistikoa da. Nire benetako izena Iosu Isaias da. Musika jarduerarako, nire izenaren letrak aldatuz beste izen bat sortu nuen.
Nolatan musika zalea?
Nire gurasoak ere musika zaleak dira. Hala, jotzen hasi nintzen. Horretarako, amaren gitarra hartu nuen. Zarauzko gaztetxeko giroari esker hasi nintzen jendaurrean jotzen. Izan ere, han ikasketa handirik gabeko jende askok jotzen du. Nik ere ez dut musika ikasketarik.
Non jo duzu orain arte?
Oso urrutira ez naiz joan. Euskal Herriko gaztetxe eta tabernetan jo dut, batez ere. Aurten tronpeta-jotzaileak eta biok Setubaleko (Portugal) etxe okupatu batean jo dugu, baina nire ustez kantautoreon musika hizkuntzari oso lotua dago eta entzuleek abestien hitzak ulertzea garrantzitsua da. Hemen jotzeko sortzen ditut nire abestiak.
Nola definituko zenuke zure musika?
Oso lasaia da. Intimoa. Dena den, disko berria nahiko alaia da. Hitzei dagokienez, ez naiz mezu zuzenen zalea. Nire abestiak nahiko poetikoak dira.
Zer diozu ‘Idiaren zaintzari buruzko hamar estanpak’ diskoari buruz?
Liburu baten aurkitutako poema sorta batean oinarritu naiz. Kepa Egiluz bilbotarrak itzulitako hamar poema txinatar dira. XII. mendekoak dira. Pertsona baten eta idi baten arteko harremanari buruzko istorioa da. Idia metafora bat da. Idiaren esanahia zein den norberak asmatu behar du.
Tronpeta-jotzaile batekin jotzen duzu.
Hala da, baina diskoa flauta-jotzaile batekin grabatu nuen: Elia valentziarrarekin. Kataluniara itzuli zen eta laguntzailez aldatu behar izan dut. Egun, Jon Murua tronpeta-jotzaile gabiriarrarekin jotzen dut. Oso ona da eta, Eliak bezala, inprobisatzeko joera du.
Non eskuratu ahal izango da diskoa?
Kontzertuetan. Diskoa maiatzaren 17an aurkeztuko dut, 18:00etan, Urretxuko kultur etxearen ondoan dagoen lorategian. Maiatzaren 22an, berriz, Labeaga aretoan joko dut. 29an Soraluzen, ekainaren 7an Bergaran eta 12an Zarautzen.