Esanahi eta forma asko izan ditu Olentzero edo Olentzarok: enborra, urte-garaia, ura, ogia edo giza-irudia.
Gizaldien joanean, lausotu egiten da ospakizunen esanahia; pertsonaien izaera; gertakizunen arrazoia. Kontzientzia kolektiboan geratu diren ohiturak, kondairak eta usadioak izan daitezke jatorrizko mamiaz zerbait jakiteko bidea. Irakurtzen jakin behar; antropologoen betaurreko bereziekin, Gabon garaiko kosmobisioaren zertzelada batzuk ikus daitezke.
Olentzero da euskal kulturako pertsonaia berezienetako bat. Gizakia baino lehen, ordea, garai bat izendatzen zuen; baita beste elementu batzuk ere.
Joxemiel Barandiaran antropologo ataundarrak 1914 inguruan jaso zuen Olentzaroren —Olentzero, Onentzaro, Orentzaro, Orantzaro, Onontzaro aldaerak ere erabili izan dira Euskal Herrian— ipuina.
«Aralarren bada Martxabaleta izeneko gaintxo zelai bat. Han, aspaldi, jai arratsalde batez, jentilak dantzan zebiltzalarik, laino argi bat ostrian sortaldetik zetorkiela ikusi omen zuten. Ba omen zen beren txabolan jentil zahar bat ostri eta izarren berri zekiena. Atera omen zuten zelaira eta laino argiari begira jarri. Orduan, zaharrak hauxe esan omen zien: ‘Nire umeok! Kixmi jaio duk, eta gureak egin dik, gure askazia galdua duk; ez diat gehiago bizi nahi eta hor, mailoan behera, amil nazazue», kontatu zuen Barandiaranek Tolosan, 1973ko Gabon aurreko hitzaldian.
Amildu zuten jentil zahar jakintsua, eta malkarrean hil zen. Gero, beste jentilak, lainoagatik ihesi, Arraztarango armuran harrizko estalki handiaren azpian sartu omen ziren. «Han dago oraindik haien hilobia, Jentilarri», Aralarko trikuharri bati buruz. Denak ez ziren sartu.
Olentzero, berri emaile
Jentilen artetik alde egin eta bailarara jaitsi zen azken izaki hura, kristo jaio zela oihu eginez. «Oraindik ere herri askotan Gabon gauez agertzen omen da, diotenez, berri hori emanez», dio Barandiaranek, artzainei jasotako istorioan.
Segurako kondairak dioenez, Aretzamendi inguruko jentilek ikusi zuten Kixmiren edo kristoren laino argi hura, eta Balenkalekuko trikuharriaren azpian sartu ziren. Han ere batek ihes egin zuen, berri emateko jaisteko: Olentzerok.
«Olentzero dugu, dirudienez, esaundetan ageri zaigun jentila edo mairua, Kristoren iragarlea, alegia. Hemen lehenengo izan dugun periodista eta Euskal Herrian lehenengo misiolari», dio Barandiaranek, umorez.
Giza-irudiko berriemaile tankeraz gain, baditu Olentzerok beste forma edo esanahi batzuk ere. XVII. mendean, adibidez, Gabon gaua eta bere inguruko garaia izendatzen zuten Onentzaro izenez, Lezon.
Gabon zuzia, gabon sua
Gabon gauean, Euskal Herrian oso zabaldua zegoen sutan subila deituriko enborra jartzea. Subilaroa, izan ere. Olentzero-enborra edo Gabonsubila zen; Zegaman, gabon-zuzia. Subil horri, Gabon gauan sutan egon zelako, indar berezia egozten zioten. Ke-zulotik jaitsita, Olentzero begi gorri edalea ere haren ondoan berotzen zen.
Barandiaranen eta beste hainbat antropologoren iritziz, Olentzero-enborraren ezaguera pertsonaiarena berarena baino lehenagokoa da, Euskal Herrian. Gabonetan ebakitako ogi zatia hurrengoak arte gordetzeko ohitura ere bazen; edo Gabonzaharretan ura hartzea.
Oihulari edo iragarle; urte garaia edo pertsonaia; enborra; ogia; ura. Esanahi asko izan dituen arren, denak estimatuak.