Mari Murumendi Maratoia egingo dute aurrenekoz igandean, eta Oñederrak (Aizarnazabal, 1977) hura aukeratu du, «aldatzearren», beste bi probak eginak baititu sarri.
Ehunmiliak lasterketako beste bi modalitateak eginak dituzu: 168 kilometrokoa eta 88 kilometrokoa. Aurten, 42 kilometroko proba berria aukeratu duzu. Zergatik?
Neurri desberdinetan aritzea gustatzen zait, beti gauza bera egin gabe. Horregatik egingo dut Mari Murumendi Maratoia. Mendian ibili izan naiz beti, baita eskalatzen, eskiatzen… ere. Aurten Quebrantahuesos probatu dut. Ez zait gustatzen beti gauza bera egitea.
Zer ezaugarri ditu Mari Murumendi Maratoiak?
Lasterketa motzagoa da, eta 2.300 positiboan izango ditu [igoera]. Igande goizean hasiko da, egunez egingo da proba, besteak ostiral arratsaldean eta gauean hasten baitira. 42 kilometro direnez, aurrenekoak 3,5-4 ordutan egingo du.
Zer iruditzen zaizu ibilbidea?
Zati bat Ehunmiliak probako bera da. Beasaindik Zumarraga aldera arte berdintsua izango dela uste dut. Hortik aurrera desberdina da, eta ez dut tokia ezagutzen. Teknikoki, ez dakit pista izango den ala mendia, eta alde handia dago batetik bestera.
Eguraldiari begiratuta, ez da komeniko ez bero handirik, ez eguraldi txarrik, ezta?
Batzuk beroarekin ondo ibiltzen dira; ni neu ez. Maratoian ez gara altura handietan ibiltzen, eta eguraldi txarrarekin ez dago arazorik; baina distantzia luzeetan, zailtasunak eragiten ditu. Iaz, esaterako, 88 kilometrokoa egin nuen, eta uztaila izan arren, eguraldi txarra egin zuen, eta hotz. Eta mendiari errespetua eduki behar zaio altuera horietan.
Zenbat denbora daramazu maratoia prestatzen?
Pare bat hilabete izango dira. Baina maratoia denez, ez dira hain entrenamendu luzeak behar. Ez dut asko entrenatzen, baina egiten dudanean, bi ordu inguru ibiltzen naiz. Asteburuetan saiatzen naiz luzeagoak egiten. Lasterketaren arabera izaten da hori. Etxe inguruan ibiltzen naiz: Ernio, Gazume… Pirinioetara ere joaten gara, mendira.
Bakarrik ala taldean entrenatzen duzu?
Normalean lagunekin, baina bakarrik ere gustuko dut. Entrenamenduetan gozatzea da kontua; ez gara profesionalak, eta entrenamenduak zehatz-mehatz egiteko beharrik ez daukagu. Geure sentsazioen arabera aritzen gara, eta baita ordutegiaren arabera ere: lana, familia, dena uztartu, eta tarte bat ateratzea ia korrika egitea bera baino zailagoa izaten da.
Ikuslerik espero al duzu igandean?
Maratoia egunez da, eta uste dut jendea egongo dela ibilbidean. Proba luzeetan desberdina da, gaueko tramoak daudelako, baina guk ez dugu bakardade hori sentituko. Gainera, Beasaingo kalean sartu, eta han ehunka lagun egoten da, azken kilometroa jendez beteta egiten da, eta sekulakoa da, gozatu egiten da.
Sprinterako gogo edo indarrik izaten al da?
Ez bat eta ez bestea. Gainera, mendian badira balore batzuk, beste kiroletan ez daudenak. Mendi lasterketetan askotan bi aurrenekoek ez dute sprintik egiten. Lasterketa osoa batera egin badute, helmugan ere batera sartzen dira. Mendi lasterketak duen beste parte on bat da hori.
Eta zein da parte txarra?
Batzuk mendian ibiliak gara mendi lasterketetan hasi aurretik. Baina jende asko ari da saltoa ematen mendiko lasterketetara, prestatu gabe edo mendiari errespetu gutxirekin. Ikusita dauzkat batzuk oso gaizki pasatzen, material gutxirekin… Behin altura batetik aurrera, kontuz ibili behar da. Jendeak salto egiten du handienera, luzeenera, motzagoak probatu aurretik. Orain boom bat dago, eta lasterketa bera egitea baino zailagoa da tokia lortzea, izena eman ahal izatea, alegia.
Zer izango da zuretzat politena maratoian?
Zerbait desberdina izatea. Azken urteetan Ehunmiliak-eko luzeak egin ditut, eta psikologikoki ere prestatzeko errazagoa da hau. Distantzia luzeak presio gehiago eragiten dizu: gaua nola igaroko duzun, etab. Lasaiago hartzeko aukeratu nuen maratoia. Gozatzeko.