Uda hasiera-edo izango zen. Igande bazkalostea. Aspaldian maiz samar egiten dudan moduan, Beasaingo geltokian trena hartu eta patxada ederrean eseri nintzen bagoietako batean. Eserlekuari gogorregi iritzi zioten nire ipur-masailek, beste behin. Baina segituan ahaztu nituen deserosotasunak, besapean neraman liburua zabaldu eta irakurtzeari ekin nionean. Halaxe, tarteka leihotik begira, tarteka aurrean nituen letrak janez, gustura joan nintzen tarte batean. Parean tokatu zitzaidan iskanbila batek aztoratu ninduen arte.
Tolosako geltokian, jai-egunetan ohi denez, gaztetxo koadrilla bat igo zen bagoira. Nerabeek ezaugarri izaten duten algara nagusitu zen inguruko jarlekuetan. Ez nion garrantzia handirik eman. Adinaren kontuak. Gehiago asaldatu ninduen ondoren ikusitakoak. Han agertu baitzen treneko ikuskatzailea, atzean bi guarda morrosko zituela, kopetilun. Ez zen ba neska-mutilei errieta egiten hasi, hots gehiegi ateratzen zutela iritzita…
Zorroztasun alferrikakoa iruditu zitzaidan, baina nire irakurketan murgilduta jarraitu nuen. Hurrengo geltokian, ordea, bagoira igotzear zegoen gazte bati sarrera ukatu zion zaindarietako batek. Arrazoia? Trenera sartzen ari zen bitartean barrezka hasi izana. Aldi berean, lagun-talde hartako zenbait kide inolako errespeturik gabe tratatzen hasi ziren morrosko haiek. Pekatu bakarra –ez dut uste falta grabea denik– ozenegi hitz egitea zuten gaztetxo haiek. Eta ez zituzten behar bezala hartu Cercanias hartan. Zorrozkeria neurrigabez eta, nire ustez, modu itsusian baizik. Bat etorri ginen inguruan eserita geunden zenbait bidaiari, zalaparta bukatu zenean.
Ez dut honekin Renfeko interbentore, guarda eta langile guztien lana gutxietxi eta zikindu nahi. Normalean arretaz eta errespetuz hartzen dituzte bidaiariak –ia beti gaztelaniaz bada ere–. Baina bada kontrako kasurik ere.
Igande arratsalde hartan, trenaren triki-traka artean jazotakoan pentsatzen ari nintzela, gogoratu nintzen egunkarian irakurritakoa. Renfen zaindari lanak egiten dituen bikote batek azken hilabeteetan zenbait salaketa jaso zituen, ustez bidaiarien aurka erabilitako biolentzia kasuak tarteko.
Gertaera horiek alde batera utzita –espero dut neurriak hartuko zituztela erasoaldi horien autoreen aurka–, agerikoa da Renfek gipuzkoarroi eskaintzen digun zerbitzuaren pobrezia. Tren zaharrak erabiltzeaz gain, irisgarritasunaren ikuspegitik ez dituzte gaur egungo estandarrak betetzen. Galdetu bestela ezgaitasunen bat duen edonori edo ibiltzeko bastoiaren laguntza behar duen adineko pertsona bati. Ordiziatik edo Itsasondotik Donostiara joan nahi izanez gero, nekez okurrituko zaio geltokira joan eta trena hartzea.
Bestalde, herrialdeko gainontzeko garraiobide publikoak txartel bakarrean integratu zirela urte batzuk pasa diren honetan, Renfek deskontu-sistematik kanpo jarraitzen du oraindik. Jokabide horren arrazoirik ez dugu ezagutzen gaur egun.
Eta, hala ere, goierritar askok darabilen garraiobidea da trena. Lekuz aldatzeko modu seguru eta ekonomikoa delako, azken batean. Zoritxarrez, esan daiteke eskualdean dugun zerbitzuak ez duela apenas berritasun eta hobekuntza esanguratsurik izan azken urteetan. Zerbitzu hauen hobetzea eskatzea eta horren alde lan egitea jarrera ona litzateke, nire ustez, gertu ditugun udalen eta erakundeen jardunerako. Bitartean, espero dut artikulu honek inor xaxatuko duela, gutxienez Renfeko zuzendariak irakurtzen badu.