Mikel Irizar ormaiztegiarra Gipuzkoako Foru Aldundian Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari da, uztailetik.
Gipuzkoako Foru Aldundian Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari zara, uztailetik. Lehengo Euskara zuzendaritzaren tokian. Nolatan iritsi zara hara?
Nire izendapena ez zen aurrez eraikitako adostasun baten gainean egin. Bazegoen ezagutza pertsonal bat, eta egon zitekeen agian zenbait gauzatan sintonia. 2011n jubilatu nintzen Kutxatik. 2007tik 2011ra hizkuntza arduradun izan nintzen, eta gero gizarte ekintzako arduradun. Markel Olanoren aurreko legealdiarekin kointziditu zuen, bete-betean. Harreman oso estua izan genuen, bai hizkuntza gaietan, bai gizarte ekintza gaietan. Hurbiltasun pertsonal horretan uste dut dagoela izendapenaren arrazoia.
Euskararen eragiletzan aritua zara, aspalditik. Lehenago izan zara sukaldari, fraide baino.
Bai. Kutxa utzi eta bi urtez izan nintzen Topaguneko presidente. Gero, Tokikom sortu eta horko presidente ere izan nintzen. Gainera, iritzia publikatzen ari naiz joan deneko 25 urteetan; irakurri dituenak badaki oso nire kabuz ibiltzekoa izan naizela. Proposamena egin zidatenean aldunditik, esan zidaten justu hizkuntzaren gaiak kudeatzea nahi zutela ez gobernuaren ikuspegitik gizartearekiko, baizik gizartean ea nor egon zitekeen gaia ezagutuko zuena eta aldi berean gobernu honekin kolaboratzeko prest egongo zena. Aktibismotik nator.
Aktibismoa erakundeetara ekartzea EAJren ikuspegi aldaketa da? Edo euskalgintzan egon izan den ildo ofiziala eta gizarte eragileen lana uztartzeko ahalegina?
Nik uste dut badela sintoma bat. Egia da euskalgintzan egon dela distantzia bat gizarte dinamikaren eta erakundeen artean. Ez esparru guztietan, baina batzuetan bai; ez dut esango elkar ukatzea, baina elkar gutxi aitortzea edo elkar gutxiestea egon da. Momentu honetan egoera diferentea bizi dugu. Aro politiko berria deitzen den horrek ere zerikusia badaukala uste dut. Aukera batzuk sortu dira, eta horiek baliatzeko zubi batzuk berreraiki behar dira, lehen lubakiak egon diren tokian.
Ni bezalako zubigile bat jarri izana hemen, aukera hori baliatzeko borondatea gutxienez bada. Beti sinistu izan dut —Ormaiztegin jaio den batek oso ondo ezagutzen du zubien garrantzia— gizarte ekimena eta erakundeen lana ondo uztartuz gero, indar izugarria eduki dezakegula. Eta euskarak hori behar du: indarra.
Uztailean izendatu, eta irailean hasi zinen lan betean. Zer sumatu duzu sektorean, gizartean euskararekiko hilabeteotan?
Ilusioz hartu nuen izendapena, eta ilusio handiagoarekin nago orain. Ikusi dudana gustatu zait. Eta ez da dena polita delako. Alde batetik, hilabete hauetan ibilbide bat egin dugu elkarrekin, eta sintonia handia sortu da ikuspegian, diskurtsoan. Aldundiak lau urterako plan estrategikoa definitu du, eta hizkuntzaren gaia oso ondo kokatuta gelditu da. Bestalde, nire lehentasuna izan da euskalgintzako eragileekin egotea. Oro har, ez dago inon segurtasun handirik, leku denetan daukate kezka bat etorkizunari buruz. Ez da ezkortasuna; egoera diferente bat dator, eta hor nola eraldatu da kezka. Berrikuntzaren premia oso nabarmena da. Bestetik, diru gehiago zegoenean autosufizientzia puntu bat bazuen bakoitzak; orain askoz umilago gaude denok, eta jakitun gara lankidetza behar dela.
