Donostia Ospitaleko Ido Onkoematologia unitatean lan egiten du Beasaingo Elena Uranga erizainak. Azken aldian, minbizia duten gaixoek kimioterapia tratamendua jasotzen duten pazienteen osasun kontrola eta jarraipena egiteko Oncomed web plataforma egokitzen aritu da. 40 gaixorekin proba egin dute eta oso emaitza onak jaso dituzte.
Zer da Oncomed plataforma?
Kimioterapia tratamendua jasotzen duten gaixoen eta familiartekoen laguntzarako web plataforma bat da. Erabiltzaileak erregistratu egiten dira eta lau arlo nagusi ditu. Batetik, kimioterapia tratamenduak sortzen dituen sintomen kontrola egiten da. Beste batetik, arlo emozionalerako tartea dago. Hirugarren arlo batean, mezuen bidez, gaixoen eta familiartekoen parte hartzea bilatzen duen gunea dago. Laugarren gunea, azkenik, liburutegia da. Aholkuak, informazioa, bideoak… daude bertan.
Lehenengo guneari dagokionean, zein kontrol mota ematen dio gaixoari?
Kimioterapiak sortzen duen toxizitateari buruzko galdetegia dago. Gaixoak ematen dituen erantzunen arabera, sintomen alerta maila neurtuko da. Lau graduko alertak daude. Lehenengo eta bigarren mailako alertak sintomak normaltasunaren barrukoak direla adierazten du. Hirugarren mailako alertarekin erizainak beste sendagairen bat emango dio edo aholkuak eman dizkio. Eta laugarren mailako alerta ateratzen bada, larrialdietara edo ospitalera joatea esan nahi du.
Galdetegitaren momentuko erantzunak aurretik betetako erantzunekin konplimentatzen dira.
Alerta mailaren neurketa horrekin gaixoak lasaitzeko balioko du prozesua normaltasunean doala ikusten badu, ezta?
Bai, hori da. Toxizitatearen neurgailuan sintomaren neurgailuan ok ateratzen denean asko lasaitzen dira gaixoak, badakite normaltasunaren barruan doala tratamendua. Alertak esango dio gaixoari larrialdietara joan behar duen ala ez. Plataformari esker, gaixo gutxiago joan da larrialdietara eta alferreko bidaia gutxiago egin dituzte. Aurretik, sintomaren balorazioa gaixo bakoitzak egiten zuen eta berak erabakitzen zuen larrialdietara joan ala ez.
Gainera, informazio guztia Osakidetzako zerbitzarian gelditzen da eta automatikoki txostena sortuko du. Gaixoarekin lotura duten profesional guztiek eskura izango dute.
Arlo emozionalarekin nola egiten duzue lana?
Beste galdetegi bat du, galdetegi estandar bat, eta ez du alerta sistemarik. Erantzunen arabera erizainak baloratuko du gaixo hori psiko-onkologiaren beharrik baduen.
Horretaz gain, egunkari emozionala ere badago. Bai gaixoak eta bai familiartekoek, beraien bizipenak eta sentipenak idazteko aukera daukate.
Aurretik bazuten kontsulta berezirik kimioterapia hartzen zuten gaixoek?
Bai, beharra ikusten genuen eta toxizitate kontsultarako telefonoa geneukan. 08:00etatik 20:00etara funtzionatzen du. Plataformaren erabiltzaileek ere izan dute telefono hori erabiltzeko aukera.
Internetik ez dutenengan pentsatu al duzue?
Bai, gaixo batzuek adinagatik edo ez daukate Internetik baina hori ez da arazoa izango. Hogei telefono mugikor dauzkagu prestatuta Internetarekin, hala behar duten gaixoei edo sendiartekoei uzteko.
40 gaixorekin entsegua egin duzue. Batetik, 20 lagunek plataforma erabili dute eta bestetik, beste 20k, orain arteko jarraipen estandarra.
Bai, orain arteko sistema erabili duen gaixo bat falta zaigu entsegua bukatzeko. Arlo kualitatiboan, gaixoaren eta sendi artekoen arlo subjetiboa aztertu dugu. Zer moduz sentitu diren eta abar. Kuantitaboan, berriz, zenbat gaixo joan ziren larrialdietara, zenbat ospitaleratze aurreztu ditugun eta abar aztertu ditugu.
Zein ondorio atera dituzue?
Orokorrean, bizitza kalitatea asko hobetu zaiela diote. Gaixoek asko eskertu dute plataformarekin sentitu izan duten laguntza eta babesa. Badakite beti norbait dagoela entzuteko eta erantzuteko. Badakite ordenagailuaren beste aldean profesionalak daudela beti. Horretaz gain, alerta mailaren azterketari esker, ospitalera bidaia gutxiago egin dituztela esaten dute. Gaixoen eta familiartekoen artean ere harremanak sendotu egin direla esan digute. Kasu batean, adibidez, gaixoa hemen bizi zen eta sendiartekoa Madrilen; plataforma horri esker elkarren berri zuzena izan zuten.
Jarraipen estandarraren kasuan, berriz, zein ondorio jaso duzue?
Orain arte, gaixoak kontsultara etorri, kimio tratamendua jarri eta etxera joaten ziren, euskarri berri honen babesik gabe. Sintomak agertzen hasten zirenean, gaixo bakoitzak berak baloratzen zituen sintomak eta bere erabakiaren arabera joaten zen larrialdietara. Plataforma erabili dutenak baino gehiago joan dira ospitalera. Plataformarekin gaixo bakoitzak ez du baloratzen bere sintoma; galderen erantzunen ondorioz, plataformak esaten du larrialdietara joan ala ez. Ondorioz, jende gutxiago joan da larrialdietara.
Plataforma gaixo errealekin probatu ondoren, hurrengo pausoa zein izango da?
Entsegua bukatu eta tresna hau mediku onkologikoaren sisteman ezarriko dugu; tratamendu eta patologia gehiagotara zabalduko dugu. Hematologia, erradioterapia eta paliatiboetara adibidez. Plataforma hau edozein patalogiatara egokitu daiteke.
Zuk gidatu duzu entsegua eta harreman handia izan duzu gaixoekin eta sendiartekoekin. Aberatsa izango zen hori zuretzat?
Onkologian hamalau urte daramatzat eta orain arte kontsultan eta kimioterapian ikusten nuen bakarrik gaixoa. Gero etxera joaten zen eta kitto. Plataformarekin aukera izan dugu gaixoak nola eramaten duen tratamendua momentuoro ikusteko eta ezagutzeko. Zati pribatu hori ezagutzeko aukera izan dugu. Alboko eragin guztiak gaixoekin bizitzen ditugu. Oso harreman politak sortu dira.
Minbizia hitza entzute hutsak beldurra sortzen du. Etengabeko babes hori daukatela sentitzea garrantzitsua izango da ezta?
Bai, oso. Gaixoek eskatuta, orain, Oncoweb sare soziala sortuko dugu, osasun arloko profesionalaren gidaritzapean. Informazio fidagarria, kontrastatua emango da. Batez ere, emozioen arloa landuko da bertan.