Ehunmiliak eta Goierriko 2 Handiak probak egindakoa da Elena Calvillo. Aurten G2Hetan ariko da, Euskal Herriko Txapelketa tarteko. Sasoi puntu onean dator, eta podiumean egotea du helburu. Italiatik etorri berria zara, Lavaredoko ultratrail probatik.
Zer moduzko sentsazioak izan dituzu?
Talde moduan joan gara eta ez dut lehiatu, baina oso lasterketa polita da; paraje zoragarriak ditu. Kataluniako lagun batzuekin genuen plana eginda, eta disfrutatzen saiatu naiz. 120 kilometro luzeak egiten dira, baina esperientzia polita izan da.
Ekainean Euskal Herriko Mendi Erronka irabazi zenuen. Sasoi betean zaudela esan liteke?
Leitzan sentsazio oso onak izan nituen. Lavaredon gehiago kosta zitzaidan taldean joatea; oso lehiakorra naiz, eta eutsi egin behar izan diot neure buruari. Baina ondo etorri zait, ez baitut desgaste handiegirik hartu.
Azken hauek luzeagoak izan badira ere, aurten proba motzagoetan aritu zara, ezta?
Orain arte Espainiako Kopan sartzen diren probetan aritu naiz euskal selekzioarekin, eta gehienak 30-40 kilometroko probak dira. Leitzakoa luzeagoa zen, 65 kilometrokoa. Iaz Ehunmiliak egiteko gogoa nuen, eta Eneko [Aliende] entrenatzaileari esan nion beste helburu batzuk jarri nahi nituela, proba luzeagoetara begira. Transgrancanaria eta Hiru Handiak egin genituen, eta gero Ehunmiliak. Hiru probetan bigarren bukatu nuen, baina oso gustura gelditu nintzen.
Proba luzeetara ondo egokitzen al zara?
Hala ematen du. Erritmoa motelagoa da, erresistentzia handiagoa behar da, eta nik uste emakumeoi eta adinean aurrera goazen heinean, horrelako probak ondo ematen zaizkigula.
Eta aurten?
Aurten Enekok berriz ere esaten zidan selekzioan nahi ninduela, eta aurten Espainiako Kopa egin beharrean federazioak antolatzen duen ISF mailan egin nahi zutela ahalegina; hor sartzen dira Zegama, Gorbeia, Zumaia, Izabako Camille Xtreme eta Katalunia eta Andorrako beste pare bat. Lavaredo egiteko asmoa nuenez, ezin izan dut Espainiako Txapelketan parte hartu. Eta orain, ISFkoak bukatu eta G2H proba egingo dut, Euskal Herriko Txapelketa jokatuko delako; horretarako ilusio handia dut.
Proba luzeagoak ala motzagoak egin, prestakuntza ere aldatuko da, ezta?
Batean edo bestean destakatu nahi bada, prestakuntza espezifikoa egin behar da. Eta ni hortxe nabil, tartean. Ultretarako entrenamendu luzeagoak egin behar dira, astean ahal duzuna egiten saiatu eta asteburuetan saio luzeagoak egin.
Aurten, hiru proben artean, 900 lagunetik gora ariko dira. Nola ikusten duzu EHM proba?
Egonkortzen ari da. Euskal Herri mailan dagoeneko oso ezaguna da, eta Espainian ere gero eta sona handiagoa du. Ez dakit duen gogortasunagatik den edo, baina Katalunia aldetik, adibidez, jende asko etortzen da. Izena eta indarra hartzen ari da, bere tokia egiten. Horretan zeresan handia du antolakuntza aldetik egiten den lan bikainak, niretzako 10 bat. Ibilbidea ere oso polita da, eta batzutan eguraldiak huts egiten badigu ere, oso proba polita dela esango nuke.
Aurten G2Han Euskal Herriko Txapelketa jokoan egoteak ere plus bat emango dio, ezta?
Bai, nik uste txapelketari esker jende gehiago animatu dela G2Hn izena ematera, eta horren adibide da inoiz baino lehenago bete direla plaza guztiak.
Mendirako afizioa aitarengandik omen datorkizu, baina nola sartu zinen lasterketen mundu honetan?
Mendia betidanik gustatu izan zait, eta hori aitari zor diot, txikitatik familian mendira joan izan garelako. Aitak osaba bat zuen Aralarren artzain egoten zena, eta gu ere asko joaten ginen harekin mendira. Baina lehiatzearena gehiago datorkit senarraren aldetik; urtetan atletismo munduan ibilitakoa da, eta asfaltoko lasterketetan hasi ginen, San Silvestre, Behobia… Baina niri mendia gustatzen zitzaidan, eta Zegama-Aizkorri egiteko ilusio handia nuenez, pixkanaka mendi probetan hasi nintzen.
Nahiko berandu hasi zinen lehiatzen, ezta?
Bai, berandu hasi nintzen. Kirolzalea betidanik izan naiz; gaztetan krosean eta aritzen nintzen, eta Ordiziako errugbi taldean ere ibilitakoa naiz. Gero gazte ezkondu nintzen eta bi seme izan nituen, eta urte horietan, lana zela eta umeak zirela, kirol mundua utzita izan nuen. Baina nik uste iritsi behar zuen momentuan iritsi zela.
Hala ere, sekulako palmaresa osatu duzu.
Hemen ez dago sekreturik. Lana egiten baduzu eta konstantea izaten bazara, azkenean emaitzak jaso egiten dira. Gero badut lehiakortasun puntu hori, eta horrek ematen dit motibazioa. Nik uste nire buruarekin naizela exigenteagoa, eta emaitzak etortzen direnean gustura hartzen dira, baina gehien betetzen nauena eguneroko lan hori da. Hala ere, datorren urteari begira pixka bat deskonektatzea pentsatzen ari naiz, ze bost urte daramatzat hor nahiko maila altuan, eta azkenean pixka bat erlaxatu eta nahi ditudan lasterketak bakarrik egin eta gehiago disfrutatu nahi dut.