Landarlan Goierriko bizi kalitatea, natura eta landa eremua zaintzen dituen ingurumen elkartea da.
Bioaniztasuna izaki bizidunen aniztasuna eta aberastasuna da. Gene, espezie eta ekosistemaren dibertsitatea, hain zuzen. Hori gabe ez dago ekonomiarik. Munduko ekonomiaren %40, adibidez, sistema horiek osasuntsu mantentzearen menpe daude. Biodibertsitatearekin harreman zuzena dauka baita gizartearen ongizateak ere, haren menpe baitago, esaterako, sendagaiak, elikagaiak edo oihalak izatea. Bioaniztasunak, hain garrantzitsua izanik, badu bere Mundu Eguna ere. Nazio Batuek hala erabakita maiatzaren 22an ospatu zen.
Gai honi lotuta, Goierri behean bada Landarlan izeneko ingurumen elkartea. Koro Irazustabarrena kideak azaldu duenez, «Landarlan Goierriko ingurumen egoera, bizi kalitatea, natura eta landa eremuaz arduratuta dauden hainbat goierritarrek» osatutako taldea da. 2003an egituratu zen elkarte bezala, baina 2001ean hasi ziren proiektuari gorputza ematen. Sorrera hartan giltzarri izan ziren «Carlos Aseginolaza biologoa, Jose Ramon Agirre Marron mendizalea, Xabi Akizu baserritarra, Miren Askasibar paisajista, Joxan Auzmendi irakaslea, Jagoba Errekondo agronomoa eta Manex Aranburu nekazal teknikaria».
Landarlan ingurumen gaiekiko kontzientziazio maila suspertzeko eta horren gainean irizpideak sortzeko helburuarekin jaio zen. Finean, «ingurumen gaietako aldarrikapen ahotsa izan nahi dugu, taldekideen jakinduria handitu eta Goierriko jasangarritasunaren aldeko ekimenetan parte hartu». Gaur egun, Beasaingo eta Ordiziako zazpi lagunek osatzen dute Landarlan.
Elkarte bezala, Aralar Natur Parkeko Patronatuan parte hartu dute, Aralar babes bereziko eremu bihurtzeko helegiteak aurkeztu dituzte, udalek herri mailan antolatzen dituzten egitasmoetan parte hartzen dute: «Ordiziako hondakinen mahaian, Tokiko Agenda 21eko foroetan…». Goierriko beste elkarte batzuekin ere aritzen dira elkarlanean, «Goierriko Baratzakoekin Ekozinemaldia antolatu genuen iaz eta aurten, eta Oiangu Parkea Bizirikekin erakusketak ere antolatu ditugu Ordizian». Askotariko hitzaldiak eta ibilaldiak antolatzen dituzte, Goierriko Ingurumen txokoan artikuluak argitaratzen dituzte, Ibaialde programan parte hartzen dute…
Erraustegiaren aurka
Lan agenda aktiboa du Landarlanek, nahiz eta goierritarren artean horren ezaguna ez izan. Eta etorkizunean ere ildo berean jarraitzea da asmoa. Ahalegin berezia jarriko dute horren polemikoa izaten ari den erraustegiaren aurkako kanpainetan parte hartzen, «bai osasun aldetik, bai ingurugiro ikuspegitik oso arriskutsua dela uste dugulako eta, gainera, ekonomikoki ez da errentagarria».
Goierrin dagoen bioaniztasuna «oso aberatsa» da. Europa mailako balioa duten bi natur parke ditugu, «Aralar eta Aratz-Aizkorri, Eusko Jaurlaritzak Babes Bereziko Une bihurtzeko bidean daudenak». Oria garaia eremua bera, edo «zohikaztegia bezalako habitat bereziak» ere hor daude. Zerrenda honi beste hainbat errekatxo, landa gune edo parke gehitu behar zaizkio.
Asko dago egiteko
Baina txanponaren bi aldeak bezala, bertako bioaniztasuna mantentzeko eta zaintzeko «arazo handiak ere» egon badaude. Hainbat espezie eta haien bizitokiak arriskuan daude, adibidez: «Bisoi europarra, muturluze pirinearra, bertako karramarroa, anfibioak eta landareak».
Irazustabarrenaren iritziz gauza «dezente» aldatu dira hoberako azken urteetan, baina badaude, oraindik, zuzendu beharreko beste hainbat jokabide. «Natur gune babestuen legezko babesa handitu egin da, ibaietako uraren kalitatea hobetu da, bertako basoa bultzatzen hasi da, baita bertako landare espezieen landaketak herrietan ere, eta hainbat natur gune ere berreskuratu dira».
Kontrara, oraindik egitasmo gutxi egin dira «ibaien ekosistema eta basoak berreskuratzeko eta, gainera, arazo handia da Oria ibaian aurkitzen diren zaborrak». Dagoen beste arazo orokorretako bat espezie inbaditzaileen hedakuntza da, «liztor asiatikoa, karramarro amerikarra, sasiakazia panpa, fallopia japonika…». Horiek hainbat izakiren habitatak galtzea edo zatikatzea dakarte. Gainera, «abiadura handiko trenak, etxeen eraikuntzak, industrialde berriak sortzeak…» Goierriko landa eremuko dibertsitatea galtzean eragin zuzena dauka.
Guztion esku dago
Guztiarekin, beharrezkoa da «erakundeek biodibertsitatearen aurkako neurriak bertan behera uztea, herrietan ere biodibertsitatea zaintzeko neurriak bultzatzea, bertako espezieak bultzatuz, lurrak erosiz edo hitzarmenak eginez, ibaietako zaborrak garbituz…». Denok egin dezakegu zerbait, «olio erabilien edo produktu toxikoen isuriak saihestuz, ahalik eta inpaktu txikiena duten produktuak kontsumituz, edo energia kontsumoa murriztuz».
Amaitzeko, goierritarrak animatu nahi dituzte naturaren alde Landarlanetik egiten dituzten ekintzetan parte hartzera, baita elkartea ezagutzera ere: landarlan@yahoo.es edo landarlan.blogspot.com-en bitartez.