Gaur egun, jende guztiak sinestarazi nahi dio auzokoari zoriontsua dela, bizitza zoragarria duela. Bizitza birtual bat sortu eta ezagutzera ematen du, bestearen miresmena eta onespena jasoko duen itxaropenarekin. Horretarako, badago berezko leku bat, seigarren kontinentea esaten zaiona: ez-leku bat, lekurik gabeko espazio bat non, antza, nahi dugun guztia izan gaitezkeen; sarea, alegia. Postureo esaten zaio jarduteko forma horri. Alegia, euskaraz, betidanik itxurak egitea edo itxurakeria esan izan dena. Hitzetik hortzera entzuten ari naiz azken boladan hitz berria; aurreneko aldiz etxean seme-alabei Instagramen argazkiak ikusten ari zirela eta, azkenekoz, politikari batzuei irratian elkarri mokoka ari zirela.
Postureoan dabilenak badu bere buruaz irudi jakin bat sortzeko beharra, eta horretarako, komeni zaizkion bere bizitzako pasarteak eta atalak jartzen ditu ikusgai. Irrikaz espero du baten baten erantzuna, txarra nahiz ona. Inork kasurik ez egitea da gerta dakioken gauzarik okerrena. Gure mundutxora ekarrita, koadrilarik ez edukitzea bezain kontu gogorra. Alegia, integrazio edo bazterketa sozialaren neurgailu bihurtu da sarea, edo hori sinetsarazi nahi digute behintzat. Are gehiago, sarean ez egon nahi izatea, ia iraultzailetzat jotzen da, anti-sistematzat.
Ni birtualak, neurri batean, gogorarazi dezake literaturako fikziozko pertsonaia, oso bestelakoa izan arren. Literaturak, Aro Modernotik aurrera batez ere, irudimenezko alter ego-ak sortu ditu, gizakiaren izatearen misterioan arakatzeko. Munduaren mugak ezezagunak ziren garaian, fikziozko pertsonaiek beren ekintzen bidez ematen zuten euren burua ezagutzera. Behin, muga fisiko guztiak gaindituta, pertsonaiek beren barne mundura egin zuten jauzi. Horrela bihurtu zen eleberria gizakiaren barne bizitza esploratzeko lurraldea eta eleberrigilea, esploratzailea.
Eleberriak gizakiaren aukera mugagabeetan arakatzen du bere baldintza historiko, politiko, sozial eta pertsonalez haratago. Eta ez dago esan beharrik literaturako pertsonaiak Instagramekoak baino anitzagoak, erakargarriagoak eta aberatsagoak direla. Idazleek era guztietako pertsonaiak sortzen dituzte; sare sozialetan ikusten diren argazkietan, berriz, pertsonaia guztiek errepikatzen dituzte jarrera eta keinu berberak. Aldez aurretik narratzaile orojakileren batek sorturiko pertsonaia beraren klonak ematen dute.
Halere, ni birtualak eta literaturako fikziozko pertsonaiak badute antzekotasun bat: ez batak ez besteak ez digute errealitateari buruz hitz egiten. Ni birtuala gauzen azalean geratzen da eta fikziozko pertsonaia, berriz, oraindik ere izendatu gabeko eremu ezezagunetan. Ni birtualak itxurakeria baino ez du helburu; literaturak berriz, gizakiaren existentzia. Errealitateaz promozio asmorik gabeko kazetaritzak arduratu beharko luke.
Edozein modutan, postureo-tik aldentzeko, literaturaz gain, badago beste aukera bat: yoga. Yogan egiten diren ariketa fisikoak ásana dute izena. Jarrera esan nahi du hitzak eta metafora eder bat iradokitzen du: gorputzarekin pentsatzea; yogak gorputza eta gogoa bateratzea du helburu. Ásanek bizitzan hartzera behartuta gauden jarrera ezberdinak gogorarazten dizkigute: gerlariarena, umekiarena, bakearena, agurrarena, orekarena… heriotzarena.