Urtetan isilpean egindako lana bere ordaina eta aitortza jasotzen ari da azken urteotan. Izan ere, Juan Joxe Agirrek beneditarren artxiboan 40 urtez baina gehiagoz egindako lanak, sari eta omenaldi askotarako eman dezake. Azkena, pasa den asteburuan jaso du Agirrek: Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak, ohorezko adiskide izendatu du.
Zientziaren eta jakintzaren arloko Euskal Herriko elkarterik zaharrenetakoa da.
Bai, zaharrena da, duela 250 urte sortu zuten, Peñaflorida kondea zen tartean. Garai hartako intelektual asko biltzen zituen, arlo guztietakoak. Gero Europara eta Ameriketara ere zabaldu zen. Baina gerra garaian hori dena moztu zen. Hala ere, gero beraiek aro modernoa deitzen zutena hasi zen, eta oraindik jarraitzen dute lanean.
Halako historia duen elkarte batek horrelako aitortza bat egitea berezia izango da ezta?
Bai. Ekitaldia bera ere oso dotorea izan zen, solemnea. Palazioa ere okasiorako apainduta zegoen, balkoiak, banderak, urteurreneko inskripzioak… Eraikin ederra da, bere kaperatxoa du, eta jardin ederrak. Elkarteko lehendakariak hitz egin zuen aurrena, eta oso gorazarre handia egin zuen, elkartean zein jende egon den, denak intelektual handiak. Neure burua izen horien artean ikustea arraroa egiten zait. Ni nor naiz pertsonaia horien guztien ondoan?
Zure urtetako lan isil hori saritu nahiko zuten.
Nik uste baloratu dutela 40 urtean egin dudan lan hori, batez ere historialariei eta ikerlariei begira. Nik egin dudana da materiala bildu eta horien eskura jarri. Joxemiel Barandiaranek esaten duen moduan, ‘herritik hartu duguna, herriari eman’. Filosofia horrekin lan egin dut, eta hala esan nuen Azkoitiako ekitaldian ere. Egin nezakeen gai bat hartu eta hura sakondu, beste askok egin duten bezala. Baina niri ez didate sari hau horregatik eman, 44 edo 45 urtez egin dudan lanagatik baizik.
Saria jasotzeko hitzaldian, euskal ondare bibliografiko eta dokumentala biltzeko egindako lana izan zenuen hizpide.
Ezinezkoa da dena hitzaldi batean laburtzea, hainbeste kontu eta anekdota daude… Baina saiatu nintzen batzuk sartzen. Eta gero batzuk esan zidaten, ‘Juan Joxe, zentsuraz-eta esaten duzun hori bizi izan dugu guk ere’. Beste era batera baina garai ezberdinetan bizi izan da hori. Beti izan dira zentsura eta debekuak. Inkisizio garaitik hasita, XV-XVI. mendean, liburu debekatuak baziren, eta inspektoreak ibiltzen ziren liburutegietan, eta esaldiak tintaz edo azidoz borratu, orri osoak kendu edo liburuak erre ere egiten ziren. Frankismo garaian, euskal apaiz batzuen argitalpenak ere debekatu zituzten.
Zuk zeuk ere bizi izan zenuen debeku horien eragina. Duela 10 urte etorri zen Guardia Zibila Baltasar Garzon epailearen aginduz. Denbora pasa arren ahazten ez den egun horietako bat izango da, ezta?
Hori ez da ahazten. Ni egunero etortzen naiz 9:00etarako, sarreratik bueltan, eta etortzen zaizkit egun hartako irudiak. Beste jende asko iristen den bezala, handik sartu ziren bi gizon, eta Garzonen aginduz atxilotuta eta inkomunikatuta negoela esan zidaten. Ia ia bertan gelditu nintzen, arnasa etenda bezala. Gero sartu ziren denak, 15 bat lagun, batzuk aurpegia estalita, pasamontañasekin. Ez nekien polizia edo Guardia Zibila zen ere, kalez jantzita zeuden eta. Gerora jakin nuen hori. Erabili zuten kaxetako bat jaso nuen, eskularruak, zintak eta hainbat papel zeuden bertan. Oroigarri moduan daukat.
«Nirea izen handi horien artean ikustea arraroa da. Ni nor naiz ba horien ondoan?»
