Iraia Oiarzabal
Bateko eta besteko iruzkinek topo egiten duten txoko honetan iritzi emaile aritzeko eskatu digute. Asmatuko ote dugu? Tranpolinetik salto egin aurretik sentitzen den bertigo txikia izan nuen lehen aldiz iritzi zutabe bat idatzi nuenean, baita orain ere. Ona dela uste dut, hitzek izan dezaketen eraginak sortzen duen errespetuaren seinale. Eta zergatik ez, gure lanbideak (afizio ere bada) pasiotik ere zerbait baduelako. Aurkezpenetan hasi garen estreinaldi honetan eta karaktereak zenbatzen hasita, gai bati heldu eta mamia ateratzeko espazio gutxi gelditzen zaigu. Izango dugu aukera, bai Zumarraga zein Legazpira begiratzen badugu, baita begirada zertxobait zabaldu eta Gasteiz edo Iruñea aldera so jarrita. Zer esanik ez, mundua katramilatuta dagoen honetan, arreta planetako beste edozein txokotan ipinita. Baina erronkak mahai gainean jartzen hasita, abentura honetan zuhur eta zintzo aritu nahi nuke. Teklatu aurrean jartzean askotan izaten baita arrazoi absolutuaren bila aritzeko tentazioa, koherentziaren izenean egia borobiltzat dugun hori gainerakoek ere bere egin dezaten saiatuz. Errealitatea ordea, aldakorra izateaz gain, itxuraz ikusten dena baina konplikatuagoa da. Horrexegatik, aberasgarria ere bada errealitate horren irakurketa ezberdinak egitea. Izan ere, David Fernandez CUPeko kideak lankide bati esan zion moduan, «koherentzia inoiz erabat tapatzen ez zaituen manta bat da».
Nagore Belastegi
Hala da, Iraia, lerro hauekin estreinatzen gara GoiBerrin eta maskara kentzen dugu gure bizilagunen aurrean. Ondo ezagutzen dut aipatzen duzun bertigo txiki hori. Egia esan, ez da hain txikia. Lehenengo artikulua sinatu behar izan nuenean panikoa sartu zitzaidan, horror vacui izugarria. Dena zen txuria; orrialdea eta nire burua. Pixkanaka joan nintzen praktika hartzen, erreportajeak hona, elkarrizketak hara. Non gelditu da Haztegi ikastolako neska lotsati hura?, jendaurrean hitz bat esan behar zuenean gorritzen zen hura? Egun batean, lanean gure iritzia emateko espazio bat utziko zigutela iragarri ziguten, argazki eta guzti. Berriro ere panikoa. Iritzia ematea errazagoa da letren anonimotasunaren atzean. Eta aitortuko dizut orain ere sentsazio berbera sentitzen ari naizela. Ba al dago etxekoen aurrean biluztea baino gauza zailagorik? Imaginatzen ditut legazpiarrak, goierritarrak, nire lagunak testu hau irakurtzen eta pentsatzen «ze xelebrea, Nagok ez du horrela hitz egiten». Eta arrazoi osoa izango lukete, letren bidez nire barrenek hitz egiten baitute. Azken finean lotsati hutsa izaten jarraitzen dut. Edonola dela ere, gozada bat da, azkenean, bertatik bertakoentzat idazteko aukera izatea. Katramilatuta dagoen mundu hau txukuntzea ez da gure lana, baina saiatu gaitezen elkarrekin inguratzen gaituena hobeto ulertzen. Irakurle hori, ez zaitez gurekin gogorregia izan, mesedez.