Opor oste hauetan ere, mundua pitzaduraz josita dagoela ohartu naiz. Eta iruditzen zait pitzadura horietatik ihes egiten digula zentzu onak, buruargitasunak eta ulermenak; ihes egiten digutela, azken batean, pentsarazten laguntzen diguten neuronek.
Ronaldo da Espainian gehien entzuten den izenetako bat. Cristiano Ronaldo, bai, agian ezaguna egingo zaizue: Portugalen jaio, eta Real Madrilen jokatzen duen aurrelaria. Etxeko apalean, distiratsu, hainbat Urrezko Bota ditu erakusgai, eta UEFAK 2011n sortu zuen Europako Jokalari Onenaren saria irabazi berri du aurten bigarrengoz. CR7 esanda ulertuko duzue, beharbada. Futbolean aritzeaz gainera, iragarkiak ere egiten ditu Ronaldok, eta iragarri duenez, 41 urterekin hartu nahi du erretiroa Real Madrilen bertan. Kontu korrontean izango dituen zeroak zenbatzeko gai ez da izango, baina jauntxo baten pare bizitzen hasteko (edo horretan jarraitzeko) arazorik, behintzat, batere ez.
Izan ere, zenbat diru mugitzen du futbolak? Nola da posible jokalari batek billeterik handienetan jarrita ere sakelan nekez kabituko zaion dirutza irabaztea hilabetean? «Futbolari batek, aurrera egingo badu, benetan ona izan behar du», esango dizu aditu orojakileak. Baina… ez al dugu guztiok onak izan behar geure egitekoan? Sendagileak zuzen egin behar du bere lana, baita irakasleak, abokatuak, kimikariak edo kale garbitzaileak ere… Eta inortxok ere ez du horrelako soldatarik jasotzen, ezta urrutitik ere! Lanbide arteko gutxieneko soldata 655,20 eurokoa dugu. Europan, Greziak, Portugalek, Poloniak, Errumaniak eta Bulgariak baino ez dute hortik beherakoa. Cristiano Ronaldoren fitxaketak, berriz, 94 milioi euroko kostua izan zuen 2009. urtean.
Hori guztia nola ote den posible galdetzen diot neure buruari, eta orduantxe datorkit erantzuna: «A, bai! Pitzadurak!».
Euskal Herrian gehien entzuten den izenetako bat, berriz, Arnaldo da. Arnaldo Otegi. Ezaguna egingo zaizue, agian, ezker abertzaleko politikaria delako: Herri Batasuna, Euskal Herritarrok, Batasuna eta Sortu alderdietako kidea izandakoa eta dena. Ezker abertzalea berrantolatzen ahalegintzeagatik (Bateragune auzia) 6 urte eta erdiko espetxe zigorra bete du oraintsu. EH Bilduren lehendakarigaia da irailaren 25eko hauteskundeetarako, baina Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak dio ezin duela hautagai izan, sufragio pasiborako eskubidea egikaritzeko gaitasungabetze zigorra duelako 2021. urtera arte. Testu hau argitaratzen denerako jakingo dugu zer gertatu den, baina lerrook idaztean, kolokan dago kontua.
Dena den, azkenean zer gertatuko den baino garrantzitsuagoa da politikari honek bere egitekoa gauzatzeko duen askatasuna ezbaian jarri izana, noiz eta lapurren albokoak diren presidenteak, kirolari ilunak eta enpresaburu ustelak nagusi diren garaiotan. Arnaldok 58 urte ditu, baina ez dirudi erretiroa hartzeko asmorik duenik. Agian, bere ongizatea baino gehiago, herri baten etorkizuna duelako buruan.
Eta berriro galdetzen diot neure buruari nola ote den posible. Eta berriz ere erantzun berbera datorkit: «A, bai! Pitzadurak!».