Herri galdeketa tresnatzat hartuta, goierritarren arteko zubiak eraikiz eta elkarbizitzan normalizazioa lortzeko urratsak eginez ari da Gure Esku Dago. Prozesuaren aberastasuna eta herritarren parte hartzea aldarrikatu nahi ditu.
Gure Esku Dago dinamikak azaroaren 28an Lazkaoko Areriako oholtzatik goierritarrei botatako erronkak jaso du babesa: milaka goierritarrek sinadura bidez, bermea, babesa eta bultzada eman diete ekainaren 19ko herri galdeketari. Milaka goierritarrek, erabakitzeko eskubidearen bidea elkarrekin egin eta eraiki nahi dutela adierazi dute.
Izan ere, Gure Esku Dago dinamikako Ainhoa Etxabe ordiziarrak eta Ane Lapizondo ormaiztegiarrak argitu dutenez, «berme osoz» egin nahi dute herri galdeketa, eta sinadurekin erakutsi nahi izan dute Gure Esku Dagoren atzetik «herritar talde handi bat» dagoela erabakitze eskubidearen aldeko galdeketa egin nahi duena; ez dela talde baten nahia bakarrik. Ainhoa Etxabek gaineratu duenez, «jendea motibatzea kostatu egiten da, baina azaroko aurkezpenetik aurrera herri bakoitzean aurkezpenak egiten hasi ginenean, herri guztietan taldeak sortu dira. Goierri mugitzen ari da».
Herri galdeketaren prozesuaren lehenengo urratsa zen sinadurak biltzea. Horrekin batera, baita herrietan lan taldeak osatzea ere. Goierriko 22 herriak «martxan jartzea» lortu dutela gaineratu dute. «Herri guztietan osatu ditugu taldeak», diote.
Elkarrekin eraikitzen
Adin eta sentsibilitate desberdineko goierritarrak elkarrekin ari dira dagoeneko galdeketaren bidea eraikitzen. Ezberdinen artean, elkarlanean, erabakia eraikitzea da Gure Esku Dagoren helburua.
Izan ere, pasa den apirilean Beasainen izan ziren jardunaldietan Kataluniako hainbat kidek nabarmendu zuten bezala, ekainaren 19ko galdeketako emaitza bera baino garrantzitsuagoa da herri galdeketa antolatzeko elkarlanean egin beharreko bidea eta prozesua. «Galdeketa herritarren elkargune izatea nahi dugu, herritarren borondateari bidez emanez, herritarrak ahalduntzeko tresna emanez. Prozesuan herritarrak izan behar dute protagonista», adierazi du Lapizondok.
Prozesuan sortzen ari diren emaitzak nabariak dira dagoeneko. Adin desberdinetako goierritarrak elkartzeko gunea bihurtu da Gure Esku Dago.«Talde gutxi egongo da adin desberdinetako herritarrak biltzen dituenak», zehaztu dute.
Sentsibilitate desberdineko goierritarrek dute lekua Gure Esku Dagon. Hainbeste urtean urrundutako harremanak normalizaziorantz bideratzen laguntzen ari da herri galdeketaren prozesua. «Elkarbizitzarako ariketa polita da herri galdeketa, normalizazio batera iristeko baliagarria da. Sentsibilitate desberdineko herritarrak talde berdinean ari gara lanean. Herritarren artean harremanak berreskuratu beharrean daude. Normalizazio batera iristeko baliagarria da galdeketaren prozesua», nabarmendu du Etxabek.
Parte hartzea
Egin beharreko bide horretan, behin eta berriz, goierritarren parte hartzea bilatu nahi du Gure Esku Dagok; bai prestaketako prozesuan, bai herri galdeketaren egunean bertan. «Galderaren erantzuna bai ala ez izango da. Baina bai ala ez baino garrantzitsuagoa izango da herritarren parte hartzearen datua; %60ko parte hartzea lortuko bagenu, itzela litzateke. Guretzat parte hartzea da garrantzitsuena, bai aurretik eta bai egunean bertan», diote Gure Esku Dagoko kideek.
Prozesuaren bigarren fasean murgilduko da orain Gure Esku Dago: galdera zehazteko fasean. Galdera bera ere, goierritarrek elkarrekin erabakiko dute.«Otsailaren 27an batzar irekia egingo dugu galdera proposatzeko. Batzar horretara ere goierritar daude guztiak gonbidatuta. Hortik ateratzen den informazioa txosten batean osatuko da eta txostena galdera batzordera eramango da. Beraiek ere bi-hiru bileretan, galdera zehaztuko dute».
Galderaren batzordea 20 bat goierritarrek osatuko dute. Otsailaren 13an aurkeztuko dute. «Taldea oso anitza da. Sindikalistak, alderdi politikoetan ibilitakoak, atzerritarrak, kultura eta kirol arloko goierritarrak… egongo dira», aurreratu dute Gure Esku Dagoko kideek.
Bitartean, han eta hemen, arloz arlo, herriz herri, Gure Esku Dagoren filosofia eta mezua zabaltzen ari dira etengabe. Beraien ustez, goierritar gehienek bat egiten duten puntua baita erabakitzeko eskubidea. «Norbanakoengana eta eragileengana joaten ari gara eta mezua ondo zabalduta ia denek ateak irekitzen dizkigute. Guk erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu. Hau da, denok daukagu eskubidea herritar bezala erabakitzeko nolako Euskal Herria nahi dugun». Bakoitzak bere iritzia emateko aukera izatea, festarekin ospatu nahi dute ekainaren 19an.
Goierri eredu
Gure Esku Dago dinamikaren sehaska izan da Goierri eta herri galdeketaren arloan ere horrela izatea nahi dute. «Goierrik eredu izan nahi du, gero Euskal Herri mailan estrapolatzeko». Oraingoan badakite sinbolikoa izango dela, baina benetakoa izango balitz bezala ari dira antolatzen, «ahalik eta seriotasunik handienarekin».
Izan ere, garbi daukate sortu den mugimendu hau ez dela ekainaren 19an geratuko; «Hau aurrera doa».