Joxepa Madariaga
Gure ama zenak gorroto zian uda . Barkatu, uda gustuko zian, baina udako oporrek gaixotu egiten zien. Amak arriskuak ikusten zizkian nonahi opor garaian; ikasten nahiz lanean ari ginenean, seguru ikusten gintian. Lan-istripuetan ez zian arriskurik ikusten edota, besterik gabe, ez ziean horiei erreparatzen, nonbait. Lanean ikusten gintian denok txintxo, seguru eta ondo, bakoitza bere txokoan, irabazian, lan-saioa bukatzean etxera erretiratuz. Asteburu eta oporretan, berriz, beldurrez airean jartzen huen, parrandak, txangoak, gertura nahiz urrutira irteerak … “Nahiago nuke abuztua pasata balego!” esaten ziguan uztail oro. Eta iraila iristean, betiko esaldia, lasai arnasa hartu eta barrutik ateratzen zitzaiona, “osorik etorri zarete behintzat etxera eta, eskerrak!”.
Etxeko beste guztiok, seme-alabok, ez genioan ulertzen, nahi orduko iristen ez zitzaizkigun oporrak, planez betetako egunak, egun alaiak, abenturazkoak, atsedena hartzekoak, nahiz eta gehiago nekatu … nola gorrota zitzakean horrela; guk amets egiten genian oporrekin, haizea hartuta ibiltzen gintuan, pozik.
Adin pixka bat badiagu jada guk ere, seme-alabak badizkiagu. Barraren alde batetik bestera pasa ote gaituk?, zer sentitzen, zer pentsatzen diagu opor garai honetan?, ze ilusio eta beldur izaten diagu? Hitz egin, aitatxo!…»
Inazio Usarralde
Aupa Joxepa!. Oporrei buruz hitz egin beharko dinagu, bai, nola ez bada! Garaian garaikoa solasgaietan ere… Nire txikitako iruditerian oporrek hauxe esan nahi zitenan: gurasoekin Leitzaran bailarako erreka-zulo batean egindako egun pasak eta Urbasa edo Aralar aldera egindako txangoak: eta horrekin pozik!
Gero mutil-aroan, Artze poetari keinu eginez, bizitzarako armak hartzera abiatu ginenean, festarik festarako ibilera izan huen gure aukera. Hasieran ingurukoak eta, azkenerako, lo-zakua lagun hartu eta Euskal Herriko itzulia ere egiten genuela esan zezakenagu, ekaineko sanjoanetan hasi eta irailean eskolan hasi arte.
Oporrak nola ikusten ditudan galdetzen didan gure seme-alabei begira. Dudarik gabe, ahalmenaren eta moduaren arabera, beraiek ikusiko diten nola eta non gozatu nahi duten. Gehienera ere, aholku hauxe emango nieken: urrutira joatea ondo dagoela baina, gure herrian bertan toki eder askoak ere baditugula.Halere, garaiak hainbeste aldatu ditun! Orain, ingelesa hobetzera ez bada erasmusera bidaiatzen ohituta zeuden gure gazteak eta hori ere ez dun txarra. Okerragoa iruditzen zaidan bertan lanik ez dagoelako kanpora lan bila joan behar izatea eta oporretan etxera etorri behar izatea. Hori bai tristea!
Hortaz, han edo hemen, hemen edo han, irakurle guztiok opor-atseden egun onak pasa ditzazuela, horixe opa dizuegu! Ah! Eta denok onik itzuli gaitezela…