Albert Einstein zientzialariaren esaldi gogoangarria oso gogoko dut: «Irudimena ezagutza baino garrantzitsuagoa da». Esaldi horren atzean ezkutatzen dena denborarekin egiaztatu ahal izan dut. Zenbait zailtasunen aurrean, bereziki estreinakoz bizi ditudanean, pentsatzen hasi eta askotan ez dut atarramendu onik izaten. Halakoetan, hobe izaten dut irudimenarekin pentsatzen hasi eta ia beti bururatzen zait aukera berriren bat.
Askotan erabiltzen dut esamolde hau etxean nahiz haurrekin ikastetxeetan aritzen naizenean: «Arazo bat daukazunean, zerbait asmatu». Irakasle askok begiratzen didate zeharka txepelkeria bat esaten ari denari egiten zaion bezala. Badakit zertan ari naizen: alegia, esan nahi dut ezagutzaren aurretik beti dagoela irudimena. Medikuak pazienteari irtenbide bat proposatzeko, erremedioa irudikatu egin behar du, arkitektoak etxe baten proiektua egin aurretik, emaitza irudikatu egin behar du; otordua prestatu aurretik ere, nola egin irudikatu egin behar du gutako edonork.
Jakina, aldea dago egitetik egitera: gauzak egin daitezke betiko moduan, edo betiko arazoetarako irtenbide berriak proposa daitezke; ez dago esan beharrik arazo berrietarako formula zaharrek, normalean, ez dutela balio izaten. Kasu horietan neurtzen da pentsamendu originalak izateko dugun gaitasuna, hau da gure irudimenaren indarra.
Guztiok daukagu irudimena eta sormenerako gaitasuna, baina berezko joerak ere baditugu. Horrenbestez, oinarrizko bi estilo mental daude: konbergentea eta dibergentea. Lehenengoek, arazoei aurre egiteko logika eta irizpide konbentzionalak erabiltzen dituzte; bigarrenek, berriz, printzipio ilogikoak edo marjinalak. Bistan da: bigarrenek dute pentsamendu originalak izateko gaitasun handiagoa. Horrelako pertsonak, normalean gizarteak onartutako irizpideetatik irteten dira eta, askotan, arazoaren planteamendua bera aldatzen dute irtenbidearen bila.
Gure heziketa sistemak adimen konbergentea garatzearen mesedetan jarri ditu bere baliabide gehienak, sormenaren kalterako; besteak beste haur sortzailea sistemara ez delako hain erraz egokitzen, eta gainera, askotan, sistema bera zalantzan jartzeko gai delako.
Zure joera mentala neurtu nahi baduzu, erantzun bi galdera hauei eta atera zeure ondorioak: adreilu batek zenbat erabilera izan ditzake? Ze ondorio ekar ditzake ibilgailu pribatuak erabiltzea debekatzeak?
Azken galdera bat proposatu nahi dizut, oraindik datorren hauteskunde kanpaina ofizialki abian ez dagoela aprobetxatuz: gure gizarteko arazo larrien konponbidea zeinen eskutan utziko zenuke zuk? Apaiz edo moja batenean? Zientzialari batenean? Filosofo batenean? politikari batenean? Etxekoandre batenean? Ekonomialari batenean? Irakasle batenean? diplomatiko batenean?… edo artista batenean?
Gureak konponbiderik ez duela pentsatzen hasita daudenentzat, beste esaldi gogoangarri bat badut, kontsolatzeko sikiera. Friedrich Nietzsche filosofoak zioen: «Unibertsoaren bazter urrunen batean, astro bat egon zen behin, non animalia azkarrek ezagutza asmatu zuten. Historia unibertsalaren unerik bikainena eta gezurtiena izan zen, baina ezer gutxi iraun zuen. Naturak arnasaldi gutxi batzuk egin eta astroa sorgortu egin zen. Animalia azkarrak hil egin ziren».