Goierriko Bertso Eskolak eta Amets Bidek ‘Bertsoak dantzan’ emanaldi bateratua egingo dute larunbatean Seguran.
Bertsoak eta dantza. Bi diziplina ezberdin izanagatik ere, biak dira ezinbesteko ezaugarriak euskal kultura definitzeko. Goierri mailan ere, bertako nortasuna zehazteko kultur ezaugarri nagusitzat har daitezke. Orain arte ia gehienetan diziplina bakoitza bere aldetik plazaratua izan da, baina asteburu honetan, bi kultur-arloak batera gozatzeko aukera egongo da.
Izan ere, Goierriko Bertso Eskolak eta Ordiziako Amets Bide dantza taldeak, Bertsoak dantzan emanaldi berezia eskainiko dute bihar, 19:00etan, Segurako plazan. Ekitaldian zehar bertsoak kantatuko dira, baina aldi berean, bertso horiexek dantzatuak ere izango dira.
Izaro Intsausti Amets Bide dantza taldeko arduradunaren esanetan, dantza taldeari beti interesatu izan zaio elkarte ezberdinekin elkarlanean jardutea. Bere esanetan, eurek antolatutako dantza ikastaroetan «bertsolari batzuk zebiltzala kontuan izanda, Goierriko Bertso Eskolarekin elkarlanean» zerbait egin zitekeela bururatu zitzaien:?«Ideia horrela sortu zen, eta pixkanaka emanaldiari forma ematen hasi ginen».
Bi taldeen elkarlanarekin joan dira erabakitzen ekitaldiaren forma nolakoa izango den. Intsaustiren arabera, emanaldiak hiru zati nagusi izango ditu. Eta une jakinetan «zuzenean bat-batekotasunik esperimentatzen» saiatuko direla ere aurreratu du. Zuzeneko ekitaldia izango denez, uneko egoeraren arabera erabakiko dute nola garatu: «Ikusiko dugu hemendik zer ateratzen den».
Ekitaldia baino gehiago
Ekitaldiaren aitzakian, asteburua elkarrekin igaroko dute Segurako aterpetxean Amets Bideko dantzariek eta Goierriko Bertso Eskolako kideek. Ainhoa Mujika Goierriko Bertso Eskolako ordezkariaren esanetan, asteburupasa bi taldeen arteko harremanak sendotzeko aprobetxatuko dute: «Asteburu hau, orokorrean, ekitaldi hau ekintza berritzaile bezala hartuko dugu». Zentzu horretan, Amets Bidek hainbat eragilerekin jada izandako parte hartzea ikusita, eurentzat «talde eredugarria»?dela dio.
Intsaustik ere bi taldeek egitasmo honen bidez elkar ezagutzeko «aitzakia polita» izango dutela dio: «Helburua guk beraiengandik ikastea eta eurek ere gugandik ikastea izango da».
Are gehiago, talde bakoitzak ere barne onura indartsuak lortuko lituzkeela ere nabarmendu dute. Intsaustiren ustez, «hutsuneak daude dantza taldeko helduen taldean eta orain dela gutxi ziklo horretara pasatako gazteen artean». Zentzu horretan, asteburuko egonaldiak «bi aldeak gerturatzeko» balioko duela dio.
Mujikak, batez ere, asteburuko esperientzia bertso eskolako gazteentzat «pizgarri motibatzailea» izango dela dio. Izan ere, bertso eskolan gehienbat 18 urtetik beherako jendea egonik, «eurek ere egunen batean gauzak antolatzeko erreleboa hartzea» ahalbidetu nahi da.
Bi aldeek uste dute kulturari «bere balioa emateko garaia»?dela. Intsaustiren ustez, azken hamarkadetan kultura «oso baldintza eskasetan» egon da, eta lortu den guztia «aurrera egin duten kultur taldeei» zor zaie. Haren ustez, «garaia da kulturaren kontzeptua eta errekurtsoak eguneratzeko». Hain zuzen, ekitaldi honekin «baliabide gutxiagorekin gauzak egiteko» gai direla erakutsi nahi da, kultura arloa jendearengana gerturatzearekin batera.
Bat dator Mujika ere:?«Etorkizunean, gazte horiek guk gure garaian izan ez duguna izatea nahi dugu, hau da, kohesio bat aukeren aldetik».
Luxuzko gonbidatuak
Bi taldeek hainbat artisten laguntza jasoko dute ikuskizu-nean. Hala, Aitor Furundarena eta Iñaki Telleria musikarien kolaborazio berezia izango dute. Euren esanetan «luxua da halako musikariak izatea».
Emanaldia bera, Euskal Herriko Dantza Txapelketaren 40. urteurrena ospatzeko ekitaldien barnean kokatuko da. Dena den, irailean Ordiziako Euskal Jaien barnean ere eskaintzeko asmoa azaldu dute bi taldeek.