Goizane du izena Ordiziako Azokako inkilino berriak. Txoko berezia eta ikusgarria eman diote gainera. Feria garrantzitsu honetan –eta, oro har, nekazaritzaren arloan– emakume baserritarrek izan duten eta mantentzen duten garrantzia aitortu asmoz kokatu dute bertan. Egurra landuz sortutako eskultura da Goizane, Javier Arrieta artisau zegamarrak egina. Salmentarako posturan ageri den etxekoandrea irudikatzen du. Eserita, barazkiz betetako saskiak inguruan dituela. Izenak berak ere badu esanahia. Urteetan zehar, baita gaur egun ere, emakume baserritarrak eguna argitu aurretik azaltzen baitira Ordiziara asteazkenero. Bertako produktu eta bezeroekin duten konpromisoa goizean goizetik bete asmoz.
Egistasmo eder honek hiru helburu omen ditu. Emakume baserritarrei eurei begirunea azaltzea, batetik; «beraiei eta euren ama, amona eta aurrekoei», haiek egindako lanaren errekonozimendu gisa. Azokara gerturatzen diren herritarrak ere gogoan izan dituzte eskultura sortzeko garaian, baita ere, gure baserrietako andreei zor zaien «begirunea eta errespetua» gogoan izan dezaten. Eta azkenik, Ordiziako Azoka eta herria ezagutzera datozen bisitariengan pentsatu dute, Goizanek irudikatzen dituen laborarien garrantzia ezagutarazteko.
Merezitako omenaldia, inondik ere. Ordiziakoa bezalako merkatu enblematiko batek bultzatua izateak, gainera, ikusgarritasun handiagoa ematen die lan isila bezain garrantzitsua egin duten goizane guztiei. Gogoan itsatsia dut gure herrian, asteartero-asteartero, baserritik azokara mando gainean jaisten zen etxekoandrearen irudia. Etxeko baratzako barazki eta lekak, jaki gozoak denak, bezeroen eskura jartzen zituen hark ere. Irabazi handirik egiterik ez zuen izango baserritar xume hark, baina hala ere luzaro eutsi zion herritarrekin zuen hitzorduari.
Hainbat eta hainbat emakumeren bizia laburbiltzen du estanpa horrek. Baserriko lanak eta seme-alaben zaintza gutxi ez eta, salerosketaren ardura ere bere gain hartu izan dute gure ama, amona eta aurrekoek. Ez bakarrik etxeko gaiak saltzeko garaian, baita egunerokoan falta diren beharrezko jaki eta produktuak erosterakoan ere, haiek kudeatu izan dute etxeko martxa.
Horretan Euskal Herria ez da salbuespena izan. Munduko kultura eta herrialde gehienetan ere antzeko pisua dute emakume baserritarrak. Garapen bidean dauden herrialdeetan are nabarmenagoa da errealitate hori, kalkulatzen baita laborarien erdia baino gehiago emakumezkoak direla toki horietan.
Hala ere, bada arrisku bat honen guztiaren atzean. Goizaneren irudia ohitura zaharrekin eta gure amonekin soilik lotzekoa, alegia. Aurretik izan direnen lana aitortzeaz gain, oraindik ere asko direlako kamaretatik urrun, etxean eta baserrian, produktu osasungarri, zaporetsu eta gozoak herritarren eskura jartzeko lanean dihardutenak. Produzitzeko nahiz saltzeko modu berritzaileak bilatzen dihardutenak, horietako asko. Lehen ez bezala, gainera, hainbatek beren ustiapenaren protagonista nagusi ere badira.
Goizaneren eskulturari begira, ez da zaila ulertzea horiek guztiak irudikatu nahi dituela bere presentziak. Baina iruditu zait, baita ere, bere xalotasunean artelan horrek guri ere –erosleoi– galde egiten digula ea Azokara eraman dituen produktuak erosiko dizkiogun. Horixe delako egin diezaiokegun omenaldi onena.