«Miaketan erabili zuten kaxetako bat jaso egin nuen. Oroigarri moduan daukat gordeta»
«Esan izan didate: ‘hauek salduz gero dirua egin liteke’. Baina hau ez da diruz ordaintzen»
Babes zabala jaso zenuen orduan herritarren eta erakundeen aldetik. Zentzu horretan, gertakari haien harira hemengo lana ezagutzera ere eman zen…
Bai, gero atera nintzenerako alderdi guztietako ordezkariak zeuden han, EAJkoak, HBkoak, EAkoak, LABekoak… denetarik. Harritu egin nintzen. EHUko historiadore talde bat ere etorri zen babesa ematera, gehienak ere hemendik pasatakoak baitziren. Anekdota moduan kontatuko dizut, esan zidatela sekulako barreak egin zituztela, Guardia Zibilei sumarioaren akta eskatu niela jakin zutenean. ‘Baina zeini okurritzen zaio hori? Zuri bakarrik’ esaten zidaten. Nik natural eskatu nien, askorik pentsatu gabe. El País egunkariak oso ondo jaso zuen: ‘Hor ikusten da artxibozain onaren eskua’ idatzi zuten.
Haren ondoren etorri ziren artxibategi berria, izen bat hartzea, sariak eta ezagutzak…
Azkoitiako ekitaldian ere esan nuen, hau ez dela nik bakarrik egindako lana. Orain jende gehiago ere ari da, baina niretzat garrantzitsuena da honek jarraipena izango duela. Zorionez atzetik fundazio bat dago, langile batzuk eta honen jarraipena eta etorkizuna ziurtatuta daude. Hori oso garrantzitsua izan da artxiboarentzako, Lazkaorako eta baita Goierrirako ere. Ze hemen politikoak aldatu egiten dira, batzuk joan eta besteak etortzen dira, baina udaletxeetan bezala, teknikariek lanean jarraitzen dute, eta gurea, zentzu horretan, haien antzeko lana da.
Aurten bost urte beteko ditu artxiboaren eraikin berriak. Zein da urteotan egin duzuen lana?
Orain arte bildutako material guztia txukuntzen eta behar bezala gordetzen ari gara orain. Dugun material guztiaren inbentario sakon bat egiten ari gara, dokumentu bakoitzari fitxa bat eginez, eta dokumentuak digitalizatuz. Batez ere kartelekin hasi gara, eta nahiko aurreratuta gaude, 19 edo 20 mila eginda egongo dira dagoeneko. Arte aldetik garrantzia dutenak ere bai; Nestor Basterretxearen erakusketa baterako sei kartel hemendik eraman zituzten. Batzuk esan izan didate: ‘hauek salduz gero dirua egin liteke’; baina hau ez da diruarekin ordaintzen.
Inbentarioaz gain, material guztia digitalizatzen ari gara. Hasieran Donostiara eramatea proposatu ziguten, horretan adituak diren enpresa bati, baina hemendik atera, bidean eraman, puskatu edo hondatu egin direla… Azkenean makinak hona ekarri eta bertan egitea erabaki genuen. Hori guztia egindakoan, hemen bertako ordenagailuetan edonork kontsultatu ahal izango ditu.
Zuk poliki-poliki eta zeure kasa hasitako lanak beste maila bat hartu du orain, beraz.
Bai, maila handia gainera! Une honetan erreferentziazko toki bihurtu gara artxibogintzan eta euskal gaien inguruko bildumetan. Eta Azkoitiako ekitaldian ere hori aipatu zuten, erakutsi dugula posible dela artxiboak eta bibliotekak egiteko beste sistema berri eta modernoago bat, eta zentzu horretan, berritzaileak izan garela. Esan liteke ni izan nintzela Euskal Herrian ez ezik, Estatuan ere gauza horiei garrantzia ematen hasi zen lehena.
Montserraten zabaldu zitzaizkidan begiak, hango bibliotekan. Monje batek infernua izeneko gela batean zituen gordeta debekatutako liburuak. Guk ere bagunen gure infernua hemen. Batikanoak debekatutako liburu bat genuen, eta gerora ere, baimen berezi bat behar izaten zen hura ikusteko. Kutsu modernista zuen guztia debekatu egiten zuten. Eta eskuetan harrapatuz gero, ipso facto eskomulgatzea zekarren. Baina eskerrak ez genien kasurik egin eta denak gorde genituen. Orduan ezkutuan gordetzen genituen, baina orain altxorrak dira.