Eztabaida asko sortzen duen gaia da. Batzuen ustez esnea elikagai osasuntsua da dieta orekatu baten barruan, eta beste batzuk berriz, garbi dute ez dela gizakientzako elikagai egokia. Aitortu beharrean nago ni neu ere bigarren talde horretan kokatzen naizela. Ez dut uste eguneroko elikagaiak izan beharko liratekeenik, noizbehinka apetak ematen digunean har dezakegun zerbait baizik.
Esnea bularretik hartzeko da, airearekin kontaktuan jarri orduko oxidatu eta kutsatu egiten da; naturan ez dago animaliarik heldutan, bere borondatez, esnea edaten duenik; ugaztun motaren arabera esnearen konposizioa desberdina da; eta niretzat garrantzitsuena dena: asimilatzeko gai garenak elikatzen gaitu, ez jaten edo edaten dugun edozerk.
Horren harira, esnekiek duten kaltzioaren %32,1 xurgatzen dugu; egin dezagun alderaketa barazki batzuekin. Brokolia: %61,3. Azalorea: %68,6. Aza: %49,3. Sesamoa: %20,8.
Gure hezurren kalitatea faktore askok baldintzatzen dute, ez kaltzioak bakarrik. Adibidez, hormonek, ariketak fisikoak, D bitaminak, K bitaminak edo magnesioak. Elikadurari dagokionez, benetan garrantzitsua da gatz, azukre eta irin finduak alde batera uztea edo asko murriztea eta antioxidatzaile asko hartzea (frutak eta barazkiak).
Zergatik ez da egokia? Arrazoi bat baino gehiago aipa genitzake, baina benetako gaizto papera dutenak esnearen proteinak dira. Esnekiek IGF-1 hormonaren (hazkuntza hormona) kopurua handiagotzen dute, eta hori patologia askorekin lotzen da: minbizia, diabetesa, aknea, alergiak, gaixotasun autoimmuneak, loditasuna, bihotzeko gaixotasunak eta gaixotasun neurodegeneratiboak.
Aknearen kasuan, badirudi esnea dela alterazio hori gehien eragiten duena, eta horren erantzuleak testosterona hormonaren aitzindariak dira.
Hainbat azterketek diote esnekiak muki-sortzaile handiak ere badirela, nahiz eta eztabaida handia izan.
Esnearen kontsumoa minbiziarekin lotzen duten azterketak ere badira; horien arabera, kontsumoak areagotu egiten du prostatako minbizia izateko aukera. Era berean, odoleko IGF-1 maila handia denean, emakumeek bularreko minbizia izateko aukera handiagoa dute menopausia aurreko garaian. Eta gauza bera gertatzen da endometrioko minbiziarekin menopausia ondorengo garaian. Kontua da txekorrak azkar hazteko beharrezko hormonak dituela behi-esneak, baina hormona horiek ehun epitelialak haztea eragin dezakete.
Esnea edaten dugun bakoitzean hormona-koktel itzela hartzen dugu: pituitarioak, hipotalamikoak, esteroideak, pankreatikoak, tiroideoak, sexualak… Eta gainera, animalia ugaztunek hainbat toxina iraizten dituzte esnearen bidez, hala nola pestizidak, antibiotikoak, produktu kimikoak, hormonak eta baita globulu zuriak ere (mastitisetatik eratorriak).
Bukatzeko, gomendio bat ematekotan, esango nuke esnekiak gure eguneroko dietatik kanpo uztea egokia iruditzen zaidala, eta are gehiago osasun arazoren bat izanez gero; pazientzia askorekin hornitu eta ikusi esnea eta esnekiak utzi eta gero zer emaitza lortzen dituzuen, askotan hilabeteak itxaron behar izaten badira ere. Eta noizbehinka esnekiren bat hartu nahi izanez gero, hobe hartzituak izatea (kefirra edo gazta erdiondua), ekologikoak, eta hobe ahuntz edo ardiarenak badira, esne horien proteinak eta giza esnearenak antz handiagoa baitute.