Gogoratuko duzue, orain dela urte batzuk, makina bat aldiz entzun behar izan genuen mantra hura. Orduan inor gutxik imajinatzen zuen zenbaterainoko sakona, gogorra, kupidagabea azken finean, izango zen ekonomia-krisia. Agintari eta aditu askori entzun genien gainbehera hura «abagune» bat zela. Oportunitate baten gisara hartu behar genuela. Gauzak modu berri eta eraginkorrago batean egiten hasteko parada zela, alegia.
Denborak erakutsi digu, herritarren gehiengo batentzat behinik behin, ez dagoela aukera positiborik gisa honetako jazoera batean. Eta oportunitateak, izatekotan, ez direla beste garai batzuetan baino ugariagoak. Galde egin diezaiotela lana galdu duen gizasemeari, bere soldata ia erdiraino murrizten ikusi duen andreari edo hipoteka ordaindu ezinda kalean geratu den familiari. Ez aukera eta ez ezer, bidegabea izan da –agian halaxe da definizioz– ekonomia krisia.
Oraindik gainetik kendu ezinik gabiltzan egoera honek, baina, utzi du irakaspen interesgarririk gure artean. Itxura denez, benetan merezi duten gauzei garrantzia ematearen balioaz jabetu gara. Lagunartean eta senideekin pasatzen ditugun momentuekin gozatzen ikasi dugu. Atsedena eta lasaitasunak duten balioa aitortzen. Gehien sufritzen dutenekiko elkartasuna ere gure egunerokoan txertatu dugu berriro, jarrera estetiko gisa bada ere. Garraio publikoa gehiago erabiltzen dugu eta autoa konpartitzeko ohitura handiagoa dugu, baita ere.
Lista horretan jarriko nuke azkenaldian gure lagun bilakatu den objektu bat. Itxuraz batere esanahirik gabea. Plastikozko objektu ziztrin bat iruditu arren, krisiak berekin ekarri duen ohitura aldaketaren sinboloa. Gure elikaduraren eta poltsikoaren aliatu garrantzitsua.
Honezkero konturatuko zineten Tupperwarea dela polimerozko adiskide hori. Bezperan prestatutako bazkaria lanera eramateko erabiltzen dugun fiambreraz –hala esaten zitzaion lehenago, hainbeste glamourrik gabe bada ere– ari naiz. Bateko lentejak, makarroiak, barazkiak edo dena delakoak lantokira eramateko erabiltzen ditugun ontziez.
«Zer ekarri duzun gaur bazkaltzeko?», galderarekin hasten da eguneroko tupper-chef lehiaketa, lantoki askotako jangeletan. Batez ere lankideren batek plater berritzaile edo zaporetsuren bat ekartzen duenean eta haren usaina janleku osoan –bulego osoan ez bada– zabaltzen denean.
Gutxik dakite hala ere Tupperware-a (erregistratutako marka) izena ontzi famatu horien asmatzailearen abizenetik datorrela. Estatubatuar batek, Earl Silas Tupper-ek sortu omen zuen 1938an Tupperware Plastics Company eta, handik hamar bat urtera, «katilu harrigarria» izeneko ontzi bat merkaturatu zuen. Izugarrizko arrakasta izan zuen produktu harekin; otordua lanera eramateko tresna ezin hobea aurkitu zuen. Tupper jaunaren patentea desagertu zenean, 1984an, ontzi mota hau are eta gehiago zabaldu zen.
Ohitura osasungarria, inondik ere, egunero jatetxe batean bazkaldu beharrean, norbera bere elikaduraz arduratu eta, txintxo-txintxo, tupperrean otordua hartuta jangelara joatea. Jatetxeetan, berriz, gero eta jende gehiago ikusten dut, baita ere, bukatu ezinda platerean geratu diren janari hondarrak tupperrean etxera eramaten. Elikaduraren balioaz –ekonomikoaz eta osasunarekin duen loturaz– jabetzen ari garen seinale. Mr. Tupperri esker.