Goierriko ibai eta erreka nagusien izenak zein diren eta nola idatzi behar diren zehaztu du Euskaltzaindiak.
Leku-izenen formak arautu ondoren, Euskaltzaindiak Euskal Herriko ibai garrantzitsuenen izenak finkatzeko 166. araua atera du. 414 ibai zerrendatu dituzte. Historian izan dituzten izenak eta gaur egun erabiltzen direnak aztertu dituzte: «Batek izenak izan duen tradizioaren berri ematen digu, eta besteak gaur egungo praxiarena», dio Euskaltzaindiak.
Gipuzkoan itsasoratzen diren 59 ibairen zerrendan 9 dira Goierrikoak: Oria ibaia eta bere arroko beste sei; eta Urola, eta haren arroko bat (Ibaieder).
Bi aldaketa nabarmen dakartza arauak. Zaldibian behera, Ordizian Oriara doan ibaiaren izen arautua Zaldibierreka finkatu du Euskaltzaindiak, ez Amundarain. Bigarren izendapen hori —Amundarain—, «goialdeari» utzi du. Izan ere, Amundarain baserriaren inguruan jaiotzen da erreka hori.
Santa Lutziari, Argisao
Bigarren berritasuna Ezkio, Itsaso eta Gabiriaren mugan doan errekari dagokio, urak Ormaiztegin Eztanda errekara isurtzen dituenari. Argisao izena onartu du Euskaltzaindiak harentzat, —Zumarragako Argisaogain aldean jaiotzen da—, eta ez orain arte erabili izan den Santa Luzia edo Santa Lutzi.
Idazkera formei dagokienez, Gabirian sortu eta Beasainen Oriaratzen den errekaren izen zuzena Eztanda dela finkatu du (ez *Estanda). Idiazabalgoa Urtsuaran da, -ts-rekin.