Ekainaren 5a da eguna. Gu-re bailarako 23 herriak daude deituak bozka ematera, Gure Esku Dagoren ekimenez. Galdera bati erantzuteko erreferenduma da: «Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?». Bai, ez ala zurian erantzuteko.
Bejondeiela egun horretan botoa emateko aukera eman diguten ehunka lagun altruistei. Bai, altruista baita horien jarrera: denbora asko da, elkarrekin eta bakarkako lanean eskuzabaltasun osoz ari direna.
Zertarako horrenbeste lan? Erreferendumerako galdera berriz irakurtzea besterik ez dago. Euskal Herria, euskal herritarrok erabakitako estatuak antolatua izatea nahi dutelako. Beste era batera esanda, euskal herritarroi (eta ez beste inori) dagokigulako euskal hiritarrak izatea nahi dugun erabakitzea.
Erabakitzea. Hortxe dago koxka: orain artean ez zaigula utzi euskal herritarroi erabakitzen. Askatasun osoz, nola eta zeinekin antolatu nahi dugun gure arteko egitura politikoa (estatu independentea osatzearen aukera barne). Joseba Sarrionaindiak Lapur banden etika ala politika liburuan dio, ekimenak Gure Esku Dago izena aukeratu izanak, paradoxa linguistikoa duela bere baitan: «Ez dago gure esku, baina gure esku egotea nahi dugu», adierazten du. Inplizituki, hain zuzen ere, momentuz gure esku ez dagoen zerbaitez ari garela. Erabakitzeko eskubideaz ari garenean ere, eskubide hori gauzatzeko aukerarik irabazi ez dugulako ari gara.
Baina eta, noiztik bozkatzen dira eskubideak? Eskubidea ez al da ba, obligazioa?… Nik ulertzen ditut jende batek erreferendum honekiko izan ditzakeen erreparoak: zertan ari gara? Bagara herri bat, ala burujabe izateko baimena eskatu behar dugu erreferendum bidez?, bezalako galderak egiten dituenaren arrazoiak. Baina kasu honetan, ekimenak ekar ditza-keen onurak jartzen ditut erreparo horien gainetik.
Pedagogia egiteko behintzat, balioko du ahaleginak: burujabetza irabazteko estrategia adosten hasteko akuilutzat balio diezaieke, adibidez, alderdi politikoei?…
Bada beste jarrera bat ere: galderari ez erantzutera erejoateko lanik hartuko ez dutenena. Kontra daudenek nahikoa baitute etxean geratzearekin, galdeketa loteslea ez delako eta haien helburua dagoeneko ezarrita baitago: Espainiaren menpeko Euskal Herria. Hauengan euskal estatuaren aldeko kontzientzia piztuko lukeen estrategiari ere heldu beharko dio norbaitek, orain artean baino konbentzimendu handiagoz…
Baina 2016ko ekainaren 5a betirako barneratuta geratuko zaigu goierritarroi! Aurrez Euskal Herriko leku anitzetan egin zuten bezalaxe, eta gerora beste batzuetan, orain goierritarrok gure iritzia emango dugu euskal estatu burujabeaz. Herritarron parte hartzea gardentasun osoz gauzatuko dela bermatuz, inon bada prozesu demokratikorik, oraingo hau horixe izan da. Aparteko balio erantsiaz gainera: erreferendumak gizartea lehen baino gehiago ez ote lukeen zatituko beldur zirenen begi-bistan jarriz, egun honetara iristeko ahaleginak, pentsaera desberdineko jendea elkarlanean aritzera behartu duela. Jendea batu egin duela, alegia.
Gero etorriko dira parte hartzearen emaitzaren balorazioak. Erantzunen balorazioak. Aurrera begirako lanak zeinek eta nola egin behar dituzten erabakitzea…
Orain, erreferendumean parte hartu ala ez erabakitzea tokatzen zaigu gutako bakoitzari. Zer erantzun erabakitzea tokatzen zaigu.
Hori egiteko eskubidea behinik behin, irabazi dugulako Gure Esku Dagori esker.