Beasaingo Ander Arrese arkeologoak eta Eñaut Tolosa dokumentalgileak eskuan dute 1615ean euskal baleazaleek Islandian bizitako gertakariei buruzko dokumentala: ‘Euskal Balezaleen Triskantza’. Hilaren 27an dute estreinaldia 19:00etan Beasaingo Usurbe antzokian.
Gogoan ekoiztetxeak eta Suhar arkeologiak elkarlanean egindako proiektua da. Duela 400 urteko euskaldunen historiako pasarte ezezagun bat aztertu, arakatu, zabaldu eta oroitu nahi izan dute Islandiara bertara joanda.
Proiektua aurrera eramateko, hainbat eta hainbat herritar ezezagunen laguntza izan dute proiektua aurrera eramateko, crowfundingaren bidez, 6.000 eurotik gora eskuratu baitzituzten. Besteak beste, Islandiako espedizioa ordaintzeko erabili dute diru hori, 400 urtera atzera egin eta 32 euskal baleazaleen azalean jartzen saiatu baitira. Ikerketa arkeologikoak eta adituekin elkarrizketak ere egin dituzte bertan.
Euskal baleazale haiek nortzuk ziren, ontziak hondoraturik non dauden, azken egunak erasotzaileengandik ihesi nola bizi zituzten… jakin nahi izan dute beasaindarrek. Galdera horiei erantzuteko, haiek egindako azken ibilbidea berregin dute, datu historikoak aztertu dituzte, eta ontzien bilaketarako urpeko miaketak egin dituzte.
Sinopsia
1615eko udan, Agirreko Pedro, Telleriko Esteban eta Villafrancako Martinen agindupean, hiru euskal baleontzi Islandiako kostan lehorreratu ziren. Bueltako bidaiari ekitera zihoazela, itsaso zakarrak euskal baleontziak hondoratu zituen. Udan zehar, ehiza eta uzta oparoak, euskaldunei bertako nekazariekin eta abeltzainekin hartu emana erraztu zien arren, udazkenak hotza ekarri zuen, hotzak gosea eta goseak bertakoekin liskarrak sorraraztea. Elkar trukea egitetik, elkar lapurtzera pasa ziren euskal marinelak eta artzain islandiarrak, eta negua iritsi baino lehen, abentura tragedia bihurtu zen.
Istorioak bi hari
Historia hori oinarri hartuta, dokumentalean elkarrekin korapilatuko diren bi hari jarraitu dituzte.
Alde batetik, historian murgilduko diren ikertzaileen bilaketaren istorioa kontatu dute, euskal baleazaleen aztarna arkeologikoen bilaketak, dokumentuen miaketak eta bertako adituekin egindako elkarrizketak tartekatuz.
Bestetik, gertaera historikoaren narrazioa marrazki bizidunen bidez irudikatuko dituzte. Kataluniako Estudi Bicoté etxekoek egin dituzte animazioak.
Webgunea
Dokumentalaz gain, balezaleak.com webgunea egokitu dute Arresek eta Tolosak. Dokumentalari buruzko eta euskal baleazaleen gertaerei buruzko informazio zabala dago.
Dokumentala
Euskal Balezaleen Triskantza dokumentalak, era bateko eta besteko protagonista ugari ditu.
- Protagonistak, egileak: Ander Arrese, arkeologoa eta urpekaria. Beñat Iturrioz, arkeologoa. Eñaut Tolosa, dokumentalgilea.
- Pertsonaia historikoak: Martin De Villafranca, kapitain donostiarra. Ari Magnusson, sheriff islandiarra. Jon ‘Laerdi’ Gudmunsson, pentsalari autodidakta, aztia. Peter Pilotua, Martinen itsasontziko pilotua.
- Elkarrizketatuak: Magnus Rafnson, historialaria eta Sorginkeria Museoko zuzendaria. Ragnar Edvarsson, Islandiako Unibertsitatean Arkeologian Doktorea. Sigrun Anttonsdotir, arkeologoa eta islandiar kulturan aditua. Tapio Koivukari, Ariasman liburuaren idazlea. Xabier Agote, itsas zurgina.
- Protagonista gehiago: Agost Alustiza, soinua. Arkaitz Carrasco, soinu postprodukzioa. David Larrañaga, zuzendaritza artistikoa. Julia Francino, Maiale Arana, Sergi Padró, animazioak. Itsaso Azkune, 3D berreraiketak. Zuhaitz Akizu, lokalizazio managerra. Javier Dominguez, urpeko kamera. Aitor Ugarte, urpeko segurtasuna. Jon Barreros, Beñat Iturrioz, musika.