Aurrenekoz ikusi nuenetik deitu zidan arreta portzelanazko figuratxoak: hiru tximu, elkarren ondoan jarrita; bata belarriak eskuekin estaliz, erdikoa ahoa estaliz eta hiru-garrena begiak. Hiru tximu jakintsuak du izena irudiak eta Tokio hiriaren iparraldean dagoen Toshogu izeneko santutegian dago jatorrizkoa. Irudia aspalditik dago oso hedatua txinatarren artean.
Santai deritzon kode moral txinatarrari egiten dio aipamena bere esanahi ezkutuak: ez ikusi ekintza gaiztoak gauza naturala bailiran, ez entzun gaiztakeriara bultzatzen duen ezer eta ez hitz egin funtsik gabe txarkeriaz. Badira antzeko mezua aldarrikatu duten erlijioak; budismoak esaterako, entendimendu zuzena, pentsamendu zuzena, hizketa zuzena, ekintza zuzena, bizimodu zuzena eta arreta zuzena aldarrikatzen ditu. Mahatma Gandhi lider politiko eta espiritual indiarrak honako goiburu hau hartu zuen beretzat: «Pentsamendu onak, hitz onak eta ekintza onak».
Ugari dira azken hamarkadetan Ekialdetik ekarri ditugun ezagutzak. Baina, hiru tximu jakintsuen kasuan, tximuetako bi bidaian galdu direla ematen du, gurean gaur egun beste goiburu hau ezarri baita: ikusi, entzun eta isildu. Txikitatik erakusten zaie haurrei arazotan ez nahasteko modurik onena dela. Euskaldunon artean ere ospetsu dira Xabier Leteren hitz hauek: «Handitzen zarenean, ikusiko duzu isilik egoteak zenbat balio duen. Jarrai zure bidetik, hobe da horrela, gauza denen gainetik, haizea bezala».
Euskalduna berez da hitz gutxikoa; halere, euskaldun erdi-purdiko bihurtu garelako edota euskalduntasuna kamustu zaigulako, hitz eta pitz egiten dugu etengabe. Begi bistakoa da sareetan beste zereginik ez duen zenbat hitzontzi dagoen, berriketan jardun, esamesak zabaldu, txutxu-mutxuka ibili eta iritzi funsgabeak zabalduz. Komunikazio gaietan adituek diote gure hitz-jario gehiena esamesak direla, hau da, besteei buruzko berri zehaztu eta egiaztatu gabeak zabaltzen igarotzen dugu isilik ez gauden denbora gehiena.
Joera globalei iskin egitea ez da erraza, eta are gutxiago gizakiaren eboluzioak horretara ekarri bagaitu. Gizakion komunikatzeko gaitasunean urrats erabakigarria orain dela 7.000 urte gertatu zen, homoak bere elikadura aldatu zuenean. Haragia jaten hasi, balio kaloriko handiagoko elikagaiak irentsi, bere digestio-hodia moztu eta digestio-aparatua eraginkorragoa bihurtzen joan zen neurrian, handitu zen homoaren burmuina.
Garunaren bilakaerarekin batera garatu zen gizakiaren hizkuntza-gaitasuna. Munduari buruzko informazioa partekatzeko sortu zen hizkuntza, batez ere. Gogoratu gizakia animalia soziala dela eta bere bizi iraupenerako informaziorik funtsezkoena beti izan dela beste gizaki batzuen berri eman eta jasotzea.
Tximinoek agertzen dute informazio sozialari buruzko interesa, baina modu eraginkorrean berriketa egiteko zailtasuna dute. Horrela ba, zalantza egiten dut garapenak hobeak egin gaituen eta ez ote genukeen atzera egin, eta hiru tximu jakintsuen bideari jarraitu behar.