Jon Artola
Greziarrek agian Dionisorekin nahikoa zuten jai aitzakiatarako, baina gurean San Joanekin hasi besterik ez da egiten santu jaien zirkuitua: Santa Isabelak, San Pedroak, Santa Anak… Denak kategorikoak noski, nik bezain ondo dakizunez Mikel!
Harritzekoa egiten da, ordea, Gipuzkoa bertan generoaren ikuspuntutik halako harrabotsa sortzen duten jaien ondoan (alarde desberdinak kasu), nolako lasaitasunarekin bizi ditugun guk gureak inguruan. Beti iruditu zait istilu falta honen arrazoia hemen gai hori gaindituta genuelako zela, baina garbi asko geratu zait aurten begirada maskulino huts-hutsa nuelako uste nuela hori. Izan ere, zer eta aurrenengoz egin dute dantza aurten neskek Zumarragako Antion. Aurrenengoz! Eta apur bat gehiago pentsatzen jarrita, oraindik ez dituzte egin ez Beasaingo sokadantza ez beste asko!
Kasualitatea da batzuentzat emakumeek gizonezkoenak soilik ziren eremu eta eskubide guztiak eskuratzea ondo egotea, baina juxtu beraien herriko ohituretan ezin ahal izatea. Ez al zaizu iruditzen Mikel?
Mikel Alvarez
Errazagoa izaten da beti besteena objektibotasunez ikertzea norberarena baino. Hau da, batzuk behin eta berriz errepikatzen dute bertakoak ez direnek ez dutela ezer ulertzen, bertakoa izan behar dela horretarako. Bertakoak ez direnek, ordea, erreka jaiotza bateko ura bezain garbi ikusten dute herri horretan egiten dutenak zentzurik ez duela.
Hala ere, eta ongi diozun moduan, kritika egiten duten horiek ez dute beren herrian gertatzen dena garbitasunez ikusten, Zumarragan edo Beasainen kasu. Umeak ginenetik modu mugiezin horretan gogoratzen ditugu ikuskizun edo ekintza horiek eta inork zalantzan jartzen ez dituen bitartean, ez dugu beraien egokitasun edo ezberdinkeriaz pentsatzen.
Onartuko dizut nik ere bekatu hori egin dudala eta ez dudala sekula pentsatu haurren soka-dantzaren desegokitasunean. Hala ere, garbi izan behar genuke baita ere arazoa, ez dela mutil edo neskek gauza ezberdinak egitea ikuskizun honetan edo bestean, baizik eta nesken papera, mutilenen menpe egotea. Eta bai, gurean horrelaxe gertatzen da soka-dantzan parte hartzen duten neskek mutilek gonbidatuta eta beraien bikote moduan bakarrik hartzen baitute parte. Mila esker Artola, gaur arte ez bainaiz horretaz konturatu. Lan asko daukagu oraindik egiteko.