Zegama-Aizkorri munduko mendi lasterketa garrantzitsuenetakoa da, eta Zegama eta Aizkorri mundu osoan ezagun egin ditu. Nola gertatu da hori? Nori bururatu zitzaion mendi lasterketa bat antolatzea? Nolakoa izan zen lehen edizioa? Galdera horien guztien erantzunak lortzeko, Alberto Aierbe antolatzailearengana, lehen edizioa irabazi zuen Juan Martin Tolosa amezketarrarengana eta Joseba Izagirre Zegamako alkatearengana jo du GoiBerrik.
Aierbek Zegama-Aizkorri lasterketa herria ezagutzera emateko sortu zela gogoratzen du. «Gure altxor bakarra Aizkorri denez, lagun talde bat eratu genuen Aizkorri ezagutzera emateko. Nik Aneton mendi lasterketa bat egiten zuela entzuna nuen eta Aizkorrin antzeko zer edo zer egitea proposatu nuen».
Hasieran, mundu guztiak ez zuen begi onez ikusi. «Halako lasterketa bat antolatzea oso neketsua zela esan zidaten eta nik mendi lasterketak potentzial handia zutela erantzun nuen. Julian Belokik ideia polita zela esan zuen eta horrek indarra eman zidan. Ibilbide bat prestatu nuen, baina ideia kaxoi batean gelditu zen».
2001ean atera zuten kaxoitik. «Aizkorriko Lagunen Egunean Antxon Bandres zenak alkateari mendi maratoi bat antolatzea proposatu zion eta nik ibilbidea prest nuela esan nion. Hala, lanean hasi ginen», aipatu du zegamarrak.
Lehen edizioa 2002an egin zuten eta ordutik proba izugarri hazi da. Aierbek probak arrakasta izango zuela uste zuen, baina ez tamaina horretakoa. «Gipuzkoan oso kirol zaleak gara, baina ez nuen uste halako arrakasta izango zuenik».
Bigarren urtean Espainiako Kopan sartu zuten eta ondoren Albert Baucells-ek Munduko Kopan sartzea proposatu zien. «Erotu egin al zen galdetu nion. Berak ez kezkatzeko esan zidan:?ordura arte egindakoa egitearekin nahikoa zela».
Gakoa, giroa
Zegama ez da Chamonix eta Aizkorri ez da Mont Blanc, baina Aizkorri oso ederra da eta euskal zaleek sekulako giroa sortzen dute. «Harrezkero, lasterketa askotan egon naiz eta toki askotan ez dago batere girorik. Zegama zoramena da. Gure lasterketak euskaldunok asko animatzen dugulako izan du arrakasta. Gainera, babesleek-eta mitifikatu egin dute. Zegama-Aizkorri oso ospetsua egin da eta kanpotik ere jende asko etortzen da, proba ikustera eta giroaz gozatzera. Kataluniarrak zoroen moduan jartzen dira! Kilian ere asko inplikatu da eta horrek asko lagundu digu».
«Aneton lasterketa bat egiten zuten, eta Aizkorrin antzeko bat egitea proposatu nuen» Alberto Aierbe, Antolatzailea
«Nire kirol ibilbideko egunik politena izan zen, inongo zalantzarik gabe» Juan Martin Tolosa, Lehen irabazlea
«Zegama-Aizkorri mendi lasterketa aurrera ateratzen bada, boluntarioen lanari esker da» Joseba Izagirre, Zegamako alkatea
Zegama-Aizkorri festa handi bat bihurtu da. «Festa handi bat da. Lasterketaren ondoren sekulako parranda egiten dugu». Hala, proba izugarri hazi da. «Orain komeriak! Aitona zahar batzuk hau guztia kudeatu behar! Hau da harria hau! Bere garian ixilik egon banintz!», dio txantxetan.
Lasterketaz harro dago, noski. «Hunkigarriena irteerako unea da. Urtero negar malkoak irteten zaizkit. Izan ere, aurreko egunak tentsio handikoak izaten dira eta irteeran jende guztia oso emozionatuta egoten da».
Tolosa, lehen irabazlea
Tolosarentzat ere oso berezia da Zegama-Aizkorri maratoia. Izan ere, bera izan zen lehen edizioa irabazi zuena. Horri esker, mundu mailako proba honen historian bere izena urrezko letrekin idatzita dago. Palmaresean Kilian Jorneten ondoan azaltzea sekulakoa da korrikalari afizionatu batentzat.
Amezketarra Tolosan bizi da eta Ibarrako Joakin harategian lan egiten du. Dagoeneko ez du lasterketetan parte hartzen. 50 urte egingo ditu aurten. Zegama-Aizkorri irabazi zuenean 36 urte zituen, beraz. «Garai hartan igoerak bakarrik antolatzen ziren. Zegaman mendi maratoi bat antolatu zutela jakin nuenean, prestatzea erabaki nuen».
Garai hartan ez ziren asko mendian korrika egiten zutenak. Tolosa horietako bat zen. «Aralarrera joaten nintzen eta toki batetik bestera korrika joatea gustatzen zitzaidan, erronka bezala. Zegama-Aizkorri nire kontura prestatu nuen».
Beldur handiarekin joan zela aitortu du. «Nire helburua bukatzea zen, baina hasieratik oso gustura aritu nintzen. Ikusle asko zeuden eta konturatu nintzenerako Aizkorrira heldu nintzen. Aizkorritik behera Juan Mari Garinek alde handia atera zidan, baina Andraitzeko igoeran pasatu egin nuen. Hortik aurrera, bakarrik egin nuen lasterketa guztia. Helmugara iritsi nintzenean, sinestu ere ezin nuen egin lasterketa irabazi nuenik. Senitartekoak han zeuden, oso hunkituta.
Beraiek hala ikustea izan zen politena. Nire kirol ibilbideko egunik politena izan zen, inongo zalantzarik gabe».
Hurrengo urtean bigarren egin zuen eta beste urte batean ere parte hartu zuen. Egun, ikusle gisa joaten da. «Kirol hau profesionalizatu egin da eta Zegama-Aizkorri lasterketa asko aldatu da. Egun, sekulako maila dago. Zegama-Aizkorri probaren lehenengo edizioa irabazi izana, pozik egoteko modukoa da. Hori hor gelditzen da, betirako. Kilianek egiten dituen denborak eta nik egin nuenak ez dute zerikusirik, baina nik ere Zegama-Aizkorri irabazi nuela esan dezaket».
Boluntarioei esker onez
Tolosak behin irabazi zuen, Jornetek zazpi aldiz orain arte… eta Zegamako herriak urtero irabazten du. Izan ere, proba honi esker Zegama mundu osoan ezagun egin da eta urtean behin sekulako festaz gozatzeko aukera dute. Alkateak urteko egun garrantzitsuena dela dio. «Urteko ekintza jendetsuena da, mugimendu handiena sortzen duena eta bisitari gehien lortzen dituena. Mundu mailako erakusleihoan jartzen gaituen bakarra. Gainera, herrian eta herriarentzat sortutako ekintza bat da. Horren adierazle, antolaketa lanetan aritzen den boluntario kopurua».
Horien lana nabarmendu nahi du, hain zuzen ere. «Proba Amezti mendi elkarteak eta Zegama Udalak antolatzen dugu, baina aurrera ateratzen bada, boluntarioen lanari esker da. Zegamarrok oso harro gaude Zegama-Aizkorri mendi maratoiaz».