Ion Muñoa
Udal hauteskundeei begira jarri nahiko nuke gaur. Udalerria da (auzoarekin batera) eremu gertukoena gure (elkar)bizitza kolektiboari dagokionez. Gure inguruko kaleak, espaloiak, bide gorriak, parkeak, basurak, festak edo aparkalekuak nola antolatu udalerrian erabakitzen da. Ingurune hurbilena izaki, jende ezagun gehien dugun eremua ere bada, eta ondorioz, harreman eta erlazio sare on zein txarrak gauzatzen diren esparru naturala da.
Eta eremu horren datozen lau urteetako kudeaketa publikoa egiteko herrikideak aukeratzea dagokigu igandean. Begirada batean, badirudi gure iritziz egokienak izan daitezkeenak aukeratzen saiatu beharko genukeela. Gure herriaren ongizaterako eta aurrerabiderako egokienak izan daitezkeen pertsonei eman beharko geniekeela botoa. Bada, ordea, nire ustez udal hauteskundeetan distortsio nagusi bat: alderdi politikoak.
Alderdi politikoak kudeaketa publikoaren gobernuaren eta herritarren arteko bitartekari gisa eta ideologia politiko baten artikulazio gisa ulertzen ditut nik. Goierriko ia herri guztietan (agian handienak salbu) bitartekaritza hori alferrikakoa ikusten dut, auzo-herri eremu horretan elkar ondo ezagutzen dugunez, zuzenean pertsonei botatzea posible litzatekeelako. Eta ideologia politiko handirik ez dut ikusten farolak ezkerrean edo eskuinean kokatzean, eta basurak modu batean edo bestean jasotzean. Posible ote genuke alderdirik gabeko udal sistema bat Goierri osoan? Eta Gipuzkoan? Eta Euskal Herrian? Herrien tamainaren eta ideologiaren argumentuen atzean, ez ote dago bestelako interes partidistaren bat edo beste?
Eneritz Gorrotxategi
Akaso alderdi politiko tradizionalen funtzionatzeko moduak ez dira herri txikienetarako egokienak. Baliteke hiri handienen errealitatean zentratuta izatea eta herri txikiena ahaztu xamar izatea. Baina, dena dela, ez dut bat egiten alderdi politikoak ulertzeko duzun ikuspuntuarekin. Zer ez da bada politika? Zaborrak nola jaso eta faroletan zein argi mota jarri erabakitzea, ez al da politika? Herriko diruak nola eta zertan gastatu erabakitzea, ez da politika? Herri txiki bateko arazoak akaso, ez dira gizarte osoaren arazoak izango, baina normalean, gizarteko arazoak bai izan daitezke zure herriko arazo. Ez zaizu iruditzen?
Ulertu dezaket herriaren etorkizun hobe baten alde, herritarrek egindako kudeaketa hobestea; baina programa zehatz bat egin eta hori aurrera eramateko jende egokia hautatuta. Alderdi politikorik gabe funtzionatzea ez dut irrealtzat ikusten, baina arrisku handi bat ikusten diot: herri txiki batek bakarrik duen indarra, ez da herri txikien kolektibo batek izan dezakeenaren parekoa. Herri txiki ezberdinak batuko balira eta norabide bera hartuko balute (azkenean, hori ere politika da, alderdi baten izena izan edo ez) orduan izango lukete indar gehiago. Kolektiboak beti du indibidualak baino indar gehiago, eta era batera edo bestera antolatuta izateak kolektibo hori sortzea bideratzen du.