Ion Muñoa
Ikaragarri poztu nauen albistea eman digu gure herriko artzain batek berriki. Zeraingo Basazabal baserriko Jabier Muñoaren gazta munduko 50 jaki onenen artean sartu dute Great Taste izeneko nazioarteko lehiaketa batean. Aurten 10.000 elikagai baino gehiago aurkeztu omen zituzten Erresuma Batuan egiten den sariketa honetara, eta horien artean zeuden Artzain Gazta elkarteak bidalitako lau artzainen gaztak ere. Iaz lau euskal herrialdetan lehen saria irabazi zuten artzainen gaztak bidali zituzten. Jabierrek iaz, Legazpin Gipuzkoako txapelketa irabazi zuen. Ez du erraza izan behar 10.000 elikagai ezberdin epaitzea. Baina tira! Kontuak kontu, zeraindarrok eta goierritarrok esan dezakegu munduko 50 elikagai onenetako bat gure artean egiten dela.
Benetan azpimarragarria iruditzen zait gure kulturaren, tradizioaren, ondarearen eta historiaren parte den elikagai bat abanguardian egotea. Modernitatea eta tradizioa elkarren kontrako dikotomia diren iritzia zabalduegi izango dugu. Baina gure artzainek egindako gazta gustura jateaz aparte, seguruenik badugu zer pentsatua aurrerabideaz, etorkizunaz, identitateaz, modernitateaz… ogibideak zentzu gutxi ez ote duen ogirik gabe!
Kontu inportanteenera bueltatuz ordea, zeintzuk dira zuretzat, Eneritz, munduko jaki onenak Basazabalgo Jabierrek egindako gaztaz gainera?
Eneritz Gorrotxategi
Produktu asko dira munduan zerrenda horretan sartuko nituzkeenak! Tartean nola ez, guk ere gure herrian badugu hainbat sari irabazitako Baztarrika gazta, baratze ugaritako barazkiak ere baditugu… Baina niri produktua ona den edo ez baino gehiago axola zait, batetik jaki horren inguruan biltzen den konpainia edo ekoizleak nahiz sukaldariak produktu hori sortzean jarritako mimoa.
Egia esan, horrelako izendapenek niri ere zalantzak eragiten dizkidate. Munduko onenen artean egoteak, eskariak ugaritzea ekarriz gero, zer egin behar du ekoizle horrek: produkzioa lehengoan mantendu eta eguneroko bizitza berbera mantendu? Ekoizpena handitu eskari guztiei erantzun ahal izateko? Bere ekoizpena nahikoa ez bada, aldamenekoarekin elkar-lanean hasi, eskakizunari aurre egiteko adina izan dezan? Daukan adinaren eta ondorengoen arabera erabaki bat edo bestea hartu beharrean ikusiko ote da?
Niretzako garrantzitsuagoa da nondik gatozen jakitea. Zerrenda horretan sartu duenak zaporea, itxura, kolorea, mozketa eta beste hainbat balio neurtuko zituen, baina nork neurtzen du belaunaldiz belaunaldi trasmititzen den artisau lanak atzean dituen esanahia, garrantzia eta balioa? Niretzako bere lana gustura eta ahalik eta ondoen egiten badu, zerrenda horretan egoteko moduan da. Zerrenda horretan agertu edo ez, asko dira munduko onenak direnak, batez ere mimo guztiz prestatutakoak badira.