Berrikuntza, zer zentzutan?
Oraindik ez gara ados jarri euskararen biziberritze prozesua apalaldian, geldialdian ala bidegurutzean dagoen. Edo goldealdian dagoen aspalditxo, Jon Sarasuak esan zuen bezala. Baina badago irudipena, orain arte egin ditugun gauzak berdin-berdin egitearekin ez ditugula orain arteko hazkundeak edo urratsak lortuko. Bakoitzak diagnostikoa egingo du bere erara, baina zerbait diferente egin beharko genukeen premia ikusten da.
Zer bideratuko du aldundiak?
Hausnartu dezagun denon artean ea zer egin behar dugun diferente, emaitza hobeak lortzeko. 2016ko aurrekontua ez dugu aldatuko; 2015ekoaren kalko bat izango da, denbora irabazteko. Urte hasieran hasita, prozesu parte-hartzaile bat egingo dugu, eragile guztion eta aldundiaren artean. Begirada altxatu, eta ikuspegia luzatu argirik ikusten dugun. Ea identifikatzen ditugun berrikuntzarako palankak. 2017ko aurrekontuak jada kontuan edukiko luke hori. Nahi nuke, gainera, etengabeko prozesua izatea. Legealdiko denboran buelta bat eman, eta ea iristen garen 20-25 urterako begirada jartzera.
Zuk, zure esperientziatik, zer ikusten duzu datozen 20-25 urte hauetan lortu beharrekoa?
Gipuzkoa erdigune geografikoa eta linguistikoa da. Hori ez da gipuzkoarron meritua, euskararen higadura kanpotik barrurantz izan delako da. Erdigunean egoteak zor puntu bat jartzen digu: gauzak ausartago, oso ondo egiten asmatu behar dugu. Eta, gainera, eskuzabal, guk egiten duguna besteentzat mesedegarri izateko. Gipuzkoan urrats inportanteak egin ditzakegu.
Zein da planteamentua?
Gipuzkoako erakundeek eta eragileek defektuz euskaraz funtzionatzea. Gaztelania izango litzateke hor dagoen komunitate handi eta ahaltsu bat, eta euskofonia edo euskararen komunitatea bereziki Gipuzkoako eragileen, erakundeen eta bertakoa berezia, ezberdina. Berdintasun kuantitatiboa ezingo da lortu, gaztelaniak sekulako indarguneak dituelako; baina gutxienez bi eredu diferenteen arteko oreka moduko bat bai.
Zer helburu lortzeko?
Nik nahi nuke Gipuzkoa izatea naturaltasunez eta defektuz euskaraz funtzionatuko duen lurralde bat, hemendik 25 urtera. Iruditzen zait oso posible dela. Gaurko datu soziolinguistikoei erreparatuta, posible da 25 urte barru euskaraz bizitzea normala izatea Gipuzkoako esparru guztietan. Horretarako, noski, lankidetza behar da, eta gizarteko indarra aktibatzea eta are aktiboagoa izan dadin lortzea. Eta behar da erakundeetan behar diren babesak eta baliabidea jartzea. Elkarrekin lan egitea, bakoitzak bere funtzioak ondo betetzea.
«Aukera batzuk sortu dira; horiek baliatzeko zubiak eraiki behar dira, lubakien tokian»
«Gizarte ekimena eta erakunde lana ondo uztartuz gero, indar izugarria daukake euskarak»
«Euskalgintzako eragile guztiek daukate kezka; berrikuntza premia nabarmena da»
«Nik ulermenean daukat sekulako esperantza jarrita; erabilera nabarmen gehituko litzateke»
Esan izan duzu, kargu honetatik, erabili nahi duen hizkuntza aukeratzerako garaian askatasuna eta errespetua aitortu behar zaiola bakoitzari. Baina, noski, ez daude egoera berean gaztelania eta euskara. Desoreka hori nola gaindi liteke?
