Eneritz Gorrotxategi Zuaitz
Uda berri bat iristearekin batera, aro berri bat hasi da. Euskal Herriak berezko dituen koloreez gain, esan liteke sarri ikusi izan dugun erromako zubiak ere kolore bat gehiago duela. Gizarteak berezko du aniztasuna, baina hemendik aurrera, gizartearen etorkizuna margotzerako unean aukera bat gehiago zabaldu da: orain artean emakumeen morea, ekologiaren berdea, itsasoaren urdina, langileen eskubideen gorria, herri harresien laranja, bakearen zuria genituen… eta hemendik aurrera, giza katearen urdin turkesa eta erabakitzeko eskubidearen koral kolorea ere gehitu beharrekoak dira.
Sarritan entzun izan dugu kolore bakoitza sentimendu batekin lotzen dugula edota sentimentu bat adierazten duela. Euskal Herriko bost hiriburuetan nagusitu den koral koloreak ordea, emozio asko eragin ditu, ezin asmatu adiera bakarra ematen. Izan ere, Jon Maia bertsolariak ongi esanda bezala, eta haren hitzak gogoan hartzea zilegi bazait, «Euskal Herria emozioen superpotentzia bat da». Koral kolorea nagusi bazen ere, besteen artean ez zen kolore bakar bat falta, denak ziren han. Gaztak hasitako bidea giza kateak jarraitu zuen eta oihal zatiekin iritsi gara honaino. Ea hurrengo pausuan jende zoriontsua ikusten dugun, herri libre batean.
Ion Muñoa Errasti
Ni konformatuko nintzateke jendeak zoriontsu eta libre izateko aukera duen herri batean bizitzearekin. Kirmen Uribek idatzitako letrak oso politak iruditzen zaizkit sorkuntza artistiko gisa, baina infantilak eta desegokiak mezu politiko (edo prepolitiko) moduan. Zoriontasuna eta herri librea binomioak ilusioa sortzeko balio dezake, baina bata zein bestea lortzeko bideak konplexuegik dira uztarri batean lotu eta ilusioaren gurdian itsututa aurrera egiteko.
Gure Esku Dago irakaspen asko ari zaigu ematen, jendea elkartzeari, sinesteari, antolatzeari, anbizioari, konpromisoari eta abarri buruz. Txalotzekoa, eskertzekoa eta zoriontzekoa da lan hori guztia. Baina, hainbat kezka ere sortu zaizkit ekainaren 21eko ekitaldien ondoren, eta zilegi bazait, ahoz gora botako ditut:
Irribarre eta «superpotentzia emozional» gehiegi ez ote dabilkigu? Eskubide politiko-demokratiko baten aldarrikapena ez ote dugu gehiegi «pailazotu»? Agian ni zozo eta triste bat naizelako izango da, baina tristura, malenkonia, etsipena eta antzekoak ere beharrezko iruditzen zaizkit zoriontsu izateko. Emozionatuegi ez ote gabiltzan! Kolore denak dira beharrezko, baina denak batera jarriz gero beltza irteten dela ikasi genuen plastikako eskoletan ezta? Eta aniztasunari buruz zer? Sanferminetako arratsaldeetako zezenketetan agian aniztasun gehiago egongo da Iruñean joan den igandean baino; zer esanik ez San Mamesen edo Anoetan denboraldi guztian zehar. Beldur naiz konbentzituen festa hauek parrokianoak irribartsu eduki arren, Gure Esku Dagoren helburu nagusiei gehiegi ez ote dieten laguntzen.
Baina ez kasu handiegirik egin. Grisa izateaz gain, Anoetan zerbezak amaitu zirelako petralduta irten ostean idatzitako lerroak dira hauek eta.