Utzidazue gaurko artikulua modu petral samarrean hasten. Eurovision sariketaz ari naiz eta. Ikurrinaren zuri-gorri-berdea Estatu Islamikoa delakoaren beltzaren pare jarri ondoren, zalaparta izugarria sortu da komunikabide eta sare sozialetan. Harridura eta haserrea justifikatuak daude, aurten Suedian jokatuko den lehiaketako antolatzaileek euskal ikurra debekatutako zeinuen artean sartu ondoren. Euskal herritarren eta ordezkari publikoen artean sortutako ezinegon eta protesten ondorioz, baina, zerrenda itsusi horretatik atera dute ikurrina.
Zenbaitek, polemikaren ondoren, ikurrina lista horretatik kendu izana garaipen moduan juzgatu dute. Egia da jada ez dutela Estatu Islamikoaren pare kokatzen –eskerrak!–. Baina arrazoi dute, baita ere, etsipenak hartuta mintzo direnek ere. Erabakiak erabaki, eurobisioa-ren antolakuntzaz arduratzen direnen arabera, ikurrina ezingo delako galan zehar erakutsi. Praktikan debekatua jarraitzen duela, alegia. Ikusezin gainontzeko europarren begietara.
Europako estatuen musika sariketa erraldoian ez du tokirik ikurrinak. Ezta Europako gainontzeko estatu gabeko nazioek ere. Bagenekien euskal ordezkariren batek ofizialki sariketan parte hartu ezean jai izango dugula. Oso zaila izango dela gaur egungo testuinguruan entzutea «Basque Country, three points». Baina hortik publikoan ere banderak erakutsi ez ahal izatera…
Alde positibora begiratzen jarrita, aitortu beharrean nago eztabaida honek guztiak geografiaz eta geopolitikaz gehiago ikasteko aukera eman digula. Palestina eta Kosovoren aditzera bagenuen, bai, baina estreinako aldiz izan dut berri Donetsk, Nagorno Karabakh, Txipreko Turkiar Errepublika, Krimea eta Transnistriari buruz. Guztien banderak, ikurrinaren gisara, debekatuak izan dira arduradun eurobisiboen begietara.
Wikipedian irakurketa azkar bat egin ostean, jabetu naiz 2014an Ukrainagandik independentzia aldarrikatu zuen eskualdea dela Donetsk. Errusiara batzearen aldeko ekintzaileek lortu zuten independentzia, nahiz eta antza denez estatu berri hau ez duen nazioartean inork errekonozitu, Errusiak salbu. Antzeko egoera bizi du Krimeako Errepublikak, Errusiar Federazioaren zati izatera pasa ondoren.
Nagorno Karabakh, berriz, izatez independientea da, baina inongo onarpenik ez duen estatua omen da. Nazioartean lurraldea Azerbaijango lurren barnean dagoela onartzen da, baina estatu honek ez du botererik ezarri lurraldean 1991tik aurrera. Gauza bera gertatzen da Transnistriarekin, zeinen independentzia ez baitu onartzen Moldaviak.
Nire buruari galdetu diot herrialde horietan inork protesta egin ote duen Suediako agintarien aurrean. Eurovision sariketari kritikarik egin ote dioten, beren banderak debekatu izanagatik. Ez nintzateke harrituko baten bat poztu egin bada, kontzertua ez ikusteko aitzakia paregabea eman dietelako herrialde horietako biztanleei. Aitzakia ederra eman digutelako guri ere, ospakizun hortera eta aspergarri telebistan ez jarraitzeko.
Pentsatzen hasita, agian dibertigarria litzateke Europan estaturik ez duten herrialdeen arteko Eurobisio alternatibo bat sortzea. Uste dut arrakasta izango lukeela. Gaur egungo sariketaren maila ikusita, ez litzateke zaila egungo maila hobetzea.