Enerittz Gorrotxategi
Abenduko sasoi honetan, urte amaierako balantzeak egiten hasi ohi da jende asko. Gabonen atarian gainera, sarri entzuten ditugu urte berrirako asmo berri eta desioen zerrendak (desioak betetzen errazago izaten dira, asmo berri asko ordea, urtero errepikatzen direla iruditzen zait). Olentzerori gutuna idazteko sasoia ere bete-betean dugu. Bada, uste dut aurten, gure etxeko tximinitik sartu ordez, behar gehiago dutenen etxeetan sartzeko esango diogula guk. Izan ere, egunen batean betetzea pentsatzen genuen ametsa, gauzatu egin da. Eta zer esango dizut ba, irribarrea ezin ahotik kenduta gabiltza orduz geroztik. Ez dakit Olentzero aurreratu dela esatea zilegi zaigun, baina benetan, askori entzun izan diegun eran, «bizi artean, ez da jakiten zer den». Bizilagun bati entzun nion bezala: «hain gauza txikia da, baina hainbeste da!». Egia borobila, bai neska! Sabelean izandakoa, besoetan hartzean sentitzen dena, ezin da hitzez adierazi. Ez dugu esango dena arroxa kolorekoa denik, izaten baita kolore ilunxeagoa duen unerik ere… baina 2015ean gertatutako batzuk atzean utzi eta gogoan hartu beharrekoak hartuta, 2016a irribarre batekin hasteko moduan gara gurean. Zuk Ion, Olentzerori zerbait eskatuko al diozu?
Ion Muñoa
Txikitan «sorpresa» eskatzen zuen horietakoa nintzen ni. Abantaila dezente zituen horrek. Ez jakiteak irudimenaren mundua ikaragarri hazten zuen eta mundu hartan zoriontsu izateko baldintza egokiak zeuden, aurreikuspenak norbere esku baitzeuden. Geroztik, baina bide hari jarraituz, «okerragorik eza» eskatzen diot urtero Olentzerori eta urte berriari.
Halako izaki ahalguztidunez ari garenean (izan Olentzero, Jainkoa, bizitza, espirituak, Santuak, indar paranormalak…) ohikoa izaten da gure kontrolpean eta gure esku ez dauden gauzak eskatzea, gizakiak berezko duen txikitasun «beti gehiago nahi» horretatik. Eta etorkizuneko zorionbidea norbere aurreikuspenekin oso lotuta egon ohi delako eskatzen diot nik «okerragorik eza» urtero. Orain artean ez doakit hain gaizki. Dena den, gure esku ez dauden gauzez gain, gure esku daudenak ere beste batzuei (Olentzero, Jainko edo lider jainkotuei) ez ote dizkiegun gehiegitxotan eskatzen, beti izaten dut kezka. Olentzerori azterketa gainditzeko eskatzea bezain irreala da lider politikoei munduko arazo guztiak konpontzeko eskatzea edo Jainkoari nire poltsikoa betetzeko galdegitea. Gauzak horrela, aurten, «okerragorik eza» eta «sorpresa» eskatzeaz gain, jendeak beregain ardura gehiago har ditzala ere eskatuko diot Olentzerori. Modu horretan, agian berak lan gutxiago izango du eta bere gerrialdeak eskertuko digu.
Ez dakit nola deitu: Olentzero edo Eguberritako espiritua edo Gabonen majia edo bakoitzak nahi duena! Baina iruditzen zait, Eneritz, zure hitzei darien zorion esentziarekin askoz zerikusi gehiago dutela egun hauek eske fantasiosoekin baino. Zorionak Eneritz! Zorionak eta Eguberri on guztioi!