Ez dago inongo eragozpenik Goierri guztian zeharreko errepideetan bizikletaz ibiltzeko. ikusi besterik ez dago egunero-egunero edozein bazterretan zenbat bizikletazale dabilen hara eta hona. Kirola egitearen aitzakiaz edo besterik gabe aisialdia betetzeko ibiltzen direnez diot hori. Orain, ordea, ibili nahi bai, baina ausartzen ez diren beste hainbaten ezinegona ekarri nahi dut honutza.
Asko baitira baita ere, bizikleta, eskolarako edo lanerako eguneroko garraiobide bezala erabili nahiko luketenak, eta urteak joan urteak etorri, zain daudenak. Zeren zain? Bada, Beasain-Ordizia edo Zumarraga-Urretxu erdiguneak eskualdeko bailaretako gainontzeko herriak lotzen dituzten errepideek, bizikletarientzat gutxieneko segurtasun bat izan dezaten zain.
Ausardia handia behar da, adibidez, Ataundik Lazkaora bitarteko tartea egunero-egunero bizikletaz egiteko. Orain ez bada gero, auto batek atzetik jo eta bertan akabatuko zaituen beldur. Eta, pentsatzen dut, gauza bera gertatuko zaiela, esate baterako, Zaldibiatik Ordiziara, Idiazabaldik Beasainera edo Ormaiztegitik Zumarragara ibiltzen direnei edo ibili nahi bai, baina oraindik ausartzen ez direnei: betiereko istripu-arriskuaren beldurrak menperatzen dituela, alegia.
Kontua da, ordea, lehenago edo beranduago gero eta jende gehiago ibiliko dela aipatutako errepideetan bizikletaz, halabeharrez. Hau da, lehen aipatu dugun nahitaezko ibili beharrak eraginda: lanera joateko, besteak beste. Izan ere, bukatuko dira, bakoitza norbere autoan ibiltze horiek. Ingurunearekiko jasangarritasun kontzientzia onarengatik egiten dute dagoeneko batzuek, eta hiriguneetan autoa non utzi gero eta zailagoa delako, beste batzuek. Garai batean jendea bizikletaz taldean ibiltzen zen Ataungo Aiako puntatik Beasaina edo Zumarragara, lanera; txistu joka, kontu kontari, aldarte ederrean. Gerora motorretan eta azkenean, urte pilo batez autoz, eta gainera, pertsona bakoitzak auto bat erabiliz gabiltza.
Etorriko da buelta (badator) eta berriz ere bizikletak ugarituko dira errepide horietan, zorionez. Baina, eta hau da gaurko zera honen muina: zertan da gai honen inguruan agintariek sustatu eta bermatu behar luketen bizikletarientzako errepideetako segurtasuna? Bere garaian paperera jaso bai, baina harrez gero inondik ere antzematen ez den aipatutako bailara horietako errepideetarako Plana, zertan da? Gipuzkoako Bizikleta-bideen Arlokako Lurralde Plana zeritzanak, helburua «Gipuzkoako Bizikleta Bidea behin betiko txertatzea» zela zioen, Diputazioak 2007ko apirilean argitaratutako Memorian. Hortxe azpimarratua dut, esleitutako ibilbideetako adarretako bat: ‘I-3.7 Beasain-Ataun (Ergoiena) (10,9 km)…’. Ataungoa bezala, Ormaiztegitik Zumarragara bitartekoa, ‘2. laurtekoan egitekoak’, betiere. Duela 9 urte.
Garapen iraunkorraren baitan eztabaidaezina da bizikletaren aldeko hautua egitea, autoaren erabilera bultzatu beharrean. Eta ez da zertan itxu-rakeriazko ekologia-lezioak ematen ibili beharrik, Ataungo kotxe elektrikoen proiektu antzuarekin bezala, adibidez. Gure errepide arriskutsuak oraindik ere bizikletarientzat gutxieneko segurtasunezko gune publiko bezala egokitu ez izana, ezin daitekeelako dirurik ezaz arrazoitu.