Enba sindikatuak Baserri Gaztea topaketak antolatu ditu, sektorea gaztetzeko aukerez hausnartzeko. Euskal Nekazarien Batasuna sindikatuaren arabera, Europako nekazal sektoreak bizi duen zahartze prozesua are nabarmenagoa da Euskal Herrian. Datuak ere badituzte esku artean: baserrietako titularren artean, %10 da 40 urtez azpikoa, eta %33k 65 urtetik gora ditu. Egoera horren aurrean, baserriaren gaztetzearen inguruko gogoeta egitea erabaki dute. Hasteko, Baserri Gaztea topaketak antolatu dituzte. Abenduaren 14an eta urtarrilaren 11n izango dira, Zaldibiako Goizane zentroan.
Topaketa hauetan, baserritar gazteen beharrez eta erronkez hausnartu, eta baserria gaztetzeko zein aukera egon daitezkeen aztertuko dute. Horretarako, adituek zein baserritar gazteek parte hartuko dute. Hitzaldiak eta mahai inguruak izango dira.
Abenduaren 14ko topaketan, baserritar berriez ariko dira. Hau da, baserri bat hartu eta martxan jartzen duten gazteez. Urtarrileko topaketan, berriz, transmisioa izango dute hizpide, eta baserria senitartekoei utzi dieten hiru familiaren testigantza entzuteko aukera izango da.
Agendan sartzeko unea
Xabier Iraola Enbako kidearen hitzetan, topaketa hauen bitartez giro edo ekosistema bat sortu nahi dute, baserritar gazteen gaia aktibatzeko. «Bi aukera ditugu: negar egiten jarraitu, edo gogoeta egin». Sindikatuek, elkarteek eta bestelako eragileek gaia agendetan sartzeko unea dela uste du Iraolak. Datozen urteetan ere baserriaren gaztetzearen inguruko jarduerak antolatzeko nahia du Enbak. Izan ere, gazteek erreleboa hartu ezean, nork mantenduko du baserria?
Abenduko topaketan parte hartzeko, hilaren 10a baino lehen eman behar da izena telefono honetara deituta: 943 65 01 23. Bigarren topaketarako, berriz, urtarrilaren 7a baino lehen.
Egitaraua
Abenduaren 14ko topaketaren egitaraua.
10:00-10:45. Baserritar gazteen diagnostikoa. Egoera, problematika eta erronka nagusiak.
11:00-12:00. Baserri mundua gaztetzeko aukera ezberdinak ezagutzea. Gaztenek elkarteko Eli Gorospe eta Iparraldeko Laborantza Ganbarako Iker Elosegi.
12:00-13:30. Mahai ingurua, baserrian instalatu berri diren hiru gazteekin.
13:30. Auxtin Ortiz, Foro Rural Mundialeko zuzendaria.
Urtarrileko egitaraua ikusteko, sartu www.enba.es webgunean.