Ez nuke nire burua bertsozale amorratu bezala definituko. Noizean behin bertso-saioren bat edo beste ikusi eta entzutea gustatzen zait ordea. Azkenaldian badugu Goierrin non aukeratua. Ohiko bertso-saioez gain, Beasainen hasi zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken fasea. Urretxu-Zumarragak ere hartu du herrialdeko sariketa nagusiko kanporaketa bat eta, berriki, joan den asteburuan, Ormaiztegiko frontoian jokatu da final-laurdenetako saioetako bat.
Han izan nintzen igandean. Bazkalosteko kafea hartuta joan nintzen, jaialdi eder batekin gozatzeko esperantzan, iganderoko siesta gozoari uko eginda. Kuriositate puntu batekin gerturatu nintzen Zubipe frontoira. Ez bakarrik azken sailkapena jakiteko grinez, txapelketako giroa berriz bizi eta dastatzeko gogo biziz baizik.
Izan ere urte batzuk paseak ziren azkenekoz txapelketako bertso-saio bat ikusi nuenetik. Jendetzak animatu baino desanimatzen nauen horietakoa bainaiz. Zientoka pertsona biltzen diren toki horietan gozatu eta lasai ibiltzea kostatzen zaien horietakoa. Arrazoiak arrazoi, kontua da banuela gogoa txapelketako giroa berriz ikusi eta dastatzeko. Eta sorpresa ederra eraman nuen.
Azken urteotan bertsolaritzak izan duen boom edo aparraldia ikusita, pentsa zezakeen baten batek dagoeneko neke edo apalaldiren bat ere nabarituko zuela bertsolaritzak, modak aitaren batean aldatzen diren garai hauetan. Halakorik ez; Ormaiztegiko frontoian laurehun lagunetik gora bildu ziren. Beste batek agian imajina dezake, baita ere, jada bertsozale beteranoek ez dutela bertsolari gazteen kantakerarekin gozatuko. Hortan ere kale! Adin, estetika eta esango nuke erlijio ezberdinetako jendea ere bildu zuela bertsolaritzaren liturgiak Ormaiztegin.
Pozik atera nintzen bertso-saiotik. Ez kantatu zuten bertsolarien artean zegoen goierritar bakarra hurrengo fasera pasa zelako –horregatik ere bai– bertan sentitu nuen giroagatik baizik. Momentuko aparraldian surf egiten dabilen bertsozalea baino, benetan bertsoarekin gozatzen duen arnas luzeko publiko bat ikusi nuelako baizik.
Koldo Mitxelenak esan omen zuen gure herriak, herrien artean bere tokia behar duen bezala, euskarak ere berea aurkitu behar zuela; «handizkeriazko menturarik gabe, iraupena eta hazkuntza behar adina toki». Azkenaldian, berriz, entzun izan diot aditu askori, «toki» bat baino, toki ugari behar ditugula euskal-hiztunok, zeinetan gure hizkuntzak arnasgune sendoa izango duen eta euskaldun komunitatea hizkuntzarekin modu naturalean erlazionatuko den.
Ez dut ezer berririk deskubrituko, baina garbi dago bertsolaritza azken hamarkadetan –eta lehenago ere bai, ziur asko–, arnasgune sendo eta erakargarri bilakatu dela euskal hiztunak direnentzat eta izan nahi dutenentzat. Edozein izanda ere adina, edo pentsamoldea, edo orrazkera, edo euskalkia, bertso-saioek euskaraz bizitzeko gune paregabea eskaintzen digute.
Horra hor pisuzko arrazoi bat nire igande gaueko poza azaltzeko eta, bide batez, bertsolaritzaren altxorra zaintzen eta garatzen jarrai dezagun. Hala ere, badira baliogarri diren argumentu gehiago ere. Koldo Mitxelenaren gogoetak edo ni bezelako kazetari sasi-entenditu baten gomendioak baino garrantzia gehiago dutenak, gainera. Pisuzkoak baitira bertso jaialdi batera eramaten gaituzten arrazoi nagusiak ere: ondo pasatzen dugulako, igande arratsaldea betetzeko plan txarra ez delako, filosofatu, kritika egin, hunkitu, barre egin eta aisialdiaz gozatzeko aukera ematen digulako. Bertsolaritza bultzatzen jarraitzeko pisuzko arrazoiak, horiek guztiak.