Hogeita bi urte zituenean utzi zuen Aitor Arana Luzuriagak (Legazpi, 1963) sorterria. Oñatin lehenengo, eta azken 17 urtean Azpeitiko Loiolan bizi da. Idazle oparoa da euskarazko literaturan, direnik genero gehienetan aritua. Zaletasunak bai, baina beharrak bultzatu du sortzera. Berriki, euskara-esperantoa-euskara hiztegia argitaratu du. Euskal Herriko esperantista aktiboenetakoa da gaur egun. Hizkuntza asmatu hori, eta atzean duen filosofia linguistikoa maite ditu.
Aspaldian asko hitz egina izango zara esperantoz. Hiztegia prestatzen 30 urte igaro duzula esan izan duzu.
Esperantoa ikasten hasi nintzenean 22 urte nituen. Felix Ibargutxi kazetariari esker hasi nintzen, artikulu bat argitaratu zuelako esperantoari buruzkoa. Horretxek harrapatu ninduen, hasieran. Euskalkiak maite ditut, aztertzera sartu nintzen, eta asko ikasi nuen. Hiztegigintza landu nuen, horrekin batera. Eta horrek guztiak ekarri du gero halako lan filologikoak egitea.
Esperantoa nazioartean erabiltzeko asmatu zen, ala?
Logikoa da, eta ikasteko erraza. Zamenhof-ek asmatu zuen, 1887an. Oftalmologo poloniar bat zen. Nazioarteko hizkuntza ikasterraza asmatu nahi zuenez, hizkuntza naturalek dauzkaten desbantailak —salbuespenak eta— kendu zituen, eta abantailak hartu. Horri esker, esperantoak ia ez dauka salbuespenik. Ez da perfektua ere.
Hortik aparte, mundu osoko anaiartekotasunarekin eta bakearekin lotuta dago: inork ez dauka eskubide moralik bere hizkuntza beste bati inposatzeko. Beraz, hori ez egiteko, hizkuntza neutral bat behar da. Horregatik asmatu zuen esperantoa. Oso zuzena eta egokia iruditu zitzaidan, eta abentura horretan sartu nintzen. Pentsatu nuen merezi zuela ideial horren alde modu aktiboan eta pasiboan egitea.
Linguistikoki nolakoa da?
Zamenhof oso burutsua zen. Eminentzia bat zen honetan, eta sen oso ona zeukan. Aita poliglota zuen, eta berak sei edo zazpi hizkuntza zekizkien. Orduan, oso ondo hedatu zuen hizkuntza. Latinean oinarritu zuen. Hori oso garrantzitsua da, Europako hizkuntza nagusien zientzia arlo guztia zeureganatzen duzulako horrela. Bestetik, indoeuropar egitura zilegi da esperantoz, baldin eta argi esaten bada, uler dadin: berdin esaten da ‘txakur zaunkak’ (hundo bojoj) edo ‘zakurraren zaunkak’ (bojoj de hundo). Biak zilegi dira.
Horrek zer abantaila dakar hizkuntza ikasterakoan?
Ez zara hasten hizkuntza naturalak ikasten ditugunean bezala: zuk ondorioztatzen duzu gauza bat, baina gero hizkuntza dakien hiztunak esan behar dizu hala den edo ez den. Esperantoarekin zuk ondorioztatzen duzu, eta %99an asmatukoduzu. Horretan zoragarria da, poz handia ematen dizu ikasterakoan, 4 edo 5 ikasgai ikasi eta esaldiak egiten badakizula ikusten duzulako.
«Esperantoa mundu osoko anaitasunarekin eta bakearekin lotuta dago»
«Ideiala izango litzateke ‘Euskal Herrian euskaraz, eta munduan esperantoz’»
«Euskal Herrian esperantista gune fuerteak egon dira; adibidez, Eibarren, gerra aurrea»
«Ingelesa santua bezala onartu da. Nazioartekoa bada, baina soilik gure zibilizazioan»
Zer egoera dauka esperantoak gaur, hemen eta munduan?
Flash-ak daude historian zehar; garai batzuetan nazio batzuetan indartsuago izan da, galdu izan du… Euskal Herrian gaur egun oso ahul dago, ez daukagu kontzientziarik horretan. Baina bretainiarrak oso jator dabiltza; nahiz eta bretoiera oso gaizki egon, esperantoak indarra dauka.
Nazio independenteetan, Hungarian gobernuak gomendatzen du eskoletan esperantoa irakastea; ingelesa oso ondo dagoela diote, baina ea zertan onartu behar duten beraiek ingelesa, Jaungoikoak aginduta bezala. Arrazoia dute. Brasilen ere indartsu dago, Mexikon ere bai.
Nork egin izan dio kasu gehien?
Jende aurrerakoiak, eta, ondorioz, nahiz eta ez den erabat horrela, orokorrean ezkertiar jendeak. Euskal Herrian esperantista gune fuerteak egon dira; adibidez, Eibarren, gerra aurrean. Han sozialistak izateko joera handia dute. ‘Berdintasuna, denak berdinak gara, maila berean egon behar dugu’. Hori ondo dator esperantoaren bitartez.
Egun batean, gobernuek egin beharko luketena da, utzi handinahikeriak eta nork bere hizkuntza inposatzeko nahiak, eta esperantoa erabili, berdintasunerako.
Hori egingarria iruditzen zaizu? Gaur ingelesak dauka indar eta ospe hori…
Bi gauza daude. Alde batetik, nazio boteretsuek beti egin dute ahalegina beren hizkuntza inposatzeko. Nik itxaropena daukat noizbait hori bukatuko dela. Nahiz eta ekonomiaz oso boteretsuak izan, harremanetarako berdintasuna dakarren zerbait behar dugu.
Beste alde batetik, informazio eza ere badago. Euskal Herria oso kasu ona da esperantoaren historian; txarrerako. Sinistu dugu, eta gure gobernuek hala jokatu dute gainera, ingelesa dela nazioarteko hizkuntza. Gobernuek ahalegina egiten dute eskoletan ingelesa sartzeko, eta gainera euskara justu-justu eskoletan egonkortzea lortu dugunean (Nafarroan ez, eta Iparraldean gutxiago). Ingelesa onartu da santua bezala. Nazioarteko hizkuntza da gure ingurunean, mendebaldeko zibilizazioan. Baina beste inguru batzuetan, ez: swahiliera da, edo arabiera, edo txinera…
Esperantista gisa, ongi iruditzen zaizu egungo soziolinguistikaren bikotasunerako joera? Lehen hizkuntza —euskara, guk— egunerokorako; gainontzean, nazioarteko hizkuntza.
Bai. Ideiala izango litzateke, baina subjektuak aldatuta. ‘Euskal Herrian euskaraz, eta munduan esperantoz’. Esperantoa nazio guztietan irakatsiko balitz, guk frantsesekiko eta espainolekiko harremanak esperantoz egingo genituzke.
Euskararentzat ere hori litzateke ideiala, babestuta egongo litzatekeelako, orain dagoena baino askozaz hobeto. Tortillari buelta eman behar zaio.