Hamar urte bete ditu Lazkaon bihotza duen abesbatzak. Goierri osoko kantariak bildu dira korura urteotan.
Kantaka abesbatzak hamar urte egin dituen arren gehiago dira bete dituenak. 2002an abiatu zuen egitasmoa Belen Maizak, orduko Lazkaoko San Benito ikastolako zuzendariak; haurrei kantatzeko aukera eman nahi zien. Ikasleak kantuan jartzeko abesbatza eskolaz kanpoko jarduera gisa eskaini zuten. Ideia bururatzeaz batera Debora Herrerori deitu zion ikasle koruaren zuzendaritza bere gain har zezan. Herrerok ez zuen zalantzarik izan. Kantakaren ipuinaren hasiera da, Herreroren hitzetan, «orduan ez genekien horrek guztiak zer lore emango zuen».
Hamar urteren bueltan abesbatza loratu da. Ikasleei zuzendutako jarduerak arrakasta izan zuen eta, halako batean, ikastolako hainbat gurasok eurek ere kantatu nahi zutela esatera joan zitzaizkien. Hamar bat andre eta pare bat gizonezko hasi ziren. Ahoz aho abesbatzaren berri zabaldu zen eta seme-alabak San Beniton ez zituztenak ere korura batu ziren, baita Lazkaoz gain, goierritarrak ere: Ormaiztegi, Segura, Ataun, Idiazabal, Gabiria, Olaberria, Ordizia, Beasain, Itsasondo, Zaldibia…
«Eskerrak eman nahi dizkiot Belen Maizari korua martxan jartzeko ideiagatik»
«Taula gainean abesteko eta interpretatzeko gaitasun handia dago Kantakan»
«Zarzuela bat sortu eta aurkeztu duen abesbatza bakarrenetakoa da gurea»
Debora Herrero, Kantakako zuzendaria
Halako hedadura hartu zuenean taldea formalizatzea pentsatu zutela dio Debora Herrerok, hastapenetatik abesbatzaren zuzendari denak, «30 kidetik gora ginen harrezkero eta jada benetako korua ginen. Lazkaoko udaletxera jo, eta beste kultur taldeei bezala lokala utzi ziguten». 2005. urtean Kantaka izenarekin erregistratu zuten taldea. Orduan hasi ziren urteak zenbatzen.
Abesbatza herrikoia
Herrerok Belen Maizak jokatutako rolari egin dio azpimarra: «Eskerrak eman nahi dizkiot korua martxan jartzeko ideiagatik. Ikastola herritik eta herriarentzat dela sinetsita zegoen. Umeen taldeak ibilbide oparoa egin zuen eta handik sortu zen helduen korua». Ikasleen abesbatza desegin zen, baina helduen talde mistoak aurrera egin du hamar urteotan. Herreroren hitzetan, «Kantakak bizi handia eman dio Lazkaori». Horren isla da hamargarren urteurrena ospatzeko Lazkaon egin berri duten kontzertu arrakastatsua. Urte hauetan taldetik igarotako zenbait kantari elkartu zituzten.
Abesbatza herrikoia dela gehitu du, «herrietako jendeak parte hartzen du eta adinean heterogeneoa da». Gaur gaurkoz 35 bat lagunek osatzen dute Kantaka. Amateurrak dira denak, baina gabezia izan daitekeen hori ilusioz betetzen jakin dute. Ilusio horri esker egiten duten horretan sinisten dute. Herrerok taldearen indargune gisa oholtza gainean ematen duten maila ona aipatu du: «Abesteko eta interpretatzeko gaitasun handia dute. Musika ikasketak ez dituzten arren, musika asko entzun dute denek eta ezagutza hori agerikoa da».
‘The armed man’
Urtean zehar dituzten ohiko hitzorduez gain, Kantakakoek urtero abiatzen dute proiekturen bat. Hain zuzen, proiektu horiei esker abesbatza berriro asmatzen dute. Esate baterako, zarzuela bat jarri zuten taula gainean. «Nik uste bakarrenetakoak izan garela halako ikuskizun bat sortzen eta aurkezten», dio Herrerok. Luma fineko kritikariek goraipatutako zarzuela hamaika lekutan erakutsi dute honezkero: Euskal Herriko zenbait herritan, Errioxan, Gaztelan… Doinu barrokoak ere landu dituzte musikari talde txiki batekin batera. Herreroren hitzetan «ikuskizun horiek guztiak lanean jarraitzeko motibazioa dira».
Aurten hitzordu garrantzitsu bat daukate, gainera. Donostiako Hamabostaldian Karl Jenkinsen The armed man pieza antimilitarista kantatuko dute, abuztuan. Ez da esku artean duten proiektu bakarra, izan ere Kantaka abesbatza bizi bizirik dago eta hamar urteetako ibilbidean taldearen loraldia eragin duen ilusio horrek berak partitura berriak erakartzen ditu beren atriletara.