Zuzendaritzari izena aldatzea kezka horretatik abiatzen da. Euskara zuzendaritza baldin bada, badirudi euskarari buruz eta euskaraz hitz egiten dutenez arduratu behar duela. Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritza jartzea, justu, horretara zetorren. Euskararen aldeko diskurtsoa behar-beharrezkoa da, hor ez da ezer ukatzen; euskarak euskaltzale asko behar ditu. Kontua da, argi bat pizten badugu euskararen gainean, horrek euskaltzale ez direnak itzaletan uzten dituela: ‘Hori ez da nire kontua, nik ez dakit euskaraz, euskara ez zait inporta…’. Itzaletan eroso daude. Beste foko zabalago bat piztea da kontua.
Hizkuntzak pertsona guztiei dagozkiela aditzera emateko?
Batzuek diskurtso errepublikarra deitzen diote: askatasuna, berdintasuna eta justizia soziala. Diskurtso zibiko hori hizkuntzaren esparrura ekartzea da. Bi hizkuntza baldin badaude, maila pertsonalean eta arautu gabeko esparruetan pertsona bakoitzari aitortu behar zaio erabateko eskubidea daukala hautua egiteko: nahi duenak euskara erabiliko du, nahi duenak gaztelania. Baina horrek, ezinbestean, berdintasunaren lotura darama, hautuen arteko berdintasuna behar da. Batek gaztelania hautatzen baldin badu, eta besteak euskara, biek bestearen hautua ulertzea behar da. Ulermena da ezinbesteko baldintza.
Euskaldunak erdaldunari ulertzen dio. Baina alderantziz?
Planteamendu berri horrek, jada, euskaratik itzalean zeuden horiei ere erantzukizun bat jartzen die: zuk ez baduzu bestearen hautua ulertzen, zu ari zara bestearen askatasuna ukatzen, galarazten. Zure erantzukizun zibikoa duzu, ez jada euskararekiko, baizik besteen aukera gutxienez ulertzeko. Konpromiso zibiko bat du hor, askatasunarekin eta berdintasunarekin.
Arlo horretan eragitea izango da etorkizunerako gakoa?
Nik ulermenean daukat jarrita sekulako esperantza. Euskal hiztunok jakingo bagenu goazen edozein lekutan ulertzen gaituztela, ez genuke euskaraz orain baino gehiago egingo? Nabarmen, bai. Hori lortzeko, oso inportantea izango litzateke ulermena lantzeko metodologia bat prestatzea. Halako esperientziak egin dira, lan esparruan eta. Sistematizatzea izango litzateke kontua. 50 ordu euskaltegian eginda, gainera doan, bi hilabete barru arazo hori sendatuta luke. Hortik aurrera bilerak euskaraz egin ahalko ditugu, nahiz eta hark askatasun eta eskubide osoa izango duen gaztelaniaz hitz egiteko.
Baina bi ulermen maila daude. Bat, linguistikoa; euskara ulertzeko gaitasuna duen ala ez. Bestea, ideologikoa; gaztelaniaz egin diezaiotela exijitzea.
Horretara dator babes dirkurtsiboa. Zuk errespetatu behar nauzu ni. Pertsona bezala errespetatu behar nauzu hiztun bezala ere, berdin-berdin. Ukazio horiek desmuntatzetik etor daiteke elkarbizitza hobea, bakoitzarentzat garrantzitsua den ezeri uko egin gabe. Bigarren ulermen adiera hori oso garrantzitsua da. Naturaltasun puntu bat falta zaigu, eta oso harreman gatazkatsuak izan ditugu askotan, hizkuntza tarteko zela. Baina gauza batzuk ukatu behar dira: ez dago hizkuntza bat ez jakiteko eskubiderik. Ignorantziarako eskubidea ez dago inongo konstituziotan jasota. Ez jakitea ez da eskubide bat.